Pandemiak eragindako geldialdi luzearen ondoren, Iruñeko 63. Txistulari Alardea nafar hiriburuko kaleetara itzuliko da aurten ere. Lehenengo agerraldia Alarde Txikiarena izanen da, datorren asteartean, hilaren 21ean, Udaletxeko Plazan eskainiko den kon-tzertuarekin. Solstizio izeneko emanaldia arratsaldeko 20:00etan izanen da eta 150 txistulari gazte baino gehiago bilduko ditu. Bigarren hitzordu garrantzitsua Sanferminetakoa izanen da. Bertan, Alarde Nagusiak Ibaiak kontzertua eskainiko du, Sarasate Pasealekuan. Antolatzaileek azpimarratu bezala, “tradizioa eta historia uztartuko dituen ikuskizun handi bat” izango da Sanferminetakoa, eta izenburuak aditzera ematen duen bezala, ibaiak izanen ditu protagonista. Hain zuzen ere Ezka, Irati, Bidasoa, Urederra, Arga, Arakil, Ega eta Ebro ibaiak.

Iruñeko Txistularien 63. alardea Pablo Ramosen off-eko ahotsak aurkeztuko du, pieza musikal bakoitzaren hari nagusia izango dena. Horrez gain beste elementu eta pertsonaia eszeniko batzuekin testuinguruan egongo dira ere. Beste aldetik Aitor Urkiza zuzendaritza musikalarenaren arduraduna izan da, eta Patxi Rodriguez zuzendari-tzaren eta koordinazioarena. Azkenik, Bakarne Atxukarrok gidoia ida-tzi du eta Ramosek berak zuzendaritza eszenikoaren ardura hartu du.

Formatu elebidunean (gaztelaniaz eta euskaraz), eta gutxi gorabehera 75 minutuko iraupenarekin, José Ramón García, Juan Cazcarra, Íñigo Casalí, Joaquín Lecumberri, Anne Pérez de Azpeitia, Urtzi Iraizoz eta Xabier Zabalzak sortutako zazpi musika-pieza adituko dira Saferminetako hitzorduan. Ramosen hitzetan, “sorpresaren bat edo beste” ere izanen dira emanaldian.

Lehenengo hitzordua, aipatu bezala, datorren astekoa izanen da: arratsaldeko 20:00etan Iruñeko Udaletxeko Plazan Euskal Herriko Txistulari Elkartea Nafarroak Solstizio eskainiko du, “itxaropena eta berpiztearen aldeko kantua izan nahi duen ikuskizuna”. “Bertan islatuko da pandemiaren bi urteetan murgilduta egon garen iluntasuna, eta, dirudienez, nagusitu nahi duen argia”.

150 musikari inguruk hartuko dute parte: hainbat musika eskolatako ikasleek, irakasleek eta Sarrigurengo Joaquin Lizarraga ikastetxeko haur abesbatzek.

Haiekin batera, Maika Moralesek iratxo bihurriarena egingo du eta Ramosek off-eko ahotsa jarriko dio. “Bien artean aldaketa baten istorio bat kontatuko dute oso modu dibertigarrian”.

Sanferminetako Txistularien Alardearen kasuan bezala, honetan ere Pablo Ramos arduratu da zuzendaritza artistikoaz, zuzendaritzaz eta koordinazioaz Patxi Rodriguez eta musika zuzendaritzaz Aitor Urkiza. Gidoia Bakarne Atxukarrorena da.

Aurreko edizioetan bezala, aurten ere Lacturale, Laboral Kutxa eta Postres Ulzama izango dira ekitaldiaren babesleak, eta Garbitzan, Rótulos Lavin eta Embutidos Arrieta enpresa laguntzaileak.