iruñea - Zuzeneko musikaren bitartez, euskararekiko eta euskal kulturarekiko atxikimendua eta ezagu-tza sustatzea. Horixe izango da Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak abiarazitako Musikariak Ikastetxeetan programaren bigarren edizioaren helburua, atzo Maria Solana Hezkuntza kontseilariak azaldu zuen bezala. Ekimen honen baitan, A eta D ereduko 14 eta 18 urte bitarteko ikasleek zuzeneko harremana edukiko dute musikariekin, non eta ikasgelan bertan.

Musikari horietako batzuk ere parte hartu zuten atzo Hezkuntza Departamentuaren egoitzan bertan egin zen programaren bigarren edizio honen aurkezpenean. Solanak, programaren lehenengo edizioaren arrakasta nabarmendu zuen, eta aurrera begira ere mantenduko diren helburuak zehaztu zituen: ikasleei euskal musikaren tradizioaren ibilbidea ulertzeko tresnak eman, eta, horrela, hizkuntzarekiko identifikazioa sustatzea, bidenabar, zuzeneko musikaz gozatzeko aukera emanez.

2018-2019 ikasturtean 88 saio eskaini dira 43 ikastetxeetan, proposamenaren arrakasta erakusten duena. Bestalde, Solanak garrantzi berezia eman nahi izan zion emakume musikariek izan duten parte-hartzeari, eta ikasleek emakumezko erreferenteak edukitzearen beharra azpimarratu zuen.

Ekimenaren aurkezpenean parte hartu zuen Zuriñe Hidalgo musikariak ere bat egin zuen baieztapen honekin: “Emakume musikari bezala, uste dut inportantea dela erreferenteak ikustea, izan ere, tamalez musikaren munduan oraindik emakumeak falta dira. Oraindik beldur eta konplexu asko kendu behar ditugu gainetik eta pausu hori ematera ausartu. Neska gazte askok eskertuko dute gertutasun hori sentitzea”. Musikarientzat, programa honetan parte hartzea “oso esperientzia ederra, aberasgarria eta beharrezkoa” izan dela ere azpimarratu zuen.

Ikasturte berrira begira 2019-2020 ikasturtean, 41 musikari gerturatuko dira Nafarroako institutuetara, horien artean: Alex Sardui, Eñaut Elorrieta, Gorka Urbizu, Ines Osinaga, Izaro Andres, Joseba Tapia, La Basu, Mursego, Maite Larburu, Gari edo Mikel Urdangarin. Gainera, Musikariak Ikastetxean gutxienez 2023 urtera arte manten-tzea aurreikusten dela ere adierazi zuen kontseilariak. Bestalde, bigarren edizio honetan alderdi didaktikoa idanrtu eta baliabide digital berriak eskainiko direla ere aurreratu zuen.

Hala, A eta D ereduak dituzten ikastetxeek dagoeneko egin ditzakete datorren ikasturterako ikasleek. Hezkuntza Departamentuko Euskara Atala arduratuko da programaren antolaketaz, izan ere datorren ikasturterako 191 saio aurreikusi dira, Nafarroako A eta D ereduko ikastetxe guztientzako. 90 minutu inguruko saio bakoitzean, abeslariak bere ibilbidearen inguruko sarrera bat egin du, eta ondoren musikaren jatorria eta bilakaera azaltzen ditu. Gainera, beraien letrak sortzeko, idazle zein olerkariekin egiten duen lana azalduko dute eta beraien lana euskal musikaren ohituran kokatuko dute. Azalpenekin batera zuzeneko emanaldiak eskainiko dituzte, eta ondoren ikasleei galderak egiteko parada eskainiko zaie.

Musikariak. Mikel Inun, Rafa Rueda, Pelax, Zuriñe Hidalgo, Amorante, Xabi San Sebastián eta Jon Gurrutxaga musikariek aurkezpenean parte hartu zuten. Hauekin batera, Alex Sardui, Eñaut Elorrieta, Gorka Urbizu, Ines Osinaga, Izaro Andres, Joseba Tapia, La Basu, Mursego, Maite Larburu, Gari eta Mikel Urdangarin musikariek osatuko dute egitasmoaren bigarren edizioa, besteak beste.