Nahiak Nahi. Nahia Ojeta buru duen taldea da, Burlatako musikari-familia bateko bigarren belaunaldia. Bateria jotzen hasi zen Viejo Taylor taldean, eta Barricadako kide ohi Bonirekin bateria-lanetan hiru urte eman ondotik, Nahiak bere bideari ekin dio.

- Azken txanpan sartzen ari da jada maiatzaren 21an Baluartek abiatu zen Kilometro Zero streaming bidezko kontzertuen jaialdia. Nahiak Nahi taldearen txanda izanen da bihar, berriki plazaratutako Jarrera bidea da laneko abestiak aurkeztuko duena. Nahia Ojeta taldearen buru eta sortzailearekin aritu gara kantautore sustraietatik abiatu eta pop-rock soinuaz jantzi dituen abestiez. Baluarteko eszenatokian, Rubén Matilla (Kerobia, The Icer Company), Iñaki Pulido (Hibakusha, Attikus Finch, Governors), Iñaki Santos (Hibakusha, Swingaraia) eta Jaitxo Segura (Enemigos Íntimos) musikariekin arituko da Ojeta.

Iazko abenduan aurkeztu zenuten zuen lehenengo diskoa, Nafarroako Antzerki Eskolan. Kontzertu berezia izan zen, giro lasai eta hurbilekoan. Zer moduzko esperien-tzia izan zen?

-Bai, egia esan Baluartekoa gure laugarren kontzertua izanen da, eta aurkezpena Nafarroako Antzerki Eskolan egin genuen. Osorik bete genuela esan daiteke. Erabaki genuen bertan egitea, polita izateaz aparte, abestien zergatia eta azalpenak eman nahi nituelako. Zerbait gehiago egin nahi nuen jotzeaz aparte. Leku aproposa iruditu zitzaigun, hitz egiteko giro ona eskaintzen duelako eta jendearengandik hurbil egoteko. Antzerki moduko bat egin genuen hasi baino gehiago.

Jarrera bidea da izendatu duzu zure lehenengo lana. Asmoen deklarazio moduko bat dela erranen zenuke? Definitzen zaituen zerbait, akaso?

-Egia esan, bai. Mugida guzti honekin, helarazi nahi dugun mezua horixe izan da. Iruditzen zait momentu txarretan errelatibiza-tzeko modu bat ere badela. Niri behintzat balio izan zaidan zerbait da.

Garai hauetarako lema egokia dirudi, gainera.

-Bai, egia da, momentu hauetan bereziki baina edozein momentutan ere, guretzat gakoa da.

Bateria jotzaile bezala eman dituzu lehenengo urratsak musikaren munduan eta hortik gitarra hartzera igaro zara. Zergatik eman duzu urrats hori?

-Nahi gabe izan zen. Gitarrak beti izan ditut etxean gertu, aita musikaria delako. Baina orain arte ez nuen inoiz jo, badakizu, aitak alde batera jotzen badu zuk bertzera jotzen duzulako askotan. Baina bat-batean, gitarra lehengusu bati eskatu nion eta lehenengo akordeak sartzen hasi nintzen. Nolabait esateko, harrapatu ninduen, ongi ulertu ginen. Egia esan, gitarra jotzea errazagoa da. Izan ere, ni ohituta nago bateria jo-tzera, alokatutako lokal batean adibidez, eta hori baino errazagoa da gitarra edozein momentutan hartu dezakezulako etxean.

Eta gitarrak, gainera, konposatzea ahalbidetzen du...

-Hori da, noski. Nik sekula ez nuen abestu, ez nekien gitarra jotzeko, konposatzeko edo abesteko gaitasuna nuenik ere. Baina bai, konposa-tzea ahalbidetzen dizu. Nire letrak nire bizipenen ondorio dira, eta bizipen horiek nolabait isaltzeko bidea aurkitu dut gitarra akustikoarekin.

Bazenuen konposatzeko behar hori, beraz?

-Baietz esan daiteke. Beste mugida bat da konposatzearena, hala ere. Niretzat zailena letrak egitea da. Gauza bat da melodiak sortzea, akordeak lotzea, baina letrekin biluztu egiten zara.

Bateriatik gitarrara pasatzea bezala izan daiteke, atzeko aldean egotetik taularen lehenengo lerrora igarotzea.

-Bai, hori da. Erdi ezkutuan egotetik, aurpegia ematera eta gainera esan nahi dituzunak esatera. Bada urrats garrantzitsu bat, eta bertigo puntu bat badauka. Baina hori gustatzen zaigu, azken finean.

Exhibizionismo punttu bat...

-Bai, badu hortik ere. Adrenalina eragiten du, gaizki aterako denaren arriskuak akaso... Ez dakit ongi nola azaldu sentsazioa, baina izugarria da.

Kantautore eta pop-rock taldearen erdibidean kokatzen da Nahiak Nahi. Zenbat du batetik eta zenbat bestetik?

-Bietatik badauka, egia esan. Dena gitarra akustiko batetik hasi zen eta nire ustez horregatik hartu du pop-rock kutsua. Gitarra elektriko batetik jaio izanen bazen, beste gauza bat izango zen. Abestiak eginak zeuden, bi urtez egon naizelako bakarlari moduan jotzen. Abesti horiei, gitarrak, bateriak eta moldaketa txiki batzuk gehitu dizkiegu, baina gainerakoan zeuden moduan mantendu ditugu. Horregatik, diskoa grabatu nuenean kantautore estiloa zutela esan zidaten. Abestiari, izan ere, bateria edo gitarra elektrikoa ken-tzen badizkiozu ere oinarrian berdin gelditzen da.

Hausnartu gabe edo modu natural batean egin den prozesua dela erran daiteke?

-Bai, erabat ados. Bitxia izan zen grabazio prozesua, abestiak bukatuak egon arte nik ez nituelako entzun. Ez nekien nola gelditu behar ziren, ezin nuen irudikatu soinua. Nahiko flipantea izan da sentsazioa. Lagunekin egin nuen eta beraiengan konfiantza osoa nuen, artista hutsak direlako, ez nuen inongo dudarik. Abestiak entzun nituen lehenengo aldian flipatu egin nuen. Ez zait ahazten momentu hori, txundituta gelditu nintzen. Egia esan, oso pozik nago emaitzarekin.

Joan gaitezen jatorrietara. Aita Mugre talde mitikoko musikaria duzu, zure erreferentzietako bat aipatu izan duzunez. Musika odolean daramazu...

-Bai, dirudienez bai. Konexio bat badagoelako argi dago. Batzuetan hortik aldendu nahi izan dudan arren, azkenean ezin izan dut. Aitaren bidea jarraitu dut azkenean. Berak, ez pentsa iritzirik eman didanik diskoaren inguruan, ongi dagoela esan dit baina gutxi gehiago, kar kar.

Eta beste erreferentzietako bat, aipatu izan duzunez, Foo Fighters taldea. Haren kantu baten euskarazko bertsioa egin izan duzu.

-Bai, eta Baluarteko kontzertuan ere eskainiko dugu abesti hori.

Baluartekoa streaming bidez eskainiko da. Eroso sentitzen zara formatu horretan?

-Egin ditugun kontzertuetan, formatua lasaia izan da. Nafarroako An-tzerki Eskolan egin genuen aurkezpena, ondoren Lakuntzako Kultur Etxean egon ginen eta bertan ere publikoa eserita zegoen, gustatzen zaidan formatu bat da. Indaran ere egin genuen gero, eta hori kontzertuetan ohikoagoa den formatuan izan zen, jendea zutik, ostatuko barran, hitz egiten... Niri gehiago gustatzen zait beste formatu lasaiagoa, antzerkia ere gustatzen zait eta sortzen den giroa atseginagoa suertatzen zait. Streaming bidez, abestiak azaltzeko parada izango dela uste dut, ongi datorkigu egin dugun formatuarentzako. Zuzeneko adrenalina hori ez da egongo, lasaiagoa izango dela aurreikusten dut. Hala ere, ezin dut imaginatu.

Itxialdiak formatu berri hauek probatzeko tartea eman du. Gauza berriak egiteko parada izan duzu?

-Berrogeialdian, kontzertu akustiko bat eskaintzeko aukera izan nuen. Burlatan zaintza sare bat sortu zen, eta horren baitan aisialdi zaintza ekimenak sortu ziren. Hala, egun batean kontzertu akustiko txiki bat egin nuen. Formatu hartan, jendeak hitz egiteko aukera izan zuen, interakzio bat egon zen. Baluarten ez dakit halakorik egonen den, baina hala ere azalpenak trasmititzeko aukera izango da. Bakarrizketan bada ere, nolabait egingo dugu.

Geldialdi honen ondoren eszenatoki gainean elkartzeko aukera izanen duzue behintzat.

-Motibazio handi bat da hori. Orain dela bi aste hasi ginen entseguak berreskuratzen, eta ilusioa hor dago. Ez da gutxi.

Nola eragin dizue geldialdiak, talde hasi berria zareten heinean?

-Egia esan, egin genuen azkeneko kontzertua Indarakoa izan zen eta une hartan hori geneukan bakarrik burutan. Proiektu hau hasi ginenetik, argi geneukan kontzertu gutxi eta oso landuak eskaini nahi genituela. Indarakoa berrogeialdia hasi baino aste bat lehenago izan zen, hain zuzen, eta horren ostean kontzertuak bilatzen hasi behar ginen. Baina mugida guzti honekin, bertan behera gelditu zen, standby moduan gaude. Orain, zorionez, ongi datorkigu Baluartekoa bezalako ekimenak, hemen gaudela esateko. Geldialdia ez zaigu ongi etorri, baina argi dago mundu guztia berdin dagoela.

Krisiak golpe latza eragin du kulturaren arloan, eta horren baitan noski musikaren arloan ere. Zer iruditzen zaizu gertatzen ari dena?

-Kristoren kontraesana dagoela argi dago. Alde batetik, bakoitza bere etxean egon behar izan dugunean, momentu arrotz horietan, aurrera atera gaituen gauzetako bat kultura izan da. Kulturak indarra eta motibazioa eman du, eta esentziala bilakatu da. Baina dena aurrera atera denean, kultura azken lekuan gelditu da. Behar den guztia inbertitu beharko litzateke kultura babesteko, horretan ahalegin guztia hor jarri beharko li-tzateke.

Etorkizunera begira, zer aurreikusten duzue talde bezala?

-Orain hasiko gara berriro konposa-tzen. Konfinamendua konposatzeko baliatzea esaten zidaten, baina nik ezin dut etxean sartuta nagoenean sortu, niri kalean etortzen zaizkit ideiak. Orain gauzak pixkat hobetu direla, berriro hasiko gara. Ilusio handiarekin gaude, eta gainontzekoa ez dagoenez gure esku, lanean jarraituko dugu.

Jarrera kontua, diskoaren izenera itzuliz.

-Hori da, dudarik gabe.

"Gitarra akustikoarekin konposatzen nire bizipenak nolabait isaltzeko bidea aurkitu dut"

"Formatu lasai eta hurbileko kontzertuak egitea gustatzen zait, nire abestiak azaldu ahal izateko"