Donostia- Hauek dira zuzendariak: Kulturan María José Telleria Etxeberria, Nazioarteko Lankidetzan Mikel Díez Sarasola, Kiroletan Goizane Alvarez Irijoa eta Gazterian Isaac Palencia Caballero

María José Telleria, eibartarra, Informazio Zientzietan lizentziaduna; bi graduondoko ditu, batetik, Toki Administrazioen Kudeaketari buruzkoa (EHU), eta bestetik, Tokiko Garapenari eta Enpleguari buruzkoa, (UNED). Kazetari lanetan aritu da Eginen, Egunkarian eta Eta Kitto aldizkarian. 1999tik 2015era zinegotzi izan zen Eibarko Udalean, eta azken legealdi honetan Kultura zuzendaria izan da Denis Itxaso buru izan den Kultura Departamentuan.

Mikel Díez Sarasola, Nazioarteko Lankidetzako zuzendari berria, donostiarra da, Nazioarteko Zuzenbideko eta Nazioarteko Harremanetako doktorea; ingelesa, frantsesa eta italiera dakizki, euskara eta gaztelaniaz gain, eta Berkeleyko Unibertsitatean egon zen Fulbright bekaren bidez. Zuzendaritzak izena aldatu du, Garapenerako Lankidetzako Zuzendaritza izateari utzi eta Nazioarteko Lankidetzako Zuzendaritza izatera pasako da; izan ere, zuzendari berriak azaldu duenez, alde batera utzi behar ditugu paternalismo faltsuak, eta konturatu behar gara berdinen arteko nazioarteko elkarrizketa behar dugula, guk ere asko baitugu ikasteko gaizki deitutako azpigaratutako herrialdeengandik.

Fernando San Martin, joan den legealdian Lankidetzako zuzendari izan dena, Kultura Departamentuko aholkularia izango da aurrerantzean; San Martinek ibilbide profesional luzea du historiako irakasle, Irungo zinegotzi eta Lankidetzako zuzendari karguetan.

Goizane Alvarez, donostiarra, Zuzenbidean lizentziaduna da eta Enpresa Abogatutzako masterra du. Aseguruen arloan lan egin du, eta 2007tik 2019ra bitartean Irungo Udaleko zinegotzia izan da; besteak beste, lankidetza, ogasuna, sustapen ekonomikoa, giza baliabideak eta udaltzaingoa izan ditu ardura. Legealdi honetan Errenteriako zinegotzi izango da. Bukatu berri den legealdian Gazteria eta Kiroleko zuzendaria izan da.

Isaac Palencia, 32 urte, errenteriarra; zinegotzia da Errenteriako Udalean 2012az geroztik, eta joan den legealdian Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuaren aholkularia izan zen. 2012tik 2017ra autonoma izan da. Futboleko arbitroa ere izan da 2008tik 2018ra, eta hainbat gizarte erakunderekin aritzen da lankidetzan, bereziki, Gurutze Gorriarekin.