BILBO. Meridian Basauri eta Arrigorriagako hirukotea, Doña Iruñeko laukotea eta Sara Zozaya donostiarra dira Rockein musika lehiaketaren finalistak. Aurten antolatzen da bere zazpigarren edizioa eta maiatzaren 11n finala izango da Basauriko Social antzokian.

Basauriko Udalak antolatzen du Rockein lehiaketa, Arrigorriaga, Galdakao eta Laudioko udalen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta Nafarroako bakarlari eta taldeei zuzenduta dago.

Herio (metal, Laudioko kide batekin), Keniama (rap, reggae, hip-hop, ska, hardcore, Arrigorriaga eta Bilboko kideekin) eta Samoah (funk ukituak dituen pop-a, Basauri eta Bilboko kideekin) dira finalean joko duten beste hiru taldeak, tokiko artistarik onenari saria irabazteko (Basauri, Arrigorriaga, Galdakao edo Laudion erroldatutako kide bat gutxienez daukaten proiektuak saritzen dituen kategoria).

Dena den, kategoria nagusiko finalista den Meridian taldea ere, Basauri eta Arrigorriagakoa izanda, eta lehen saria eskuratuko ez balu, tokiko artistarik onenari saria irabazteko hautagai izateko kontuan hartuko luke epaimahaiak, lehiaketaren oinarriek markatzen dutena jarraituz.

Finalaren eguneko sei kontzertuak bukatzerakoan, epaimahaiak irabazleen izenak jakinaraziko ditu, artistarik onena euskaraz eta publikoaren saria barne (publikoaren saria erabakitzeko bozketa prozesua apirilaren 22ra arte dago irekita Rockein-en Facebook profilean sortutako plataformaren bitartez).

Rockein lehiaketaren zazpigarren edizioak laugarren urtez jarraian gainditu du parte hartze errekorra, 146 artistek izena eman ostean, eta epaimahaiak "parte hartzaile guztien eta, bereziki, finalean arituko direnen abestien maila ona" nabarmendu du.