Izaskun Etxeberria Zufiaurrek (Altsasu, 1964) Esaten ez den guztian bere lehenengo argitalpena aurkeztu zuen atzo Iruñeko Liburuaren Azokan. Pamiela argitaletxearen eskutik plazaratu duen narrazio liburu honetan, altsasuarrak erdibidean, joan-etorrian doazten pertsonaiak hartu ditu hizpide eta ahots, hain zuzen ere errateko asko izan arren isilik geratzearen hautua egiten duten pertsonaiak. “Pertsonaia guztiek esan ezinezkoak gordetzen dituzte”, azpimarratu du egileak, “ba-tzuek desio, nahia edo ametsak. Beste batzuek lotsa edo beldurrak, isilaraziak. Pertsonaia guztiak dira herria, eta andre-gizon horiek guztiak, herritar xumeak, bizitzeko duten hori dute memoria, errealitatea edo fikzioa”.

Memoriatik edaten duen ipuin bilduma osatu du Etxeberriak. 1908 eta 2018 urteen artean kokatzen diren kontakizunak dira, hamar denetara, bi ataletan banatuta: Ferrila eta Eserlekuak. Lehenengo zatian biltzen dira ipuin gehienak, eta bigarrena aurrekoetan agertzen den pertsonaia zehatz baten kontakizunean oinarritzen da. Bai lehenengo atalaren izenburuak baita liburuaren beraren azalak ematen dute lana osatzen duten kontakizunen kutsua. Trenbide sarea ikusten dugu azalena, burdinezko bidea, hain zuzen idazlearen herrian kokatzen dena, Altsasun. Kontakizun guztiak, izan ere, Altsasuondo izeneko herri sinboliko batean kokatzen dira, idazleak aitortu bezala.”Bideek urraturiko herria da”.

Kontakizunak hartzen dituen mende horren hasierako hamarkadetan trena da pertsonaiak eraman eta ekartzen dituena. “Ordea, urteak aurrera egin ahala, errepideak indarra hartuko du eta kamioien orroek ordezkatuko dute trenaren txistua”.

“Izaskun Etxeberriaren herria ez da Euskal Herriko sakan edo sakon mitologiko horietakoa”, dio Tere Irastortzak liburuaren hitzaurrean. “Izan ere, egileak ez du gizakien aberria erakusten baizik eta beraien egonarria, diren tokian direla”. “Inongo eta inoizko herritar horiek bertakoen artean bertakotzen dira, edo desagertzen, berako izanik erbesteratzen edo ihes egiten dute, bere egonarriaz nekaturik euren gorpuak aulkian uzten dituzte, gau batean edo egun batetik aurrera, edo bitarte batean zer gertatuko; edo ezer gertatzen ez bada ere, hangoxe”. Bigarren atalean, pasarte desberdinez eraikitako kontakizun bat osatu du egileak, Eserlekuak izenburupean. “Egia, Esaten ez den guztian anitza da eta, gainera, egia da”, borobiltzen du Irastortzak.

Artikulu eta narrazio idazle Argitaratzen duen lehenengo lana izan arren, hau ez da Etxeberriak literaturarekin duen lehenengo hartu-emana. Literatura irakaslea izateaz gain, narrazioak eta artikuluak idazten jarduten du, besteak beste Bergarako Idazle Eskolako Luma berrien eleak aldizkariane ta Gara egunkariko Zazpika-n. Halaber, liburuen inguruko kritikak idazten ditu Sakanako Guaixe astekarian, eta iritzi artikuluak Berria egunkariko Nafarroako Hi-tzan. 2017an, Pamielak plazaratutako 39 idazle nafar liburuan parte hartu zuen Geltoki begiradak. Ametsak narrazioarekin.