Bertsozaleen egun handia hasi berri da Iruñeko Navarra Arena handian, Bertso Txapelketa Nagusia 2022ko final handiarekin. Zortzi bertsolari nor baino nor arituko dira goiz eta arratsaldez, hurrengo lau urtetan txapelaren jabe nor izango den erabakitzeko. 1997tik finalean egon den eta egun txapelduna den Maialen Lujanbio hernaniarrak (1976an jaioa) irabaziko al du bere hirugarrena?

13.000 zaleek goizeko 9:00etatik izan dute aukera Sadar futbol-zelai ondoan dagoen Navarra Arenan sartzeko. Jendea gogotsu agertu da, iaz ospatu behar zen Txapelketa Nagusirako urtebete itxaron behar izan duenean pandemiaren erruz.

Oholtza gainean, Lujanbioz aparte, 2013 txapelduna, Amets Arzallus (1983); Beñat Gaztelumendi egungo Gipuzkoako txapelduna (1987), Nerea Ibarzabal (1994) egungo Bizkaiko txapelduna, Aitor Mendiluze (1975), Alaia Martin (1987), Sustrai Colina (1982) eta Joanes Illarregi (1999) arituko dira egun osoan zehar.

Lau gipuzkoar, bi lapurtar, nafarra eta bizkaitarra, bost gizonezko eta hiru andrazko, arituko dira lau aurkezlek gidatuko duten saio luzean: Alaitz Rekondo, Aritz Bidegain, Idoia Anzorandia eta Ion Zaldua.

Bazkariak etendako saioak bi zati izango ditu. Goizeko 11etatik 14:30ak arte, bost ariketa izango dituzte bertsolariek:

·        Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.

·        Ganbarako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Behin otordua eginda (ateak berriz ere 16:00etan irekiko dira), zortzi bertsolariek beste hiru ariketa dituzte 17:00etatik aurrera:

·        Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian.

·        Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte.

·        Banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Behin zortzi ariketak eginda, epaimahaiak zer bi bertsolari pasako diren finalera iragarriko dute. Lau ariketa izango dituzte final handian ibiliko diren bertsolariek, ohi bezala, ganbarako lana, aurtengo ediziora arte ‘kartzelako lana’ deitzen zitzaiona:

·        Binaka, gaia emanda, hiruna bertso Iparragirre abila dela doinuan.

·        Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.

·        Ganbarako lana: banaka, hitza gaitzat emanda, bertso bat bederatziko txikian.

·        Ganbarako lana: gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Irabazlea 20:00ak eta 20:30ak bitartean jakitea espero da.