donostia - “Idatzi nahi dugunaz idazten al dugu? Zeri buruz idatzi behar dugu idatzi nahi genukeenaz idatzi ahal izateko? Zein dira ordaindu beharreko peajeak? Zeri buruz idatz dezakegu eta zeri buruz ez? Nola eragiten diete gure gorputzek gure testuei? Nola idazten da gorputz hauetatik? Nola irakurtzen da gorputz hauetatik sortutakoa? Zein dira gure lastak eta nola egin askatzeko?”. Galdera hauek guztiak dira Eider Rodriguez autore errenteriarraren Idazleen gorputzak. Egiletasuna ezbaian literaturaren joko zelaian saiakeraren abiapuntua. Lisipe zigiluko seigarren ale honek, Jule Goikoetxea editoreak atzo adierazi bezala, modu batean, orain dela gutxi argitaratutako Uxue Alberdi elgoibartarraren Kontrako eztarritik. Emakume bertsolarien testigantzak lanean azaleratutakoak zabaltzen ditu.

Hein batean, autoreek bi saiakera hauen bitartez plaza publikoan emakume artistek zein leku duten aztertzen dutelako. “Denbora gutxian biak atera izanak irakurleei material piloa ematen digu, konkretuki, belaunaldien artean dagoen diferentzia ikusteko”, esan zuen Goikoetxeak.

Bere aldetik, “kaosetik abiatutako lana” izan dela aitortu zuen Rodriguezek, “kezka izan zen hazia”. Hiru zatitan egituratua dago Idazleen gorputzak, eta emakumeek euskal literaturan duten tokia aztertzen badu ere, gaiarekiko “hurbilpena” bakarrik da. “Nik ere ikusi dut nire burua hor, ezeroso gai jakin batzuen inguruan, bai jendaurrean eta bai testuarekin borrokan ibili naizenean ere. Zergatik? Hori zen kezka”, aitortu zuen idazleak.

Emakume idazleak behar bezain aske ez direla adierazi zuen Eider Rodriguezek, zenbait mekanismok “baldintzatu” egiten dituztelako. “Mugatze mekanismo horiek” emakumeari zertan eragin dioten azaltzen saiatu da errenteriarra. Historian zehar emakume idazleak “baztertuak eta zapalduak” egon dira; askok senarren izen-abizenekin sinatu dituzte lanak eta editorearekin “bere gorputza ikus ez zezaten” erlazio epistolar baten bitartez argitaratu dutenak ere izan dira.

Garai horietatik hona “gauzek onera egin dute modu nabarmenean”, halere, saiakeraren lehen zatian bildutako datuek errealitate optimotik urrun gaudela baieztatu dute. Horregatik, aztertu du urteen poderioz jarauntsitako bazterketa horrek nola eragin dien gaur egungo emakumeei testuak plazaratzeko garaian.

Errenteriarrak testuinguru teoriko eta filosofikoa eman nahi izan dio emakumetasunaren eta literaturaren arteko erlazioari. Datu argigarriekin kokatu du gaia: 1975 eta 2005 bitartean euskarazko prentsan 2.280 kritika literario idatzi ziren; horietatik 210 bakarrik dira emakumeek idatziak. Are gehiago, artikulu guzti horien artean, %10ak bakarrik iruzkindu zuen emakumeren batek idatzitako libururik.

Sariei dagokionean, azken bi hamarkadetan, hiru emakumek jaso dute Euskadi Literatur Saria: 2000. urtean Lourdes Oñederrak jaso zuen Eta emakumeari sugeak esan zion eleberriarengatik; 2002an Itxaro Bordak, %100 Basquerengatik; eta 2018an Rodriguezek berak Bihotz handiegia lanarengatik.

Guztira, hainbat iturritatik ateratako datuek aditzera ematen dute euskal idazleen artean, emakumeek %6 eta %14 bitarteko espazioa okupatzen dutela. Gainera, testuliburuetan edo hezkuntzan irakasten direnen artean, “apenas dago emakumerik”.

bost testigantza Bost dira Idazleen gorputzak saiakeraren bigarren atalaren protagonistak. Azterketa kuantitatiboaz gainera, kualitatiboa egin nahi izan du Rodriguezek eta, horretarako, autore “gehiagoren laguntzaren” beharrean ikusi zuen bere burua. Arantxa Urretabizkaia (1947), Laura Mintegi (1955), Miren Agur Meabe (1962), Karmele Jaio (1970) eta Uxue Alberdi (1984) izan dira “androzentrinkoa den joko zelaian” bere ibilbidea egin eta idazlearen galderei erantzun diotenak. “Joko zelai horretan, emakumearen gorputza ez da gorputz neutral bat, ez da gorputz unibertsala. Jakin nahi nuen nola eragiten zion horrek egileari, testuari eta irakurleari”, azaldu zuen.

Elkarrizketatuak aukeratzeko garaian hiru ezaugarri bilatu ditu Rodriguezek, nahiz eta jakin badakien aukeratutako laginak ez duela euskal emakume idazlearen unibertso osoa osatzen. “Elkarrizketatuak aukeratzeko orduan honakoak izan nituen kontuan: garai ezberdinetan sortuak izateaz gain, haien lehenengo liburua garai ezberdinetan plazaratu izana; denboran banaturiko hiru liburutik gora argitaratu izana; eta ama izatea”, azaldu zuen.

Eta ama izatea zergatik zen beharrezko ezaugarri bat? Bada, gaur egun, amatasuna delako gorputza kontrolatzeko dagoen “gudu zelai inportanteenetako bat”. Rodriguezen esanetan, “haurdunaldiak eta ondoren datorrenak” idazleen gorputzetan, bizimoduetan eta, ondorioz, testuetan ere sekulako “inpaktua” dauka.

ondorioak Rodriguezek espero zituen gauza asko esan ditu elkarrizketatutako boskoteak, eta ezusteko zenbaitzuk ere. Elkarrizketetan errepikatu diren kontuak agertu dira, sistemak modu zehatz batean eragin baitie guztiei emakumezko eta idazle izateagatik.

Zortzi multzotan sailkatu ditu emakume idazleei eragiten dieten mekanismoak. Alde batetik, apaltasuna guztiek barneratu duten ezaugarria da; bestetik, literaturara gizonen “besoari helduta” iritsi direla senti-tzen dute. Alberdik Kontrako eztarritik saiakeran bertsolaritzaren inguruan azaldu bezala, literaturan ere aita pontekotzak pisua badu.

Misioari dagokionez, oso argi zuten guztiek haien jardunari eusteko egoskorkeria izan dutela. Bost autoreek maiuskulazko feminismoarekin ere harremana izan dute, bakoitzak bere modura, baina guztiei eragin die.

Modu berean, Urretabizkaiak, Mintegik, Meabek, Jaiok eta Alberdik idazterako garaian gorputzarekin duten erlazioa ere jaso du Rodriguezek: belaunaldiz belaunaldi apaltzen joan da baina askok ez zuten nahi gorputza ikusterik. Horri lotuta, neutraltasuna ere eragiten dien beste faktore bat da; hau da, ezin dute jendearen aurrean femenino edo femeninoegi aurkeztu, esaten edo idazten dutenari kasu egingo ez diotenaren beldur.

Amatasunari dagokionez, bosten kasuan inpaktu handia suposatu du, haien gorputzetan, haien idazteko maneran eta testuetan ere. Idazle bezala lantzen diren gaien inguruan gizonen eta emakumeen arteko ezberdintasunak ere jaso dira: “Askok beraiei buruz duten aurreiritzia oso presente duten bost idazle hauen iritziz, lehen mailako gaiak daude eta bigarren mailakoak, prestigiodunak eta banalak: lehenengoak historikoki gizonen eremuetara lotuta egon diren gaiak dira, bigarrenak emakumezkoenetara”.