zinemaldia

Familia ezezagun bihurtzen denean

21.09.2021 | 00:12
Dolores Fonzi eta María Valverde aktoreak Kursaaleko photocallean, atzo.

Claudia Llosa zuzendari peruarrak gidatutako 'Distancia de rescate' pelikulak amatasunak sortzen dituen beldurrak islatzen ditu María Valverde eta Dolores Fonzi protagonisten eskutik.

Amatasunean sentitzen den maitasun sutsua eta era berean azaleratzen den beldurra islatzen ditu Claudia Llosa zuzendari peruarraren Distancia de rescate pelikulak. Samanta Schweblin idazle argentinarraren eleberrian oinarrituta dago eta bi ama eta beraien seme-alabak modu berezi batean gurutzatzen ditu. Amanda (María Valverde) bere alaba Ninarekin argentinako herrixka batera abiatzen da uda igarotzera. Bertan Carola (Dolores Fonzi) bizilaguna ezagutzen du, David haurraren ama. Bi emakumeek desberdin bizi dute amatasuna, umeekiko erreskate distantzia ez baita berbera bi kasuetan.

Netflixek ekoiztu duen eta atzo Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu zen pelikula off ahots batek gidatzen du hasieratik, hilzorian dagoen Amandaren eta Daviden arteko elkarrizketa bat irudikatuz. Davidek bere ama nola ezagutu zuen galdetzen dio Amandari, eta une horretan hasten da kontakizuna: "Detaileak garrantzitsuak dira, Amanda. Ez ahaztu detaileak, erreparatu haiei", gogorarazten dio haurrak. Eta modu horretara, ikus-en-tzuleak ere detaileak banan-banan aztertzen jartzen ditu ahots horrek. Lehen unetik nabaritu daiteke istorioaren ukitu mistikoa; ohikoa ez den zerbait kontatzen duela igartzen da berehala.

"Pelikulak jendearen egunerokotasuneko izuez hitz egiten du. Bertan gertatzen den guztia egiazko gauzetan oinarrituta dago, edozein momentutan gerta daiteke konta-tzen dena. Baina era berean, zalan-tzan jartzen da gurasoen beldur horiek egiazkoak diren edo amesgaizto baten parte diren. Dena da benetakoa, baina ezezaguna den horrekiko lotura ere egiten du", azaldu zuen atzo Kursaalean eskainitako prentsaurrekoan Claudia Llosa zuzendariak.

Filmari izena ematen dion erreskate distantziak garrantzi handia har-tzen du, haurra arriskuan egonez gero hura salbatzera joateko egin beharreko bideak, hain zuzen ere. Carola eta Daviden kasuan, erreskate distantzia hori etenda dago, izan ere, amak nolabaiteko beldurra edo gutxiespena baitio haurrari. Eta, egia esan, ez da gutxiagorako.

Davidek sukarra duela ohartzerakoan, Carolak Etxe berdea izeneko leku magiko batera eramaten du haurra, sendalari batek hil baino lehen sendatu dezan. Ez hiltzeko modu bakarra bidaia astral bat egitea dela azaltzen dio sendalariak Carolari: Daviden arima erdia beste gorputz batera eraman behar da eta beste pertsona baten arima erdi bat berarengana ekarri, horrela pertsona osasuntsu bat izan dadin.

Lau ordu luzeko bidaia astralaren ostean, Daviden gorputzean sartutako arimak haur erabat desberdina irudikatzen du, jarrera eta jokaera arrotzak dituena. Ezohiko gertakari mistiko horren jakitun den Amandak edozer egingo du bere alaba Ninari horrelako ezer ez gertatzeko.

Nabarmentzekoa da pelikula osoan zehar isiltasunak eta tentsioak har-tzen duten protagonismoa ere. "Isiltasun horrek zerbait ikaragarria gertatuko dela irudikatzen du eta off ahotsak kontakizuna gidatzen duen bitartean momentu hori iristen ari dela jakinarazten du. Hitzak ikuslearen kontzientzian galtzen dira askotan, eta gu off ahots hori une egokietan jartzen saiatu gara, ikusleak gertatzen ari dena ondo barneratu dezan", adierazi zuen Llosak.

Valverde eta Fonzi protagonisten-tzat lan gogorra izan da film hau grabatzea, baina esperientzia interesgarri gisa gogoratzen dute. "50 egun egon nintzen nire semea ikusi gabe, eta lehen aldia zen beragandik hainbeste denbora urruntzen nintzela. Gainera, dieta garrantzitsu bat egin nuen nire pertsonaia ongi irudikatu ahal izateko, bere egoera pertsonalarekin bat etorriz alegia", zehaztu zuen Fonzik. Valverdek, bere aldetik, ezbehar txiki batzuk ere bizi behar izan zituen: "Zomorroek ziztatu ninduten eta zorriak ere izan nituen, izan ere, eszena batzuk grabatzeko leku zikinetan ibili bainintzen. Oftalmologoarengana ere astean bi aldiz joan behar izaten nuen".

Distancia de rescate urriaren 13an iritsiko da Netflixera eta zinema aretoetan urriaren 6tik aurrera ikusi ahal izango da.

noticias de noticiasdenavarra