"Arraroa egiten zait lehenengo pisuko bizilagunaren leihoan peluka hori bat zintzilik ikustea beti.

Peruk dio, arraroa dela nire amona inoiz etxetik ez irtetea. Berak ez dakiena da nolako bidaia luzeak egiten ditugun guk elkarrekin.

Eta arraroa iruditu zait, baita ere, ikasle pisuko bizilagunak ikustean ez dudala bereizten zein den mutila, eta zein neska".

iteraturak hainbatetan eskaini dizkigu itxialdi, pandemia eta etorkizun ezegonkorren inguruko paisaiak eta kontakizunak. Hori bakarrik ez, eta halako egoerak inspirazio iturri ere izan dira maiz egile andanarentzat. Ezinbestekoa suertatzen da egunotan Albert Camusen Izurria lanarekin akorda-tzea, idazle frantziar-aljeriarrak aski ongi marraztu baitzuen osasun-krisi baten itzalpean ezkutatzen den giza-tragedia: "Ados zetorren mundu guztia aurreko erosotasuna bat-batean aurkituko ez zutenaz pentsa-tzerakoan eta errazagoa zela gauzak suntsitzea berriz eraikitzea baino", izkiriatu zuen kontakizun hartan. Hor daude ere oraingo errealitatearen oihartzun bilakatu direla diruditen lanak, izan George Orwellen 1984-ko jendarte kontrolatua, izan Margaret Atwoodek zenbaitetan irudikatutako etorkizun distopikoak.

Fikzioak fikzio, egiazki ukaezina den errealitateetako bat kulturaren arloa jasaten ari den zama astuna da, sektore andana arnasestuka uzten ari dena. Aurten, beste ekitaldi kultural asko bezala, Liburuaren Egunak ez ditu Iruñeko kaleak hartuko. Egunkari honek literaturaren arloko eragile talde batekin solas egin du, konfinamendu garai hauetarako irakurketa aproposen inguruan: Zein lan datorkie burura krisi garaiotan? Hedoi Etxartek (Katakrak liburu-denda), Idoia Sobrinok (liburuzaina, ASNABI-ko kidea), Hasier Larretxeak (idazlea), Pello Elzaburuk (Pamiela argitaletxeko editorea) eta Aingeru Epaltzak (idazlea) argi daukate erantzuna.

Svetlana Aleksievitxen Gerrak ez du emakume aurpegirik lanarekin oroitu da Katakrakeko liburu-saltzaile Hedoi Etxarte. "Asko irakurri dugu prentsan eta liburuetan, ikusi ditugu dokumentalak eta fikziozko lanak, baina inork ez digu kontatu Aleksievitxen II. Mundu Gerra", argitu du. Ia milioi bat izan ziren II. Mundu Gerran parte hartu zuten emakumen sobietarrak: mediku eta erizainak, frankotiratzaileak, tanke-gidariak, gerrillari partisanoak... Eta horixe izan da Iker Sanchok itzuli eta Elkar argitaletxeak plazaratutako lan hau aukeratzeko arrazoietako bat. "Batetik, emakumeak jarri dituelako zentroan (aurrez aipatutako lanetan gizona dago zentroan)", argitzen du, "eta bestetik, Armada gorrikoak direlako zentroan jarritakoak (oro har AEBetarrak ala Alemanak jarri ohi dira). Baina, funtsean, Aleksievitxen ekarpena ere bada teknikoa. Elkarrizketaz elkarrizketa osatutako liburu bat da. Kontatzen dena latza da baina oso korala da, badira gerrillan ibilitakoak, badira sendalariak eta frankotiratzaileak".

1984an argitaratu zen liburu hau lehenengoz, Gorbatxoven garaiko Perestroikaren irekidurari esker, baina hainbat zati zentsurak eta autozentsurak estali edo moldatu zituzten. 2002an berridatzi zuen Aleksievitxek bere lana, lehenago ezabatutako pasarteak sartuz, eta are nabarmenago geratu ziren horrela bai gerraren krudelkeria, bai hura nozitu zuten emakume guztien handitasuna.

Etxean konfinatuta egoteak zerbait nabarmendu badu, leiho eta balkoien protagonismoa izan da. Nafarroako Liburuaren Plataformako kide den Idoia Sobrino liburuzainak, segur, irudi hori izan du burutan bere gomendioa luzatzerakoan: Ainara Azpiazu Axpi eta Paula Estévezen Arraroa bilduma ilustratua, hain zuzen 2017an Etxepare Saria jaso ondoren Pamiela argitaletxeak plazaratu zuena. Kontakizunean, "protagonista leihotik begira jartzen dute, bertzeen etxeetara begira, eta bertan pasatzen dena arraroa ote den edo ez galdezka", argitu du Sobrinok. "Bukaera polita du, baina ez dut spoilerrik eginen".

Arraroa-n, haur batek gaurko gizartearen aniztasunari errepara-tzen dio bere etxeko leihotik. Neskatoak hamabi egoera bitxi aurkezten ditu eta modu sinple bezain grafikoan egiten du auzokide bakoitzaren argazkia, bineta gisa, topikoei ihesi, eta benetako errealitatea agerian utziz. "Ezin aproposagoa iduritu zait bizitzen ari garen egoera honetarako".

Aspaldidanik bizileku duen Madrilen igarotzen ari da itxialdia Hasier Larretxea idazle baztandarra, sorterriaren urruntasuna inoiz baino gehiago sentiarazten diona. Akaso bertakoen literaturara erakarriko dion sentipena. Garai latz hauek, izan ere, bi lan ekarri dizkiote burura Larretxeari: Bilbon jaio eta Berlinen bizi den Izaskun Gracia Quintanaren Cróncias del encierro (2016, Salto de página) ipuin liburua; eta Asier Serrano eibartarraren Linbotarrak (2016, Pamiela) poesia liburua.

Gracia Quintanaren liburuan, "gure baitako itxialdi horiez gain, inguratzen gaituzten itxialdi horiei buruz arakatu eta prezisio haundiarekin beldurrei eta intimitateari buruz idazten digu Izaskunek", Larretxeak argitu bezala, "perspektiba desberdinei esker poliedro erakargarria osatuz". "Pertsonaien sufrimenduaz haraindi idazlearen idazkera azpimarratzekoa da, ipuin bakoitza hasi, garatu eta biribiltzeko duen trebezia, tradizio desberdinak uztartuz. Bizi dugun berrogeialdi honen kronika da honakoa, aurrekari dizdiratsu bat".

Serranoren poesia bilduma "mugarritzat" duela azpimarratu du idazle baztandarrak. "Behin baino gehiagotan itzultzen naiz liburu honek eskaintzen dizkigun indar haundiko irudi poetikoetara. Norberaren barne mundu hori landu beharreko garai hauetan ezinber-tzekoa iruditzen zait bertzalde poesia bidelagun izatea. Horretarako, Asierrek bere linbo propioa eraiki-tzen duen liburu honetan egunerokotasunaren dizdira eta hitz jokoen bidez errealitaterik gordinenaren aitzinean surrealismo baterako bidaia txartela luzatzen digu, pop dosiez beti ere ahantzi gabe". 2009an Xabier Letek Egunsentiaren esku izoztuak (Pamiela argitaletxea) poesia liburuak Euskadi Literatur Saria eskuratu ondotik, 2017an berriz ere poesia liburu bat izan zen hautatua, Asier Serranoren hau.

Poesiatik urrundu gabe, Pamielako editore Pello Elzabururentzat, berrogeialdiko garai hau aukera ezin hobea da "gure poeta gorenetako baten lana ezagutzeko": Joseba Sarrionandia. 2016an argitaletxe nafarrak plazaratu zuen Hilda dago poesia? ¿La poesía está muerta?, euskaraz eta gazteleraz argitaratutako antologia poetikoa, editorearen aburuz, "modaz pasatzen ez den lan horietako bat" da. "Eta badu beste alde on bat itxialdi egun hauetarako", azpimarratu du, "elebiduna denez, irakurketa partekatu dezakezu euskaraz ez dakienekin".

Eleberria, poesia, bilduma ilustratua... Saiakeraren generoak, dudarik gabe, berezko lekua ere behar du garai zail hauetan. Eta alor honetan, Aingeru Epaltza idazle iruindarrak argi dauka Anjel Lertxundi nabarmendu behar dela, "euskal literaturaren azken hamarkadetako fikzio handienetariko batzuen sor-tzailea ez ezik, saiakeragile saiatua eta saritua" den heinean.

"Literatura, hitzaren lilura, izan ondoren hizpide, maite duen alorrera itzuli da orain. Berezitasun batekin: itzulpenaren bidez kanpoko literaturetatik euskarara etorri zaizkigun lanen inguruko azterketa eta hausnarketa eskaintzen digu Itzuliz usu begiak bere azken lanean", azaldu du idazleak.

Alberdaniak iazko urte akaberan plazaratutako lan honetan, "itzulpengintza eta literatur sorkuntza maila berean jartzen ditu Lertxundik, bai gure kulturari ekartzen dioten onuraren aldetik, bai langintza batean nahiz bertzea behar diren gaitasunen aldetik. Itzulpengintzaz dioenak sorkuntzarako ere balio du, eta alderantziz. Guztia, oriotarrak ohi duen prosa paregabean, zer dioen ez ezik nola dioen ere ikaskizun baita haren lanean". Epaltzaren aburuz, Lertxundirena "gogoeta sorta aproposa" da, "etxealdian are gogoeta gehiago egiteko". Itxialdi garaian, ireki diezaiogun bada ateak gogoetaldiari.

"-Baina maitasuna ezagutu zenuen?

-Bai, ezagutu nuen. Topatu nuen han... Barkatuko didazu, agian ez da zuzena izango, ezta guztiz naturala ere, baina nik nire barnean kritikatu egiten nuen jende hura. Pentsatzen nuen ez zela hura maitasun kontuetan jarduteko garaia. Inguruan gaizkia eta gorrotoa besterik ez duzunean. Nire ustez askok pentsatzen zuten horrela... Nire lagunek behintzat bai...

-Eta gerra aurretik nolakoa zinen?"

Marixane Agerrekoa naiz ni / XVII. mendean / Pierre de Lancrek / erre arazitako 16 urteko neska, / eta abisu bat / eman behar dizuet.

Begira, / geroan ere, / «egia eztabaidaezinak», / «sineskeriak», / «behar bezalako ideiak eta portaerak», / «zitalkeriak», / «zuzentasun politikoa», /«derrigorrezko debekuak», / «justizia», «bakea», / «garbiketa egin beharra», / eta halako hitz eta esaerekin, / eta armada tropelekin / agintari moduan / helduko den jendeak, / baliteke / beste Inkisizio batzuk / antolatzea.

"...euskarak, batasun prozesuak eraginda, sekulako aldaketa bizi izan du azken hamarkadetan, eta itzulpengintza literarioaren emaitza da, nire ustez, prozesu horretako bisturirik zorrotzena, eta, aldi berean, baita malguena ere, albo-kalte gutxien eragindakoa".

"Goizalbaren azokan hegabera gordinak / txakurkiaren prezioan salgai jarri zituztenean / jakin genuen deserrotu gintuztela gure habitat artifizialetik.

Etxera eta ohean eman genituen / lau mende begitandu zitzaizkigun / hurrengo lau ilgorak.

Gauak izateari utzi zion / etae izar lokak / beste unibertso baten distopia / bihurtu ziren.

(...)"