- Burgosko prozesua aitzaki eta abiapuntutzat hartuta, Euskadi Ta Askatasuna erakundearen sorrera eta amaiera ditu hizpide Mikel Antzaren (Donostia, 1961) argitalpen berriak. Arroz urez, Txalaparta argitaletxearen eskutik plazaratu dena, egilearen bizipen pertsonalen kontakizuna da, "saiakera literarioaren baitan" kokatu daitekeena, Garazi Arrula argitaletxeko editoreak azaldu bezala.

Hain zuzen iazko abenduan 50 urte egin zituen Burgosko auziak, non ETAko hamasei kide epaituak izan ziren eta Francoren diktadura nazioartearen begiradapean jarri zen. Auzia "liburua egituratzeko" baliatu du Antzak kasu honetan, atzeko teloi moduan, prozesu hartan parte hartu zutenen zenbait auzipetu elkarrizketatu baititu ere.

"Tartean, nire bizipenetan oinarritutako gertakariak txertatu ditut. Ariketa pertsonal moduko bat izan da, errelatoaren batailan sartzeko inolako asmorik gabe egindakoa". "Gure baitatik idatzi behar dugula uste dut", azaldu du egileak errealtoaren batailan ez sartzearen arrazoiez galdetuta. "Hau ez da bataila baterako munizioa, ez dauka helburu hori. Gureari guretik begiratu behar diogula uste dut". Hala, autozentsurarik gabe baina lerro artean "arroz urez" idatzitako aunitz badagoela aitortu du, "ezin direnak gaur egun esan edo idatzi".

Egile donostiarrak egindako "introspekzio ariketa" honetan esperientzia pertsonalaren galbahetik igaro ditu beste hainbat gertakari eta pertsonaia, Txabi Etxebarrietarekin hasi eta tia Luzirekin bukatzeraino. Denetara, "bere bizitzaz bezainbeste herri honen azken hamarkadetako min eta pozez" solas egiten duten hamasei atalek osatzen dute Arroz urez. Antzak aitortu bezala, Gara egunkariak argitaratu zuen Burgosko auzia. Iraultza eta bizi! komikian eranskin bat sartzea proposatu zioten, eta hortik suertatu zen gerora liburua egiteko ideia. "Nik ez nuen, hasiera batean, halako liburu bat idazteko inolako asmorik".

Hala ere, laister ohartu zen bere biografiak lotura estua zuela 50 urte egin berri dituen auzi ospe-tsuarekin, eta esperientzia horiek guztiak liburu honetan biltzea erabaki zuen orduan. "Azkenean, collage moduko bat atera zaidala uste dut, puska autobiografiko desberdinez osatutakoa".

Collage horretan, sinopsian argitu moduan, "hamaika izen esanguratsu, oihartzunezko edo ezezaguni lekua egiten die gure herriaren historian" egileak.

Halaber, liburua oraindik osatu gabe dagoen "trilogia baten parte" dela argitu du, Gara egunkariaren bidez plazaratutako aipatu komikia eta hilabete honetan bertan Loraldiaren baitan plazaratuko den Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia antzezlanarekin batera.

Mikel Albistu Iriartek, Mikel Antza ezizenez, ibilbide luzea darama literaturaren arloan. Idazlea eta antzerkigilea, Susa aldizkariaren lehen zenbakian eman zuen argitara bere lehen ipuina, 1979an. Susa taldeko kide izateaz gain, Argia astekariko partaide izan zen, antzerkiaren saileko arduradun.

Lehen bilduma 82-84 ipuin bilduma eta Beteluko balnearioko mirakulua antzezlanak argitaratu zituen ihes egin aurretik. Atzerrian zegoela argitaratu zuen Odolaren usaina ipuin bilduma. 2004an atxilotu zuten Frantzian eta hamalau urtez eduki zuten kartzelan. Bertan idatzi izan ditu bere lanetako batzuk, tartean Ospitalekoak eta Atzerri eleberriak, Bakarmortuko kronikak, antzezlanak eta poesia liburuak. Txalapartaren eskutik, Atzerri liburuaren itzulpena eta En país extraño lanak plazaratu izan ditu.

"Liburu hau errelatoaren batailan sartzeko asmorik gabeko ariketa pertsonal bat izan da"

Idazlea