Heriotzak eragiten duen galera sentimendua islatzen duen abesti bat baino gehiago da Zetak taldeak berriki argitara eman duen Hileta kantu nafarra. Agur kanta bat izateaz gain, Pello Reparazek idatzitako piezak omenaldi bat izan nahi du, bere garaian merezitako lekurik izan ez zuten emakume kantari horiekikoa. Horretarako, ondoan izan du Reparazek Maixux Zugarramurdi. Egun Aranon bizi den 70 urteko goizuetarra lehenengo aldiz sartu da grabaketa estudio batean, estrainekoz jarri kameren aurrean ere, betidanik izan duen arren kantagintzarekiko afizioa. Ez da asko senarra galdu zuela, eta barrenak mugiarazten dizkion abesti bat dela onartu du. Kantuarekiko maitasuna hiru alabei transmititzea da, aldiz, gehien pozten duena. Haria, azken batean, ez da eten Zugarramurdiren etxean.

Zer moduz egindako elkarlana? Zer moduz bizitzen ari zara momentu guzti hau? Abesti hau?

Ez nuen uste horrelako arrakasta izango zuenik. Tira, banekien Pellok izugarrizko kantak egiten dituela, eta hau ere oso hunkigarria izan da, bai berarentzat eta bai niretzat ere. Izan ere nik senarra galdu nuen berriki, eta sentimenduak pil-pilean hartzen dizun abesti bat da, egia esan.

Kantua entzuterakoan eta bideoa ikusterakoan transmititzen den sentimendu bat da.

Bai, halaxeuste dut nik, eta hala adierazi didate ingurukoek ere, behintzat. Barreneko sentimenduak mugitzen dituen abesti bat da. Izan ere, denok badugu falta zaigun norbait, ez bada gurasoetako bat, lagunen bat edo umeren bat. Eta kantuan eta baita bideoan ere galera horrek eragiten duena transmititzen dela uste dut.

Galera batek eragiten duen sentimenduaz hitz egiten du, minaz, hutsuneaz... Baina ederretik ere baduela erran daiteke, bada norbaiti agur esateko oso modu bat ere abesti hau, ezta?

Bai. Nik negarraldi ederra bota nuen abestia grabatzerakoan, eta gaur oraindik ere berriz entzuten dudanean negarra egiteko gogoa pizten zait. Eta hori ere ona da, horixe, barreneko sentimendu horiek mugitzea.

Nola iritsi zitzaizun zuri kantu proiektu honetan parte hartzeko proposamena?

Alaba Maider Etxarrin bizi da, eta Pello ezagutzen du. Egun batean etxera etorri zen, bat-batean bota zuen: “Ama, Pello Reparazek deitu dit”. Nik Pello Reparaz ez nuen ezagutzen, entzuna nuen, eta kanturen bat bai ezagutzen nuen, baina hortik aurrera ez. Eta hori esan zuenean gure iloba gaztea tente jarri zen. “Emakume bat behar omen du kantu berezi bat kantatzeko”. Ez nuen uste nitaz ari zenik, baina halaxe zela esan zidan alabak. Horrela etorri zitzaidan. Nik ez nuen nire burua ikusten, nire adinarekin, jende gaztearen artean. Beldurra ematen zidan. Hasieran ezetz erran nuen, bania azkenean joan nintzen, beldur pixka batekin, proba egitera. Pello eta gainerakoak ezagutu nituen eta, egia esan, zoragarri tratatu ninduten. Zoragarria izan zen. Nire bizitzako esperientzietan politena izan da.

Eta orduan, abestia entzun zenuen lehenengo aldian, zer pentsatu zenuen?

Lehen esan bezala, negarraldia on bat bota nuen. Ondotik grabazio eguna iritsi zen, bideoklipa egitearena, eta hori ere oso polita izan zen. Jende pila ezagutu dut, jende gaztea eta denen amona izan naiz. Niretzat hau oso opari polita izan da.

Pellok kontatu duen bezala, kantu honekin bere garaian lekurik izan ez zuten emakume kantariak omendu nahi izan ditu. Aukera gutxi izan dute emakumeek kantagintzan aritzeko?

Profesionalki ezinezkoa izan da, ez zen burutik pasatuko zitzaizun aukera bat. Gure gazte garaian bestelakoa zen dena. Pentsa ni 20 urterekin ezkondu nintzela, horrekin dena esanda dago. Oso gazte ezkontzen ginen, umeak izan eta gero etxeko lanetan, etxeko gurasoak zaintzen eta halakoetan aritzea izan da gure egunerokoa, gure bizitza.

Kantatzearena, beraz, etxe barruan egiten zen zerbait zen. Ez ote da ohitura hori ere pixkat galdu?

Bai, lehen bazen ohitura hori. Orain dagoeneko ez hainbeste, gazteak mahaiaren bueltan eseri bezain laster mobila ateratzen dute… Kantatzeko ohitura gutxi beraz. Lehen, desberdina zen. Nire baserrian hamar anaia-arreba ginen, aitona, amona eta gurasoak, denetara hamalau juntatzen ginen baserrian. Ni nintzen zaharrena, eta, gainera, neska. Beraz haurrak pasatzen ziren amaren besoetatik nire besoetara. Beti kantari egoten ginen. Gure aita oso kantaria zen, eta ama eta amonak ere asko transmititu zizkiguten sehaska kantak eta bestelakoak. Etxeko giroan halaxe aritzen ginen, baina etxetik kanpo abestea ez zitzaigun burutik pasatzen.

Nolakoa den bizitza, orain bai, orain zu zara abesten agertu dena. Kantu honek musikaren bidean jarriko zaitu berriz ere?

Ez dut uste, ez. Duela gutxi gaixotu nintzen eta ordutik ez nabil ongi bronkioetatik, ez dut aukera hori ikusten. Horregatik ere Pellok eman didan aukera hau goxoki moduko bat da niretzat, azken puntua izan da niretzat, eta zoragarria izan da.

Merezitako lekua izan ez duten emakume abeslariei zuzendutako omenaldia ere badela erran dugu. Nola sentiarazten zaitu horrek?

Ni gaztea nintzeneko hartan halakoxeak ziren garaiak, baina orain uste dut emakumeak aisago ateratzen direla kantura. Eta oxala hala izatea, egitan. Ni ere hala transmititzen saiatu naiz etxekoei. Hiru alaba izan ditut gainera, eta musikarako eta kanturako zaletasun hori transmititu diet, oso gustukoa dute, eta horrek izugarrizko poza ematen dit.