- Amaia Egidazuren (Durango, Bizkaia, 1981) Dorotea lana suertatu da garaile haurrentzako bilduma ilustratuak plazaratzea helburu duen Etxepare sariketaren XV. edizioan. Hogeita hamar lanen artean aukeratu du Leire Salaberria ilustra-tzaileak, Patxi Zubizarreta idazleak eta Idoia Sobrino liburuzainak osa-tzen duten epaimahaiak Egidazuren lana, hizkuntzarekin, errimekin eta umorearekin jolasteko erakutsi duen gaitasunagatik. Pamiela argitaletxeak plazaratuko du lana udazkenean.

Kontakizunak ohiko rolari ihes egiten dion amona berezi bat du protagonista nagusitzat. Atzo ospatutako sari-banaketan egileak azaldu moduan, “adineko emakumea da protagonista, amona adoretsua, ekintzailea, ideia asko eduki eta aurrera eramaten dituena”. Halako batean, “arazo benetan potolo” batekin topatuko da: etxea euliz bete zaio. Arazoari aurre egiteko plana martxan jarriko du Doroteak. “Asmakizun moduko bat” bezala ere ulertu daitekeela azpimarratu du Egidazuk. Haurrek hurrengo urratsa zein izanen den iragartzeko modukoa, baina “sorpresa txiki bat” izanen duena azken unean. “Dorotea gertuko norait bezala sentituko du irakurleak ipuina bukatzerakoan”.

Epaimahaikideek aditzera eman bezala, “natura eta kultura, tradizioa eta traizioa dotore biltzen ditu” bildumak. “Testuaren aldetik”, zehaztu dute, “paralelismoak, segidak, errimak eskaintzen dizkigu, oihartzunak landuz, josta gaitezen; ilustrazioaren aldetik, bihurrikeria, konplizitate dotorea, iradokizuna eskaintzen digu, iragana oraineratuz eta aldarrikatuz, diberti gaitezen”.

Collage teknikarekin egindako bildumak irudiak eta hitzak aski ongi uztartzen dituela adierazi zuen atzo Salaberriak, eta “umorea oso modu naturalean” erabiltzen duela ere azpimarratu zuen. “Behin eta berriro irakurtzeko liburua” dela ere nabarmendu zuen Zubizarretak, hizkuntzarekin jolasteko duen modua eta errepikapenen erabilpen bikaina goraipatuz.

Nafarroako 22 toki entitatek euren euskara zerbitzuen bidez antolatzen duen sariketa honen beharra azpimarratu zuen sari-banaketan Egidazuk, “euskararen unibertsoa elikatu eta indartu” eta egile berrientzako bidea ireki-tzen laguntzen dielako. Izan ere, Egidazuk, biologia ikasketak egin eta egun haurren pedagogiaren sektorean jarduten duenak, argitaratuko duen lehenengo lana izanen da hau.

2004ean antolatu zen lehenengoz Etxepare sariketa, Nafarroan literatura sari esanguratsu baten hutsunea zegoela ikusirik eta, beraz, literatur lehiaketen alorrean erreferen-tzia izanen zen saria sortzeko xedearekin. 2006Tik aurrera, haurrentzako albumak sortzeko beka bihurtu zen, euskaraz sortutako albumen produkzioa sustatzeko helburuarekin. Izan ere, euskaraz argitara-tzen diren bilduma gehienak itzulpenak dira, eta ez euskaraz sortuak. 2009az geroztik Etxepare beka izateari utzi eta saria bilakatu da. Egindako ibilbide luzean, dagoeneko 14 bilduma plazaratu dira sariketa honen eskutik.

Antolatzaileak. Etxepare saria Nafarroako 22 toki entitatek, haien euskara zerbitzuen bitartez, anolatzen dute, Pamiela argitaletxearen eta Galtzagorri elkartearen laguntzarekin, eta Euskarabideak babestuta.

Argitalpena, udazkenean. Pamiela-Kalandraka argitaletxeak udazkenean plazaratuko du bilduma, 1.400 aleko tiradarekin.