Síguenos en redes sociales:

‘Itsasoa bete urre’ album ilustratua plazaratu dute Dani Martirenak eta Ana Ibañezek

Txalapartak argitaratutako liburuak itsasoa bere largabisten bidez begiratzen duen farozain bat du protagonista

‘Itsasoa bete urre’ album ilustratua plazaratu dute Dani Martirenak eta Ana Ibañezek

Dani Martirena kazetari eta idazleak eta Ana Ibañez ilustratzaileak album berri bat plazaratu dute. Txalaparta argitaletxearen eskutik jendarteratu den Itsasoa bete urren, farozain bat da protagonista. Edo zehatzago errateko, farozain baten largabistetatik ikusten dituen irudiak dira kontakizunaren haria. Martirenak berak argitu moduan, “etiketei ihes egin nahi dien” lana da, adin desberdinetako irakurleei zuzentzen den heinean haurraren eta helduaren arteko irakurketa partekatua ere sustatu dezakeena, “baten hutsuneak besteak bete ditzakeelako, eta alderantziz”.

Izenburuak aditzera ematen duen moduan, urreak badauka presentzia nabarmena liburuan, azal gogorreko letra distiratsuetatik hasita. Hala, hura izan zen Ibañezen lanaren abiapuntua ere. Urreak artean izan duen presentziaren inguruan egiten ari zen grabatu sorta izan du sorburu, izan ere, albumak. “Normalean, ia beti, urrea boterearen eta aberastasunaren ikur izan da”, hausnartu du Martirenak. “Baina Anak hori gehiago garatu nahi zuen migratzaileak, batzuetan, hondartzara iristen direnean emergentziazko paperezko manta batzuekin babesten dituztenean ematen duten irudi horretara, batzuetan hilotz, batzuetan hotzez dardarka. Faraoiak dirudite, urrezkoak dirudite, baina ez dira inolaz ere urrezkoak”.

Artistaren eta idazlearen arteko elkarrizketa horretatik sortu zen ondoren albuma. “Momentu batean, ikusi nuenean marko obalatu horietan Anak egin zituen grabatu horiek, bere biribiltasun horretan, farozainaren largabistarekin lotu nuen”. Largabista horretatik ikusten dituenak azaleratzen dira liburuaren orrietan, arte abstraktuaren bitartez kontakizun errealista bat eraikiz, emigranteen errealitate gordinaz mintzatzeko.

Hala, ohikoaren alderantzizko prozesua izan dela nabarmendu du idazleak. Izan ere, tankera honetako albumak maiz testutik abiatzen dira eta testuaren gain eraikitzen dira irudiak. “Kasu honetan irudietatik abiatu gara, eta horrek eragin du testuak hain zehatzak izatea, dagoeneko sortuak zeuden irudietatik sortu direlako”.

Urtetako elkarlana

Ez da lehenengo aldia Ibañezek eta Martirenak elkarrekin lan egiten dutela album ilustratuaren bueltan. 2015ean Hankaz gora du amak mundua plazaratu zuten, hartara bien artean sortutako Liburu Iletsuak zigilupean, autoedizioaren bidean lehenengo urratsak emanez. Handik bi urtetara iritsiko zen Jonek Jone izan nahi du, haurtzaroko transexualitateari heltzen dion kontakizuna; eta ondoren, 2018an, Cosimoren katiuskak plazaratu zuten, kasu honetan Pamiela argitaletxearen eskutik, Etxepare haur literaturaren saria irabazita. 2020an, bi egileek lehen zigiluari heldu zioten berriz Amonarenean kea albuma argitaratzeko.

Hala, Itsasoa bete urre argitaratzeko Txalapartaren atea jotzea erabaki zuten bi egileek, “editore ausart baten bila”. Garazi Arrula izan da hori, Martirenak argitu moduan, testua zizelkatzen lagundu diona. “Hori lortu du, eta liburuak nahi genuen pisu hori hartu duela iruditzen zaigu”.