- Haurrentzako albumak sortzeko Etxepare Sarien edizio berrirako oinarriak argitaratu berri dituzte sariketaren antolatzaileak diren Nafarroako 22 toki entitatek. Pamiela argitaletxearen laguntzarekin antolatzen den lehiaketara lanak aurkezteko azken eguna, bertan iragarri denez, maiatzaren 7a izanen da, eta ekainaren 30ean emanen dute ezagutzera edizio berri honen irabazlea. Urtero bezala, sari bakarra egonen da (5.000 eurokoa) eta lana Pamiela argitaletxeak plazaratuko du.

Haurrei zuzenduriko album ilustratuak aurkeztu ahal izanen dira sari honetara. Album ilustratu bezala ulertzen dira testua eta irudia elkarren osagarri dituzten lanak. Lanak euskaraz idatziak, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izanen dira. Ez da onartuko beste inondik moldatutako lanik, ezta aurretik saririk jaso duenik ere.

Lehiaketan bakarka edo idazle eta ilustratzaileek osatutako taldean aurkeztu daiteke, eta nahi beste lan aurkeztu daitezke. Formatua librea den arren, lanak ez dira 20cm x 21cm baino txikiagoak izanen, eta gutxienez 15 orrialde bikoitz izanen dituzte. Testuek ez dituzte 4.000 karaktere baino gehiago edukiko (zuriuneak barne). Sari hau azken lau deialdietako batean jaso duten idazleen edo ilustratzaileen lanak alde batera utziko dira, nahiz eta arestian aipatutako baldintzak bete.

Lehiaketan parte hartzen duten egileek albumaren maketa aurkeztu beharko dute albumean agertuko liratekeen testu zein ilustrazioekin. Maketa pdf formatuan bidali beharko dute, lan osoa fitxategi bakarrean, info@etxeparesaria.eus helbidera. Horretaz gain, lanaren azken bertsio inprimatuta bidali ahal izanen dute posta arrunt bidez.

Nafarroako toki-entitateetako Euskara Zerbitzuek, Nafarroan literatur sari esanguratsu baten hutsunea zegoela ikusirik, eta, beraz, literatur lehiaketen alorrean erreferentzia izanen zen saria sortzeko xedearekin, Etxepare sariak antolatu zituzten 2004an. Etxepare sariek haur, gazte eta helduentzako literatura saritu zuten bi ediziotan.

2006tik aurrera, Etxepare haurrentzako albumak sortzeko beka bihurtu zen, euskaraz sortutako albumen produkzioa sustatzeko helburuarekin. Izan ere, euskaraz argitaratzen diren album gehienak itzulpenak dira, eta ez euskaraz sortuak. Euskarazko albumen sorrera bultzatzen duten beka edo lehiaketak urriak dira, eta, alde horretatik, ekimen berritzailea dugu hau.

Ordutik, Pamiela argitaletxeak hurrengo lanak argitaratu ditu: Gerlari handia (Pello Añorga eta Jokin Mitxelena), Zirkua amets (Joxan Ormazabal eta Iraia Okina), Katalina kontalari (Iñaki Zubeldia eta Estibalitz Jalon), Alex, nire laguna (Mikel Gurrutxaga eta Maite Gurrutxaga), Euria ari duenean (Leire Salaberria), Hara! (Miren Asiain), Gerrak ez du izenik (Leire Bilbao eta Maite Mutuberria), Hiltzaileak (Leire Salaberria), Munstroek pixa egiten dute ohean (Pello Añorga eta Jokin Mitxelena), Cosimoren katiuskak (Ana Ibañez eta Dani Martirena) eta Lorerik gorriena (Sandra Garayoa eta Itziar Otegi).