donostia - Aurten 50 urte bete dira Rikardo Arregi kazetari, idazle, pentsalari eta kultur eragilea hil zenetik. Horren harira, Maluta Films ekoiztetxeak hari buruzko Zutik izeneko pelikula laburra ekoi-tzi du, 1965etik 1969ra arteko ibilbidea islatzen duena. Filma bihar estreinatuko da Andoaingo Bastero Kulturgunean, arratsaldeko 19.00etan, eta sarrera doakoa izango da.

Gai moduan, bere ibilbidean mugarri izan zen ekitaldi berezi bat hartu dute eta horren inguruan osatu dute film laburra. “1966an Usurbilen Udarregi bertsolariari omenaldia egin zioten eta bertan berak hitzaldi esanguratsu bat eman zuen: bere ikuspuntua adierazi zuen euskalgintzari eta euskararen egoerari buruz”, adierazi zuen Ritxi Lizartzak, Maluta Filmseko ekoizleak atzo Andoaingo Bastero Kulturgunean egindako aurkezpenean.

Rikardo Arregirengan modu “pertsonalean” sakondu nahi izan du Ainara Mendiola zuzendariak: “Nire oinarri nagusiak, bere artikuluak, idazlanak eta bere etxekoek Rikardo nola bizi izan zuten entzutea izan dira”, azaldu zuen. Bere iritziz, Arregik Usurbilen egin zuen hitzaldiak zer pentsa ematen du gaur egun ere, eta aldarrikapen hori ikuslearen esku uzten saiatu da Zutiken bidez.

familia Pelikula laburreko protagonistaren papera Mikel Arregirengan utzi du zuzendariak, Rikardo Arregiren ilobarengan, hain zuzen ere. Bere osabaren azalean, artikulu eta saiakerak idazten, askotariko jendearekin biltzen eta hainbat proiektu sortzen ageri da bertan, auto istripu batean hil arte. “Nire osaba bere ideiekin oso konbentzitua zegoela iruditzen zait. Garbi zeukan euskarak modernizatu egin behar zuela eta baserritik kalera jaitsi behar zuela, bestela horrek nolabaiteko galbidera eramango zuela”, adierazi zuen Mikel Arregik.

Garai hartan pil-pilean zeuden gaiak landu eta gaur egun horien fruitua zein izan den kontatzea da sortzaileen helburua. Biharko aurkezpenaz gain, Usurbilen ere eskainiko dute Zutik abenduaren 15ean.