iruñea - Iristear da ikuskizun handiaren eguna. Nafarroako ikastetxe eta ikastoletako ikasle taldeak oholtzaratzea eta euskal musikari bultzada ematea helburu duen Haur eta Gaztetxoen Kantari Jaialdi Nagusia ospatuko da larunbatean Barañaingo Auditorioan, arratsaldeko 18.00etan.

Jaialdiaren azken emanaldi honetan, jaialdiaren aurreko emanaldietan parte hartu duten herri eta ikastetxe guztietako 150 haur eta gazte izanen dira oholtzaratuko direnak, beraien ahotsekin publikoa gozarazteko.

Denetara, 16 abesti eskainiko dituzte ikasleek publiko zabalaren aurrean. Tafallako Garcés de los Fayos Ikastolako musika irakaslea den Amaia Dominguez ekitaldiaren antolatzaile nagusiak, Nafarroako Gobernuaren laguntza izan du azken emanaldi honen prestaketa lanetan.

Hala, Lodosako Ibaialde Ikastola, Orkoiengo taldea, Lesakako Tantirumairu Ikastola, Lakuntzako Eskola, Noaingo eskola, Zarrakazteluko eskola, Sanduzelai Ikastola, Iruñeko Rompecuerdas Musika Eskola, Auzalar Eskola, Tafallako Garcés de los Fayos Ikastola, Tuterako Argia Ikastola, Lekunberriko Aralar Musika Eskola, Elizondoko Baztan Ikastola, Lekarozko BHI Institutua, Leitzako Aralar Udal Musika Eskola eta Jaso Ikastola zentroetako taldeek parte hartuko dute, bikoteka, banaka edo taldekako formatuan.

Dominguezek azpimarratu izan duen bezala, ekitaldiaren helburu nagusia Nafarroako haur eta gazteen euskararekiko eta kantuarekiko zaletasuna piztea da, aldi berean elkarlana sustatu eta ikastetxeen harteko harremanak sakonduz. - M.M.P.

Haur eta Gaztetxoen kantari jaialdi nagusia. Barañaingo Auditorioan, 18.00etan. Antolatzailea: Amaia Domingez. Laguntzailea: Nafarroako Gobernua.

Sarrerak. Barañaingo Auditorioaren webgunean erosi daitezke (3 euro).