Chillidaren sustraiak

'Leges naturae' izeneko erakusketa aurkeztu du Chillida Lekuk eta ekainera arte egongo da ikusgai

01.02.2021 | 00:41
Eduardo Chillida eta bere emaztea, Pilar, basoan ateratako argazki batean.

Zabalaga baserriko bosgarren aretoak altxor berri bat gordeko du ekainera bitartean, izan ere, bertan ipini baitute Eduardo Chillidaren lehendabiziko lanekin osatutako Leges naturae erakusketa berria. Eskultoreak egindako obraren interpretazio berri bat eskain-tzen du, oso ezagunak ez diren eta gutxitan erakutsi diren artelan ba-tzuk publikoaren eskueran jarriz. 21 marrazki eta bi eskultura biltzen dituen erakusketa honek, naturak eta haren legeek Chillidaren lanean izan zuten garrantzia erakusten dute, haren artegintzaren sustrai eta inspirazio-iturri izan baitziren.

Erakusketa hiru sailetan banatuta dago, landare eta animalien marrazkiak, natura abstraktuaren trazuak eta, horiekin batera, artxiboko materiala –argazkiak, eskuizkribuak eta eskultoreak bere estudioan gordetzen zituen fosilak eta mineralak–, artistari naturak pizten zion harriduraren lekuko.

"Erakusketa hunkigarria da, erakusgai dagoen guztia zuzenean bizi izan baitugu Chillidaren eta Pilarren seme-alaba guztiok. Natura oso garrantzi-tsua izan zen aitarentzat eta horregatik erabaki dugu oraingoan horren inguruko obrak erakustea", azaldu zuen atzoko aurkezpenean Ignacio Chillida komisarioak.

atalak Lehenengo sailari dagokionez, animalien marrazkiak ikus daitezke, Chillidaren ekoizpen artistikoan oso ezohikoak direnak. 1948 eta 1949 artean egindakoak dira eta hamar baino ez daude katalogatuta. Parisen bizi zenean egin zituen eta zoologikora joaten omen zen obra horiek sortzeko inspirazio bila.

Estetikari erreparatuz, lan horiek ikusita kobazuloetako hormetan egindako historiaurreko marrazkiak etor-tzen zaizkigu gogora. "Chillidak esaten zuen bera ez zela eskultore abstraktu bat. Naturan ikusitako morfologiak eta forma desberdinak har-tzen zituen bere marrazkiak egiteko, eta horregatik dira bere obrak hain organikoak", azaldu zuen Nausica Sánchezek, Chillida Lekuko Hezkun-tza eta Ikerkuntza arduradunak.

Oso deigarria da bertan ezarrita dagoen gurutze moduan landutako harrizko eskultura –Gurutz izenekoa–, naturaren eta Jainko sortzaile baten arteko lotura irudikatzen duena. Familiak oporrak pasatzen zituen Burgokoso Demanda mendilerroko Los Vadoseko errotatik berreskuratu zuen eskultoreak pieza, Castrovideko presa egiteko errota eraitsi zutenean, lehenago ere berak txertatu baitzuen errotaren pareta batean.

Lehenengo sail honetako erakustegian Chillidaren bildumako hainbat liburu ere badaude, besteak beste, John Ruskinen La naturaleza y el hombre, eta Ortega i Gasseten Goethe desde dentro. "Goethe bere maisu-tzat zuen Chillidak", nabarmendu zuen Sánchezek.

Bigarren atalari erreparatuz, 1946 eta 1951 artean egindako landareen eta landare-elementuen marrazkietan, artistari naturaren konplexutasunak eta hark erakusten dituen formek sortzen zioten jakin-mina ageri da. Artistak arreta handiz aztertzen zuen natura, eta horri esker lortzen zuen landareak diren bezalakoak marraztea, irudi batzuei begiratuta argi antzematen baita zein espezie diren: Papaver rhoeas (mitxoleta), Viscum album (mihura) edo Hedera helix (huntza).

Atal horretan bertan jarri dituzte ikusgai Chillidak Los Vadoseko errotan egin zituen lau olio-pintura eta garai hartako errota ondoko argazkiak.

Bosgarren areto horren beste aldean, hirugarren erakustegian, Chillidaren bilduma pertsonaleko mineralak eta fosilak ikus daitezke; baita eraikin azteken itxura duen La casa del poeta izeneko eskultura ere. "Eskultura honek badu espiralarekin zerikusia, mugimendua irudikatzen du. Hiru piezek osatzen dute eta forma hori ere naturatik dator", azaldu zuen Sánchezek.

erlazionatutako jarduerak Erakusketarekin batera, artea eta natura uztartzen dituzten jarduerak ere antolatu dituzte. Alde batetik, astelehenero, Leges naturae erakusketara bisita gidatua eskainiko du museoko bitartekari-taldeko pertsona batek, erakusketako artelan nagusiak modu lasai eta atseginean ikusteko. Bestalde, Chillida Lekun murgiltze-esperientzia bat proposatu dute, baso bainuetan espezializatutako Itziar Insausti gidaren eskutik. Esperien-tzia berritzaile horrek, Chillidaren eskultura-basoan barrena ibiliz, artearen eta naturaren bidez norberaren ongizatea hobetzen laguntzen duela azpimarratu zuten.

Jarduerekin jarraituz, artea, filosofia eta biologia uztartzen dituen mahai-inguru bat ere antolatu dute, Leges naturae erakusketarako hautatu diren lanetatik eta Chillidak zien-tziarekin eta, bereziki, biologiarekin dituen elkarrizketatik abiatuta. Jarduera hori Aranzadirekin lankide-tzan egingo da. Eta amaitzeko, Itziar Unzurrunzaga artistak Landareen aztarna tailerra eskainiko du helduentzat, gyotaku estanpazio japoniarrean oinarrituta.

Familientzako jarduera batzuk ere gehituko zaizkie, eta interesa duten ikastetxe, irakasle, elkarte eta erakundeentzat bisita gidatuak ere eskainiko dituzte. Momentuz, astelehenetako bisitak bakarrik daude finkatuta, eta konfinamendu perimetrala dela eta, hernaniarrek bakarrik izango dute joateko aukera. Gainerako jarduerak egiteko datarik ez dute oraindik finkatu, baina seguruenik udaberrian egingo omen dituzte.