- Gaur hasiko da abenduaren 15a bitartean kalitatezko hamar musikari eszenaratuko dituen Redstone kontzertu zikloa, Katakraken. Joseba Lenoir beratarrak eta Rakel Arenaza Raitx-ek emanen diote hasiera Iruñeko espazioak BIRA (Bilbo) eta Plateruenarekin (Durango) elkarlanean koordinatu duen programari, arratsaldeko 19.00etan. Sarrerak liburu-dendan bertan erosi daitezke, 12 eurotan.

Koban taldearekin ibilbidea amaitutzat eman ondoren, Rakel Arenazak (Donostia, 1991) bere bakarkako proiektua aurkeztuko du gaurko emanaldian, pop elektroniko kutsuko proposamena. Raitx izenpean, “momentu oso pertsonaletan sortutako poesiak musikatu eta kanta intimistak konposatu ditu, letrak eta ahotsak protagonista bihurtuz”, Badok atariaren aburuz. Abereek erantzungo balute (autoekoiztua, 2020) da bere lehen diskoaren izenburua, apirilaren 28an argitaratu zena. Sei abestik osatzen dute lehenengo lan hau, hain zuzen “bakardadearen, elkar zaintzaren eta nork bere tokia topatzearen inguruko hausnarketak” direnak, Raitx-ek berak definitu izan dituen bezala. Zestoako Gaztain estudioan grabatutako eta formatu digitalean argitaratutako disko honetan Esti Berazaren sintetizadoreak eta Xalba Ramirezen gitarra izan ditu alboan egileak.

Joseba Baleztena abeslari eta gitarristaren bakarkako izen artistikoa da Joseba B. Lenoir, gaur Katakraken emanen den bigarren kontzertua. Berako lagunekin osaturiko SextySexers taldeko kide izan zen Baleztena hainbat urtez. Geroztik, hainbat taldetan jotzeaz gain (Sumision City Blues, Izaki Gardenak, Willis Drummond), bakarkako ibilbidea ari da garatzen, blues eta folk doinu instrumentaletara zein rock kantuetara bideratua. Horrez gain, Saioa kantariaren Matrioska Heart diskoan parte hartu du.

2012an ekin zion bakarkako ibilbideari autoekoiztutako Instroak Vol.1 lanarekin eta ordutik zortzi lan gehiago plazaratu ditu, azkena iaz argitaratutako Instroak Vol. 3 izenekoa, Gasteizko Gakobeltz eta Berako Atala estudioan grabatua izan zena. Bertan, artista beratarraren gitarra, baxua, teklatua, sintetizadoreak eta perkusioei Felix Buffen bateria eta perkusioa batu zaizkio.

Urriaren 27an izanen da Redstoneko hurrengo emanaldia, Maite Larburu eta Pettiren kontzertuekin. Haien ondoren, azaroaren 10ean Eneritz Furiyak eta Jon Gurrutxagaren txanda izanen da, eta azaroaren 24ean Gaizka Isunza eta Pelaxek jarraituko diete. Abenduaren 15ean itxiko da zikloa, Miren Narbaiza MICE eta Joseba Irazokiren kontzertuekin.

Gaur. Raitx eta Joseba Lenoir.

Urriak 27. Maite Larburu eta Petti.

Azaroak 10. Eneritz Furiyak eta Jon Gurrutxaga

Azaroak 24. Gaizka Isunza eta Pelax.

Abenduak 15. MICE eta Joseba Irazoki.

Sarrerak, lekua eta ordutegia. Kontzertu guztiak Katakraken izanen dira, 19.00etan. Sarrerak liburu-dendan erosi daitezke.