BILBO - Bilboko Udalak C. Tanganaren kontzertua bertan behera utzi du bere letra “matxistengatik” eta bere ordez, Pedro Capo abeslari puertoricarrak emango du kon-tzertua abuztuaren 24an.

Programatuta zegoen C. Tanganaren kontzertuak eztabaida zabaldu zuen ostegunean sare sozialetan, azken hau bertan behera uzteko eskaera zabalduz. Orotara, 15.000 sinadura bildu ziren bere emanaldiaren kontra, eta horietara EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen eskaerak gehitu ziren. Atzo, printzipioz gerta zitekeenaren mehatxua baino ez zena errealitate bilakatu zen, ostera are eztabaida indartsuagoa helduz sare sozialetara, askok txalotu duten erabakia beste askok zalantzan jarri dutelako. Esaterako, Fermin Muguruza abeslariak “Adierazpen askatasunarengatik, Bilboko jaietan C. Tanganak jo dezan musikarien elkartasunari deia” eta José Guirao kultura ministroak kontzertua bertan behera utzi izanaren harira galdetuta hurrengoa erantzun zuen: “Zalantzak ditut, adierazpen askatasunean sinisten badut ere, genero gaiekin harremanduta egotean, ulertzen dut itzulinguruak egotea”.

“Ez daukat nire abestiak azaltzeko gogorik. Ez naiz moralista. Nire poesiaren parte dela erakutsi dut. Eta nire kaka erakusten dut. Ulertu nahi duenak, uler dezala. Edo epaitu nazatela. Hemen nago”. El Paisek iragan ekainean dedikatu zion kronika sakon batean horrela defendatzen zuen C. Tanganak bere burua akusazioengandik. Bien bitartean, errepidearen beste aldean, Rozalenen kontzertua Oviedon edo Madrilen Def con Dos taldearena bertako jaietako programetatik erori dira jada.