BILBO. “Gershwinen azalpen biografikoa” izeneko kontzertu hau Pascual Vilaplana zuzendari titularrak zuzenduko du eta Albert Guinovart pianista eta gaur egungo musikari osoen eta polifazetikoenetako bat izango da lagun.

Georges Gershwin maisuaren obrez osatutako emanaldia bi zatitan banaturik dago. Hasteko “Concerto in F” interpretatuko da pianoaren eta jazz instrumentuen arteko nahasketa, oraingoan, Martin Jorge maisu uruguaitarrak bandarako egin dituen moldaketekin joko dena. Bigarren zatian, bestalde, Georges Gershwinen beste bi obra entzungo dira. Lehenengo eta behin “Cuban Overture” (M. Koekelkorenen moldaketekin) interpretatuko da, 1932an autoreak La Habanara egindako bidai baten ondoren sortutakoa. Lana Kubako kulturan oinarrituta dago eta hasieran Rumba izena zuen. Azkenik, Guinovartek berak bandarako eratu duen “I love rhytm” lanaren bertsioa estreinatuko da. Guinovart maisuak, emanaldi honetako bakarlari gonbidatuak, Gershwin miresten du; horregatik, haren musikaletako abesti zoragarri batzuk aukeratu zituen alor sinfonikoan.

Sarrerek 5 euroko prezio herrikoia izango dute, zenbakidunak izango dira eta Euskalduna Jauregiko txarteldegietan, www.euskalduna.eus web orrialdean eta Kutxabankeko kutxazainetan eskuratzeko aukera izango da. Pentsiodunek, 65 urte baino gehiago dutenek eta Gazte-txartelaren titular direnek (14 urtetik 29ra) deskontuak izango dituzte erosketa egiterako momentuan. Kolektibo hauetako pertsona bakoitzak bi sarrera erosteko aukera izango du, bakoitza 4 euroko prezioan.

Igande honetako kontzertuaren ondoren, urriaren 27an, banda eszenara bueltatuko da “Pucciniren esentziak” izeneko kontzertuarekin, batez ere Puccini artista globalaren obrez osaturikoa, alegia. Bertan, “Corazzata Sicilia”, “Preludio Sinfónico”, “Scossa Elettrica” eta “Turandot” lanak entzun ahal izango dira, baita Miserachs-en “Pucciniana” ere, Jordi Ripollek, Bilboko udal musika bandaren fagot bakarlariak, eginiko moldaketekin.

OHARRAK EGITARAUARI BURUZ

New Yorkeko Brooklyn auzoan, XIX. mendearen amaieran, George Gershwin jaio zen, jazza eta musika klasikoa uztartu zituen itzal luzeko musikaria. Gershwinek dohain handia zeukan inprobisaziorako; bere lengoaia propioa sortu zuen, gaztetan Rhapsody in blue idatzi zuenetik garatu zuena. Pianoaren eta jazz instrumentuen arteko nahasketa hau Concerto in F ederrarekin gehiago definitu zen eta kontzertu honetan Martin Jorge maisu uruguaitarrak bandarako egin dituen moldaketekin joko da. Obra hau Walter J. Damrosch orkestra-zuzendariaren enkargua izan zen. 1925eko abenduaren 3an estreinatu zuen partitura, Carnegie Hall aretoan. Gershwinek pianoa jo zuen, eta banda New Yorkeko Orkestra Sinfonikoa izan zen.

1932ko otsailean, Gershwinek bi aste eman zituen La Habanan, oporretan. Kubako kulturak eta, batez ere, bertako musikak Cuban Overture idaztera bultzatu zuten. Hasiera batean Rumba izena zeukan. Doinuen artean, Ignacio Piñeiroren Échale Salsita edo La Paloma ezagunaren zatiak entzun daitezke. Obra 1932ko abuztuaren 25ean estreinatu zen Lewisonh Stadium estadioan NY Philarmonic-ekin, eta kritikarien artean arrakasta handia izan zuen.

Guinovart maisuak, emanaldi honetako bakarlari gonbidatuak, Gershwin miresten du; horregatik, haren musikaletako abesti zoragarri batzuk aukeratu zituen alor sinfonikoan. Abesti horiek jazz standard moduan jo ohi dira, baina nekez entzuten dira beste estilo batzuetan: "Fascinating rhythm", "Someone to watch over you", "Love is sweeping the country", "Mine", "Love is here to stay" eta "I got rhythm" dira abestiok. Lehenengo bertsioa orkestra sinfonikorako eta pianorako izan zen, orduko orkestazioari jarraiki. Igande honetako jardunean, Bilbon, Guinovartek berak bandarako eratu duen bertsioa estreinatuko da.

ZUZENDARIA: JOSÉ RAFAEL PASCUAL-VILAPLANA

Alcoy eta Valentziako kontserbatorioetan ikasi zuen. Bandako zuzendaritza ikasi zuen Jan Cober eta Eugene Corporon maisuekin. Orkestrako zuzendaritza ikasi zuen Vienan Karl Österreicher eta Hans Graf-ekin. Zuzendari gonbidatua izan da zenbait talde sinfonikotan eta bandetan Alemanian, Argentinan, Belgikan, Kolonbian, Kuban, Eslovenian, Frantzian, Italian, Holandan, Portugalen, Errumanian, Suitzan, Uruguain eta AEBn: Kubako Banda Nazionala, Holandako Gazteen Banda Nazionala, Holandako Errege Marinako Banda, Esloveniako SAF Wind Orchestra, Valléseko O.S., Murtziako O.S., Gaztela eta Leongo O.S., Bilboko O.S., Kanaria Handiko O.F., Bukaresteko O.S., Suitzako Aulos W.B., Alacanteko Udal Banda, Bartzelonako Udal Banda, Madrileko Udal Banda, Palma Mallorcako Udal Banda, Gasteizeko Udal Banda, Tenerifeko Santa Cruzeko Udal Banda, Oviedoko Goi-mailako Kontserbatorioko Banda eta Orkestra, Kanarietako Goi-mailako Kontserbatorioko Banda, Musikeneko Banda? Hainbat bakarlarirekin egin du lan: Sergei Nakariakov, Pacho Flores, Asier Polo, José Franch-Ballester, Elisabete Matos, Estrella Morente, Manuel Blanco, Claudi Arimany eta abar.

Estatuko eta atzerriko bandek (AEB, Kolonbia, Israel, Korea, Italia, Frantzia, Suitza?) bere konposizioak interpretatzen eta grabatzen dituzte eta Espainiako jaialdiek eta bakarlari ospetsuek (Luis González, Spanish Brass L.M.) sarritan egiten dizkiote enkarguak. Hogeita bost CD erregistratu ditu bandako musika-zuzendari modura.

Lehen saria irabazi zuen Kerkradeko WMCko eta Birminghameko EBBAko Zuzendaritzako Nazioarteko Lehiaketetan (Holanda, 1997, eta Ingalaterra, 2000). 2004an Valentziako Komunitateko Elkarte Musikalen Federazioaren EUTERPE saria eskuratu zuen Bandako Zuzendaritza eta Jairako Musika Konposizioa kategorietan. 2010ean Gaztela-Mantxako Musika Jaialdiak ematen duen “Ignacio Morales Nieva” Musikako Sari Nazionala jaso zuen.

2015etik zuzendari titularra da Bilboko Udal Bandan eta 2018tik Bartzelonako Udal Bandako titularretako bat da. Oportoko Banda Sinfoniko Portugaldarraren zuzendari gonbidatu nagusia da 2012tik aurrera. www.pascualvilaplana.com

PIANO JOTZAILEA ETA KONPOSITOREA: ALBERT GUINOVART

Gaur egungo musikari osoen eta polifazetikoenetako bat da. Haren jarduera profesionala hainbat ataletan banatzen da: errepertorio klasikoko pianista, konpositorea eta irakaslea.

Bartzelonan egin zituen ikasketak, eta Londresen jarraitu zuen ikasten, Maria Curciorekin. Europan, Hegoamerikan, Estatu Batuetan, Kanadan, Japonen, Ekialde Hurbilean, Australian eta Zeelanda Berrian jo du, errezitaldietan eta hainbat orkestrarekin, zuzendari askoren aginduetara: Ch. Hogwood, F.P. Decker, V. Petrenko, D. Cohen, L. Foster, E. Colomer, J. Pons, S. Mas, J. Ross, eta abar. Hainbat artistarekin batera aritu da, hala nola Victoria de los Ángeles eta Nacho Duato. Saritutako zenbait musikal dauzka: Mar i Cel, Flor de Nit, Gaudí, el musical de Barcelona, Paradís, La Vampira del Raval eta Scaramouche.

Atzar eta Alba eterna operak, Terra Baixa balleta eta musika sinfoniko ugari idatzi ditu. Nabarmentzekoak dira haren bakarlari eta orkestrarentzako kontzertuak, musika korala (besteak beste, Te Deum, Gloria eta Requiem obra sinfoniko eta koralak), eta ganberakoa. Modu berean, telebistaren eta zinemaren munduan aritu da (The Artist film sarituaren orkestratzailea izan zen).

Orkestrazio eta konposizio irakaslea da ESMUC-en, eta Reial Acadèmia de Belles Arts y de Sant Jordi akademiako kidea da. Hiru Butaca sari eta antzerkiko bi Max sari dauzka, baita Premi Ciutat de Barcelona saria ere. Steinway Artist izendapena dauka.

30 grabaketa baino gehiago dauzka; garrantzitsuenak: Harmonia Mundirenak, I. Albénizen sonatekin, Turinaren dantzekin eta Granadosen Goyescekin; Tango sinfonikoak OBC-rekin, Deccarentzat, edo Rodrigoren integrala EMIrentzat. Pianorako lehenengo bi kontzertuak grabatu zituen, San Petersburgen, SONYrentzat. "Valsos Poètics" izenekoak ere arrakastatsuak izan ziren. Gero, "Nocturne" etorri zen, pianorako obra propioekin, Sony-rentzat ere, oihartzun nabarmenarekin. www.albertguinovart.com.