Iban Zaldua idazlea

“Idazle guztiak gara antzekoak; are gehiago hizkuntza minorizatu batean idazten baldin badugu”

Bost hilabetez gutun bidezko harremana izan ondoren, Iban Zaldua eta James Robertson idazleak aurrez aurre izan ziren atzo Edinburgoko Nazioarteko Liburu Jaialdian

09.02.2020 | 23:45
Iban Zaldua.

donostia - 2016ko Donostiako Kultur Hiriburutzaren ingurumarian, Txekhov vs. Shakespeare ekimena jarri zen martxan. Bertan 16 idazlek, bikoteka sailkaturik, erlazio epistolar bat izan zuten. Gutun horiekin guztiekin Hiriburutzaren bulegoak liburua argitaratu zuen. Orain, Etxepare Institutuak, Scotland goes basque ekimenaren baitan proiektu hura berreskuratu du. Zalduak euskaraz eta Robertsonek eskozieraz elkarri gutunak bidali dizkiote azken hilabeteetan lau gaien inguruan hitz egiteko: Europa, literatura, identitatea eta hizkuntzak. Erlazio horren emaria aurkeztu zen atzo Edinburgoko jaialdian.

Badirudi proiektu honekin 2016ko ondare hark bizirik dirauela.

-Hori ematen du. Formatu aberatsa da ideiak elkar trukatzeko eta literatura eta eremu ezberdinen arteko ezagutza hobetzeko. Alde horretatik, ondo dago Etxeparek Donostiako Udalarekin batera bere gain hartu izana eta jarraipena ematea. Espero gehiago ere egotea.

Txekhov a la Shakespeare?

-Txekhovekin, dudarik gabe. Nolabait esateko, gatazken aurrean duen jarrera ez da Shakespearen kasuan bezala odoluste hain ikusgarria, baina uste dut Txekhovena elkarbizitzarako formula hobea dela. Shakespeare -bereziki komedia egiten duenean- gustatzen bazait ere, ni ipuingilea naiz, eta Txekhov ipuingintzaren maisu gorenetako bat da. Txekhoven alde beti.

2016an egitasmoan parte hartzeko aukera izan zenuen.

-Bai, baina momentu horretan arrazoi pertsonalengatik ezin izan nuen parte hartu. Oraingoa, zor hura kita-tzeko modu bat izan da.

Proiektutik zerk erakarri zaitu?

-Eskoziarekiko halako lotura bat sentitzen dut, bereziki musikaren ikuspegitik: eskoziar pop garaikidea, 70 eta 80. hamarkadetakoa gustuko dut. Baita, ondorengoa ere, Belle and Sebastian esaterako. Bestalde, Eskoziari buruz hitz egiten dugunean, bere hizkuntza aniztasunari buruz, eskoziar gaelikoa da azpimarratzen den hizkuntza. Dudarik gabe, aldarrikatu eta bultzatu egin behar da, baina erakarri nauena izan da aukera izatea beste bigarren hizkun-tza minorizatu bateko idazle batekin elkarrizketan jardutea, kasu honetan eskoziera, hizkuntza germanikoa eta ez zeltikoa, gaelikoa den bezala. Erakargarria iruditu zitzaidan gutxiago ezagutzen dugun hizkuntza delako, nahiz eta hiztun kopuruan eskozierak eskoziar gaelikoak baino gehiago dituen.

Aurretik James Robertsonen lanik ezagutzen zenuen?

-Ez. Berak nire lanik ere ez zuen ezagutzen (barreak). Eskozian oso idazle ezaguna da, salmenta handiak izan ditu. Halere, ez dago, nolabait esateko, nazioarteko idazle britaniarren zirkuituan. Nobelagintzaren bidez egin da ezagun, baina ipuingintza ere landu du, niri bereziki interesatzen zaidan zerbait. Mikroipuingintza ere idatzi du, poesia bezala. Edinburgoko Nazioarteko Liburu jaialdian bere kabuz musika eta literatura uztar-tzen dituen saio bat eskainiko du? Askotarikoa da bere jardunean. Profila ikusi nuenean oso interesgarria iruditu zitzaidan. Gainera, badu asko gustatzen zaidan umore puntu bat, gerora irakurri dizkiodan lanetan eta gutun bidezko elkarrizketetan ere azaleratu dena. Horrek gure arteko konexioa erraztu du.

Ezagutu zareten heinean, idazle bezala, bien arteko beste paralelismorik ikusi duzu?

-Genero eta umorearen kontua kenduta, poesiaren alorrean, esaterako, ez gatoz horren bat, genero hori ez dudalako praktikatzen eta ez naizelako oso poesia irakurle ona. Gainerakoan, zeharo ezberdinak izanik, uste dut badirela antzekotasun ba-tzuk. Azken batean, idazle guztiak gara antzekoak. Are gehiago, hizkun-tza minorizatu batean idazten baldin baduzu, zirkunstantzia antzekoei egin behar diegu aurre. Jamesek esaten zidan ingelesez itzulita dagoen Ese idioma raro y poderoso nire saiakera irakurri duela; bertan euskal idazle batek aurre egin beharreko erronkei buruz hitz egiten dut. Hori irakurrita esaten zidan, gauza oso espezifikoak kenduta, hau da, euskal gatazkari buruzko dilemak alde batera utzita, beste kontuetan eskozierazko idazle batek hartu behar dituen erabakiak antzekoak direla.

Eskutitzetan lau gai aztertu behar zenituzten: Europa, literatura, identitatea eta hizkuntzak. Beraien artean erlazio handiko kontuak dira. Nola landu dituzue?

-Nahastu egin ditugu. Aurreko eskutitzak hurrengoa baldintzatzen du, azken honek aurrekoari erantzun egiten diolako. Hari batzuei eutsi egiten diezu eta, agian, beste batzuk alboan geratzen dira. Halere, gai guztiak, gehiago ala gutxiago, agertzen dira eskutitz guztietan. Hasierakoetan hizkuntza minorizatuei buruz hitz egin genuen, euskara eta eskozieraren arteko antzekotasun eta desberdintasunez. Azken hauek ere handiak dira eta horiei buruz ere eztabaidatu genuen. Literaturak lehenengo eskutitzetan nahiko garrantzia zuen; gero, identitatea, nazionalismoa, politika, Europa? kontuak bukaerakoetan hasi ziren gehiago agertzen.

Gutunak izanik, zer forma hartu dute?

-Genero bezala kuriosoa da. Badu saiakeratik zerbait: gai horien inguruko zure ideiak garatzen dituzu bestearen aurrean. Bestalde, eskutitzak diren heinean badute puntu autobiografiko handiago bat. Zerbait pertsonala kontatzen duzu, ez agian oroi-tzapen liburu batean kontatuko zenukeena edo lagun bati zuzenduko bazenio bezala.

Nola uztartzen da kutsu pertsonala izan dezaketen gutun batzuk, publiko orokorrera zuzendutako liburu batekin.

-Ondo genekien argitaratuko zituztela. 2016an egin zen proiektuan, euskal idazleek erabakitzen zuten zer beste idazleekin elkartrukatu gutunak. Kasu honetan, bakoitzari bestea egokitu zaigu. Ez ginen elkar ezagu-tzen. Ordea, beste kasuetan, adibidez Eider Rodriguezek ezagutzen zuen Belén Gopegui; imajinatzen dut horrek beste intimitate maila bat emango ziola lan horri.

Horrelako proiektu batetik ondoriorik atera daiteke?

-Ez dakit ondoriorik atera daitekeen. Azken finean, esan dudan bezala, desberdintasunak desberdintasun, gure hizkuntzek eta gure eremu kulturalek aurrean dituzten erronkak an-tzekoak dira turbokapitalismo globalizatzailearen aroan eta krisian sartua dagoen Europa honetan. Seguru asko, pentsatzen genuena baino an-tzekoagoak dira bi egoerak, nahiz eta, esan dizudan bezala, bi hizkuntzen erronkak neurri batean ezberdinak ere badiren.

Adibidez?

-Esate baterako, atentzioa eman dit eskozieraren erroka, hizkuntza bezala errekonozitua izatea dela; hizkun-tza germanikoa izanik eta ingelesa bezala antzinako ingelesetik eratorria denez, badago dialekto bat dela esaten duenik. Haiek badute guk ez dugun arazo bat: euskara hizkuntza baita, hori ez da zalantzan jartzen. Egunerokoan jariotasun handiagoz erabiltzen da eskoziera; hemen berriz, euskararen ezagutza zabaldu egin da, baina erabileran atzeraka goaz.

noticias de noticiasdenavarra