Une oro zabalik den museo garaikidea eraikitzen segitzen dute Baionan. Bi mila urteko historia izan arren etorkizunari ere begiratzen dio Lapurdiko hiriburuak gaur arte ospatu den Points de vue/Ikuspegiak kale artearen hirugarren jaialdiari esker. 2017an sortu zen hitz orduaren bidez Baiona mundu osoan bilakatu da ezagun Deih artista valentziarrak egin zuen obra bat munduko hoberena izendatu baitute. Ipar Euskal Herriko hiri nagusiak Londres edo Mexiko gainditu ditu askoren harridura eraginez. Denera 80 margo erraldoi landu dituzte, batik bat Baionako eraikin erraldoietan eta egunotan beste hamar bat obra sortzen dituzte mundu osotik etorritako 13 artistak.

Baiona iparrean, Landetatik hurbil, Plein Ciel hamahiru solairu eta berrogei metroko goratasuna duen eraikina dago. Egunotan bazterreko horma huts batek itxura berria hartu du How & Nosm bikoteak egin duten margoarekin. Raoul eta David Perré Ameriketako Estatu Batuetan bizi diren artista donostiarrak dira. Spraya erabiliz kolorea eman diote urteetan ilun egon den fatxadari. “Forma modernoen artean lauburua eta kolore berriak dauzkan ikurriña tartekatu ditugu” diote margolari garaikideek.

“Festibal honekin zubiak eraiki- tzen ditugu publiko desberdinen artean eta denei zabalik eta dohainik den erakustokia sortzen ari gara hiria molde berrian bizitzeko” adierazi dute Cyrille Laiguillon Baionako zinegotzia eta Alban Morlot SpaceJunk plataformako kideak. “Jaialdia ez da aste batean mugatzen duela hiru urte ekimena hasi zenetik turismo bulegoan egunero norbaitek eskatzen baitu obrak zehatz non dauden. Bisita gidatuak proposa-tzen ditugu txirrindulaz eta bestela ere jende asko dabil alde batetik bestera, obra batetik bestera, bide batez hiria molde berrian deskubrituz” diote pozik antolatzaileek.

Koloreak edonon Aurtengo berritasunetan Jean Dauger kirol zelaian Mika Bordeleko artistak lantzen duen obra dago. Rugbiaren eliza nagusian kolorea eta joalduna agertuko da laster. 2017ko lehen edizioan obra erraldoia moldatu zuen MonkeyBird bikotea Baionara itzuli da aurten ere erakusketa eskaintzeko Didam aretoan. Paperar beltz eta erraldoiaren gainean marrazten dute lehenik eta gero, poliki eta segurki, zatiak kentzen dituzte labana zorrotz batekin. “Dena eskuz egiten dugu laupabost egunez, egunero hamabi orduko lana eginez” zehaztu du arte aplikatuak ikasi dituen Louis-k. Edouard-ekin batera, MonkeyBird bikotea osatzen du. Mosku, Kalifornia, Mexiko, Grenoble, Parise edo Lillen ibili dira jada. Bordeleko artistak pozik dira Euskal Herrirat itzultzea publikoak harrera ona egiten baitie eta argi ikusten baitute herritarrek bereganatu dutela duela bi urte kalean, eraikin baten horman landu zuten obra. “Ez dugu mezu zehatzik bota nahi, bakoitzak egin behar du bere gogoeta ez baitago iritzi bakarra. Guk lan interaktiboak nahiago ditugu” adierazi dute MonkeyBirdekoek. Beren erakusketa azaroaren hirua arte ikus liteke Didam aretoan arratsaldero 13.00etik 19.00etara asteartetik igandera.

Jaialdiak irauten duen bitartean Bastion Royal aldean herrixka sortu dute margolariak eta publikoaren arteko harremanak bultzatzeko kontzertuen inguruan. Gaur, munduko Hip Hop dantzari hoberenak elkartuko dira Lauga kirol aretoan koloreari musika eta erritmoak gehitu nahi dizkiete eta biharko Baiona eraikitzeko.