stuttgart - “Obabakoak Stuttgarten eskaintzea historikoa da, oso garrantzitsua”. Hala azaldu zuen emanaldia baino lehen Calixto Bieito, Bernardo Atxagaren eleberrian oinarritutako antzezlanaren zuzendariak. Stuttgarteko Antzoki nazionalean taularatuta, euskaraz eskaini zen Arriagaren ekoizpen propioa, antzokian jende mordoa bilduz.

Euskal literaturan liburu garran-tzitsuenetakoa izandako eleberrian oinarritutako obra, eta Bilboko Udalak eta BBK-k babestutakoa; emanaldi bakarra aurkeztu zuen larunbatean Alemaniako hirian; Bernardo Atxagaren aburuz, hiru arrazoiengatik gauzatutakoa: Euskal Herrian lortu den maila ekonomikoari esker; euskal gizartearen aldetik euskal kulturak izandako babesagatik; eta Arriaga Antzokiaren lana aitortu nahi izan zuen ere, euskal ekoizpenak egiteko apustua azpimarratuz. Beraz, azkenik, Calixto Bieito, Antzokiaren zuzendari artistikoaren babesa ere aitortuz, proiektuaren gauza-tzearen hiru ardatzak definitu zituen Atxagak; modu horretan, Obabakoak mugetatik kanpo eramatea lortuz.

Bieitok aitortu zuenez, “Obabakoak XX. mendeko obra garrantzitsuenetakoa da; euskaraz egindakoa baina baita Estatuan sortutako garrantzi-tsuenetakoa ere”. Izan ere, elementu oso aberatsak daude Asteasuarraren nobelan. Orain, hiru hamarkada igarota, Obabakoak beste hizkuntzetara itzultzen jarraitzen dela onartu zuen Atxagak. Lehenengo itzulpena? Alemanera izan zen, hiru hamarkada geroago, herrialde berean, euskaraz taularatu delarik.

Nahiz eta proiektua gauzatzeko Bieito eta Atxagaren esku hartzeak ezinbestekoak izan diren, bata idazlea eta beste antzezpenaren zuzendariak; lan erabat indibiduala izan da biek aurrera eramandakoa. “Zaindu behar den gauza bakarra ideologikoa da”. Hala defendatzen du Atxagak; batzuetan “nahikoa baita pertsona ezagutzea”. Kasu honetan “Calixtok interpretazio espresionista egin du, giro ilunak? eleberriaren berrirakurketa da”. Hala ere, bere irakurketa izan arren, “ideologikoki Calixtorekin oso seguru” dago Atxaga. Horregatik, prozesuan ez da sartu: “Proiektuan bete betean sartuta ez bazaude, hobe ez molestatzea”. Horregatik, Bieitok bere moldaketa pertsonala egiteko askatasun osoa izan du.

Nondik norakoak Antzezpenaren aurretik hitzaldia eskaini zuten Bernardo Atxaga eta Calixto Bieitok, eleberriaren nondik norakoak azaldu zituztelarik. Hala, asteasuarrak azaldu zuenez, “amarekin Napolesera egindako bidaian sortu zen eleberria idaztearen ideia”, hango mosaiko batean, umeak kurkuluxetara jolasten ikusi zituenean. Garai hartako jolasak, bere herrian 2.000 urte geroago bizirik jarraitzen zutela ikustean, hain zuzen ere. “Garai hartako Pompeiaren eta gaur egungo gure herriaren artean denbora lerro jarraia badago, herri guztiak antzinakoak direla esan nahi du, Marx, Edo Freudik gabekoak”. Zein izan zen lehenengo ipuina? Stuttgarteko An-tzokira gerturatu ziren entzuleei azaldu zuenez, duela mende bateko emakume batek hilzorian eskatutakoak inspiratu zuen Atxaga: “Hiltzean, barruan zuen sugea kentzea eskatu zuen”. Fantasia? Ez, Atxagaren hitzetan biriketako arazo baten ondorioz sortutako soinuari izena emateko ezintasuna. “Hori da emakumeak errealitateari izena emateko duen bide bakarra”, modu horretan, emakumearen hitzek eberriaren lehenengo lerroak bete zituztelarik.

Aurrera begira “Idazleak beti daude aurrera begira, ez atzera. Horrek esan nahi du momentuan egiten ditudan gauzek sentiarazten didatela poza”. Egunotako kasuan, bere lehengo obra bat “han edo hemen berriro ere egoteak; kemena eta poza sentiarazten dit”. Horren harira, idazle lanak ordu askotako profesioa izanez, “alkohol metafisikoa” noizbehinka behar dela defendatzen du Atxagak. Bestalde, bi eleberri zinema aretoetara eramanda, Montxo Armendarizen Obabakoak filma, eta berriagoa den Fernando Bernuesen Soinujolearen semea izan dira Obabakoak antzezlana sortu aurretik moldatu diren Atxagaren lanak; eleberriek literaturatik kanpoko bidea hartu dutelarik.