lbert Camusen Izurria eleberri ospetsuko pertsonaia batek argi zioen krisialdi eta larrialdi egoeretan gizakiak bere onena azaleratzeko gaitasuna duela. Gurean, ideia horrek inoiz baino pisu gehiago hartu du egunotan, birus batek eragindako bortxazko berroigeialdiak bakardadearen mamua hauspotu duenean. Hamaika aurpegi dituen izu horren aurrean, izan ere, bertze hainbertze izan dira sareen hurbiltasun birtuala onerako erabili duten artista, eragile eta elkarteak. Larunbat eguerditik aitzinera, han eta hemen, ugariak izan dira Twitterren, Instagramen eta Facebooken abiarazi diren ekimen eta ekarpenak, bakoi-tzak beretik emanez, #koronabirusa #nietxeangelditzenaiz edo #kulturaetxetik hastaghak elkargune goxo bilakatzea lortu arte.

Streaming bidezko kontzertuak, zuzeneko emanaldiak, saretze eta laguntza ekimenak, irakurketa proposamenak, dantza gelak€ Baita bertsoak ere. Jon Maia bertsolariak ez zekien zein izanen zen Twitterrera jaurti zuen proposamenaren eran-tzuna, baina hala ere txiokatu zuen pasa den larunbatean: "Gu bertsolariak auskalo noiz arte 'ixolamenduan'. Nire aldetik, egun hauetan gaixotasunagatik bakartua dagoelako edo egun berezi bat ospatzerik ez duenari oparitzeko edota egoera zail batean poz txiki bat eman diezaiokela uste duenarentzat bertso bat egiteko prest nago". Egindakoak berehala eman zion itxialdiak islatzen dituen egoeren aniztasunaren zantzua: "Jende pilo bat egoera zailean dagoela ikusi dut, proiektu asko zapuztu dira, urtebetetze asko, adineko jende asko isolatua dago, ezin seme-alabak eta ilobak ikusi edo ikutu... Jende horrek benetako arriskua bizi du".

Txioa bota orduko eskaerak iristen hasi zitzaizkion eta, bi egunez, berrogei bertso idatzi zituen urretxuarrak, gaia egoera emozional bakoitzera egokituz. "Batzuetan ezin izan ditut malkoak heutsi: egun hauetan bada hiltzen den jendea eta ezin dira hiletak egin, jendea ezin da elkar besarkatu, egoera oso arraroa da", azpimarratu du. Noski, izan ditu egoera alaiei bertsoa botatzeko aukerak ere, urtebetetze edo ezkontza ospakizunak tartean. "Emozionalki, ariketa bat izaten ari da niretzat ere". Aurrera begira, eta isolamendu egoerak oraindik iraungo duela aurreikusita, eskaerei erantzuna ematen saiatuko dela gehitu du, izan ere, "bertso batek ez du inor sendatuko, baina indar handia dauka".

Maiarena, alta, ez da kasu bakarra izan. Sare sozialek eta internetek eskaintzen dituen aukerez baliatuta, aunitz izan dira streaming bidezko zuzeneko kontzertuak eskaini dituzten musikariak. Zea Mays taldea izan zen lehenengoetariko bat, igande arratsaldean etxeko txokotik eskaini zuen emanaldiarekin: zuzenekoan 1400 ikusle bildu zituen saioak, eta bideoak iraun zuen 24 orduetan 5500 ikusle baino gehiago izatera heldu zen.

Koronabirusak eragindako berrogeialdiaren lehenengo egunetan biderkatu egin dira formatu honetan eskeintzear dauden kontzertuak -Xabi Bandini, Anari, Mursego...-. Horietako batzuk, apropos sortutako plataforma eta atarietan emanen dira, Berria egunkariak zabaldutako Berria Aretoan erraterako, eta beste asko artistek euren sareetako profil eta atarien bidez eskainiko dituzte aste honetan zehar, tartean Bilboko La Furia rap abeslariak edo Zetak talde nafarrak.

Itxialdi garaian gorpuntza astintzeak dirudiena baino garrantzia handiagoa duelakoan, izan dira dantza gelak internet bidez emateko bideak aurkitu dituztenak ere. Dantzan.eus gunean, erraterako, Eutsi dantzan lemapean bideo sorta bat igo dute, horietako bat Aritz Ibañez Duguna taldeko iruindarrak aurkeztutakoa: "Ikusita larrialdi egoerarekin kultur ekimen eta, beraz, dantza ekitaldi guztiak ere bertan behera gelditu direla, gure buruei eta gainontzeko jendeari ere etxean dantzatu ahal izateko aitzakia eskaintzea izan da helburua". Izan ere, gorputza bakarrik ez, eta dantza "buruarendako ere aringarri" suertatzen dela aski ongi daki Ibañezek: "Jardun askatzailea izan daiteke egun hauetako errutinan, eta jendearen artean oso harrera ona izan du".

Guztiz ados agertu da ideia horrekin, halaber, Ainhoa Carrera dantza irakaslea, Maria Arcosekin batera Baobab Danza sustrai afrikarra duten dantzen eskolako sortzailea. Zoom plataformaren bitartez ikasleei gelak eskaintzea erabaki dute egun hauetan, eskola ixteko beharrari aurre egin nahian. "Dantzak gauza asko ematen dizkigu, horien artean bizipoza, gure buruarekin konektatezko bidea, osasun holistikoa, mentala eta izpirituala... Behar hori ikusi dugu, onuragarria delako. Gure ekarpen txikia egin izan nahi dugu, komunitate sentsazioa mantendu, elkarrekin dantzatzen dugunean taldea egiten delako".

Kultur eragileek norbanako bidetik eta inprobisatuki sortutako sare honetan, literaturak eta zineak ere bere lekua egin dute, bestela ezin litekeen bezala. Hala, Twitterren batez ere, andana izan dira literatur proposamenak egitera bideratutako ekimenak, tartean @KoronaLetrak profil berria edo Karrikiri Elkarteak abiarazitako egunean liburu berri bat proposatzeko erronka.

Zine-klubak, zuzeneko marrazketen bideoak, elkarrizketa partekatuak, lan saioak, antzerki emanaldiak... Edo besterik gabe, Ni etxean geldituko naiz kanpaina sustatzera bideratutako artelanak musutruk eta modu irekian partekatu dituzten artisten zerrenda luzea eta oparoa da, kulturaren zilegitasuna, baita estualdietan ere, nabarmena dela erakusten duen errealitatea. Jon Maiak erran bezala, kulturak gizartea egiten duelako: "Kultura, azken batean, bizitzeko era bat da".