- Pandemiak eragindako atzerapenak atzerapen, ailegatu da unea. Urriaren 2an abiatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketaren 45. edizioa, eta azaroaren 28an amaituko da, Iruñean ospatuko den final handiarekin. Zortzi saio izango dira guztira: Izaban, Tafallan, Zangozan, Donezteben, Altsasun, Berriozarren, Leitzan eta, erran bezala, Iruñean.

Nafarroako Bertsozale Elkartetik argitu moduan, denetara 29 bertsolarik eman dute aurten izena, eta pasa den ekainean jokatutako aurre-kanporaketen ondotik, 24 izango dira Izaban hasiko den bidean. Horietatik zortzi iritsiko dira Anaitasunako finalera, eta bakar batek jantziko du txapela. Harekin batera, dena den, hurrengo Bertsolari Txapelketa Nagusirako beste lau ordezkari nafarrak hautatzeko ere balioko du txapelketak. Txapelketako oholtzan agertuko diren bertsolarien artean badira itzulera azpimarragarriak, tartean zazpitan Nafarroako txapeldun izandako Xabier Silveira eta finaletako oholtzan ere ohikoa izan den Erika lagoma bertsolarienak.

“Uste baino beranduago dator 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa”, argitu dute antolakuntzatik. “Urte hasieran izan behar zena pandemiak atzeratu zuen, eta udazkenera ekarri. Bitartean, hankaz gora jarri zaigu bizitza, eta bizi-tzarekin, bertsolaritza. Izurriak erabat moteldu du bertso plaza, eta agerian utzi du kulturgintzaren hauskortasuna. Eta beraz, txapelketak bultzada ere izan nahi du, plazak berriz indartzen joan daitezen, eta aldarri, bertsogintzaren eta kultur sorkuntzaren defentsan. Kultura, erantzukizunez, segurua da”.

Bi hilabetez, “Nafarroaren berdeak, horiak eta gorriak zeharkatuko ditu” 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Azpimarratu dutenez, “bide bat bertsoarena, euskara Nafarroan barrena barreiatzeko, mila kolore eta mila Nafarroa diren Nafarroa honetan”. Hain zuzen ere, bere egitasmoa Nafarroa osora hedatzeko ahaleginean urrats berri bat eman du oraingoan Nafarroako Bertsozale Elkarteak: bi herrik -Izabak eta Zangozak- lehen aldiz jasoko dute txapelketako saio bat.

Hamaika lagunen ahaleginaren fruitu da txapelketa, sarean antola-tzen dena, eta bertsolaritzaren ekosistema batzen duena. Bertsolariekin batera, epaileek, gai-jartzailek, antolatzaileek eta hamarnaka laguntzaileek eginen dute posible egitasmoa.

Urteak joan urteak etorri, Nafarroako euskal kulturaren ekitaldi garrantzitsua bihurtu da Nafarroako Bertsolari Txapelketa. “Baina ez da bat-bateko lorea, urtean zehar egiten den lan isilaren fruitu baizik, eta bertsolaritza transmititzeko egindako lan eskergaren ondorio zuzena. Gozatu eta gozarazteko unea iritsi da”.

Ekainaren 18, 19 eta 20an jokatu ziren sailkapen saioak, Igantzin, Garesen eta Iruritan. Saio horietan azken txapelketan -hots, 2019koan- parte hartu gabekoak aritu ziren, hasiberri izan ala aspaldi parte hartutakoak. Haiei, azken txapelketako azken lau sailkatuak gehitu zitzaizkien, saioak osa-tzeko. Guztira, beraz, hemezor-tzi bertsolarik jokatu zituzten aurre-kanporaketak, eta horietatik 13 sailkatu ziren txapelketarako. Haiekin batera ariko dira urrian abiatuko diren final-laurdenetan aurrez dagoeneko sailkatuta zeuden beste 11 bertsolariak.

Denetara, 24 bertsolari izango dira fase honetan. Sei bertsolariz osatutako lau saio jokatuko dira. Talde bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da hurrengo fasera; eta puntu gehien batzen dituzten beste hamalaurekin osatuko dira finalaurrekoak.

Antolatzaileek argitu dutenez, saio guztietan pandemiak eragindako egoerari aurre egiteko segurtasun neurriak mantenduko dira: aretoetan aforo mugapenak errespetatuko dira, publikoak maskara jantzita izan beharko du, eta bestelako distantzia eta neurriak mantenduko dira.

Txapelketako sarrera guztiak www.bertsosarrerak.eus atarian erosi ahal izango dira, salbu eta Zangozarakoak (hauek https://es.patronbase.com/_Sanguesaeu atarian izanen dira eskuragarri).

Urriaren 2an, Izaban. 17:30ean, herriko zineman. Bertsolariak: Aitor Irastortza, Endika Legarra, Eneko Fernandez, Idoia Granizo, Julen Zelaieta eta Patxi Castillo. Aurkezlea: Alaitz Rekondo

Urriaren 9an, Tafallan. 17:30ean, Kultur Etxean. Bertsolariak: Alazne Untxalo, Ekhiñe Zapiain, Eneko Lazkoz, Erika Lagoma, Saioa Alkaiza eta Urko Gartzia. Aurkezlea: Ander Aranburu.

Urriaren 10ean, Zangozan. 17:30ean, Karmengo Auditorioan. Bertsolariak: Joanes Illarregi, Mikel Lasarte, Oier Lakuntza, Sarai Robles, Xabat Illarregi eta Xabier Silveira. Aurkezlea: Zigor Gartzia.

Urriaren 16an, Donezteben. 17:30ean, zineman. Bertsolariak: Egoitz Gorosterrazu, Ekain Alegre, Iker Gorosterrazu, Josu Sanjurjo, Julio Soto eta Sahats Aleman. Aurkezlea: Maialen Belarra.