iruñea - Gaur irekiko da Euskal Herriko kulturaren urteko erakusleiho handiena. Durangoko 54. ediziorako prest daude jada Nafarroako argitaletxe nagusiak. Txalaparta eta Pamielak ale berriak gehitu dizkiote aurten euskaraz idatzitako helduentzako literaturari. Pamielak, beste lan askoren artean, euskal literaturako izen handien azken lanak jarriko ditu bere mahai gainean, nabarmentzekoak, Bernardo Atxagaren Etxeak eta hilobiak azken eleberria, idazlearen unibertso poetiko berezia bete-betean erakusten duena; eta Joseba Sarrionandiaren Habanako gaukariaren ale berria, Airea ez da debalde egunerokotasunetik elika-tzen den saiakera literarioa. Euskadi Literatur sariaren irabazle Irati Elorrietaren Neguko argiak eleberria ere aipatzekoa da: bertan, egile bizkaitarrak porrotari, erresistentziari, ihesari edota berriz zerotik hasi beharrari buruzko kontakizunak harilkatzen ditu.
Egile nafarren uzta oparoa ere plazaratu du 2019an Pamielak poesia zein saiakeraren alorrean, besteak beste, Beatriz Chiviteren Mugi/atu, Nerea Baldaren Atzerrian, Juan Miguel Munarrizen Euskararen genesiaz, Jesus Ondarraren Bakaikuko leku-izenez hausnarrean, Patziku Perurenaren Bordarien sorrera eta bilakaera Leitzan eta Areson (1427-1925) eta Xamarren Etxera bidean.
Txalapartak, bere aldetik, “memoria historikoaren eta gure herriaren historiaren aldeko apustua” egin du plazaratutako lanekin, argitaletxetik azaldu moduan. Hala, askotarikoak dira argitaratu dituen lanak, tartean Santi Brouarden hilketari buruzko Antzara eguna komikia, Harkaitz Canok idatzi eta Adurrek ilustratutakoa; hurbileko memoria historikoan murgiltzen den Ruben Sanchez Bakaikoaren Hondarrak; eta ezkerreko feminismoaren aldarria oinarri dituen eta dagoeneko hamar hizkuntza baino gehiagotara itzulia izan den Feminismoa %99ren alde manisfestua.
izenburu handiak euskaraz Bai Katakrakek bai Igelak, euskarara ekarritako nazioarteko lan errangura-tsuak aurkeztuko dituzte azokaren 54. edizioan. 2016an abiarazi zuen Katakrakek bere argitaletxea eta ordutik uzta gero eta oparoagoak biltzen ditu urtero. Aurten, nobedade ugari aurkeztuko ditu, tartean urtearen lehenengo seihilekoan plazaratutako Sofia Petrovna, Lidia Txukovskaiaren eleberria; Silvia Federiciren Mundua berriz liluratuz, komunen beharren inguruko aktibista feministaren saiakera; eta Susan Buck-Morssen Izuaren osteko gogoeta saiakera lana. Azken nobedadeen artean, nabarmentzeko hiru lan aurkitzen ditugu: kazetaritzaren zutarrietako bat den Ryszard Kapu?ci?skiren Kristo fusilarekin; emakume sendalarien historian murgiltzen den Barbara Ehrenreichen eta Deirdre Englishen Sorginak, emaginak eta erizainak; eta Nanni Balestrini idazle eta poeta italiarraren Den-dena nahi dugu,egile hau estrainekoz euskaraz irakurtzeko parada eskaintzen duena.
Eleberri beltzean espezializatuta dagoen Igela argitaletxearen eskutik, Robert Louis Stevensonek idatzitako azken nobela aurkituko dugu Durangon: Catriona, Bahitua-ren jarraipena. Bestalde, 90eko hamarkadako Burundi latzean girotzen den Gäel Fayeren Ene herri txikia narratiba lana ere tartean egonen da. Arthur Conan Doyleren Baskervilletarren ehiza-txakurra eta Sherlock Holmes detektibe ospetsuaren bizitza oparoari hasiera eman zion Estudio eskarlata eleberri klasiko handiek osatzen dute Igelaren nobedadeen eskaintza.
Haurrak irakurle Haurrei zuzendutako literatura lanen oparotasuna ukaezina da, eta horren erakusgarri izan ohi da, urtero, Durangoko azoka bera. Nafarroako argitaletxeek ere, kontutan hartzen duten publikoa dela erakutsi dute aurten. Denonartean argitaletxeak, ildo horretatik, hamaika lan plazaratu ditu aurten, tartean, irakurle txikienen artean gustukoenetako bat den Antton Kazabon egilearen hiru lan, Animaletrak (Jokin Mitxelenaren ilustrazioekin), eta Ainhoa Redondok ilustratutako Marenek sirena izan nahi du eta Benito Lertxundi naiz. Lan azpimarragarrienen arteak kokatzen da ere Leotolde, Olga de Dios idazlearena; eta Wonder. Mutiko miragarria, Raquel Jaramillorena. Argitaletxeko ohiko egileak ere ez dira faltatu aurteko uztan, Juan Kruz Igerabideren Euskal herrietako ipuin miresgarriak bildumaren hirugarren zenbakia edota Bakarne Atxukarroren Basajaun. Garazi Albizuaren Geun nerabeentzako eleberria ere Denonarteanen mahaian aurkituko da.
Pamielak ere haurrentzako eskaintza zabala eramango du Durangora, tartean Xabier Olarrak itzulitako Christian Voltzen Beti bezala, ezer ez., beste askoren artean. Noski, ez da faltako aurtengo Etxepare Sariaren irabazle suertatu den Aintzane Usandizagak idatzi eta Gastonek ilustratutako Etxe honetan bilduma.
Nafarroako historia barnera-tzeko lana Nabarralde Fundazioak, bere aldetik, azken urteetan argitaratu duen komiki bildumari ale berri bat gehitu dio aurten, hain zuzen ere Euskadi Sariaren irabazle suertatu den Asisko Urmenetaren 1620 Nafarroa Beheregaina komikia. Bertan, Frantziako erresumak Nafarroako azken erresuma independentea bere barne hartu zueneko une historikoa berreskuratu eta azaltzen du egileak.