Lau urte igaro dira bidaia hasi zenetik. Lau urte Euskal Herriko eszenatoki guztietatik pasatzen, kantuz eta kantuaren bueltan aritzeko. Lau urte eta hamaika lagun oholtza horietako bakoitzean, une berezi bezain gogoangarriak sortzen. 'Kantu bat gara'-ren eta 'Kantu berri bat gara'-ren eskutik, Jon Maiak bi disko-liburu eta 30 kantu baino gehiago utzi ditu. Bidaia amaitzera doa, azken txanpan sartu da dagoeneko. Atzera kontuan, hiru kontzertu besterik ez, eta horietako hurrengoa Iruñean bertan izango da, bihar. Iruñeko Udalak antolatzen duen Kantu eta Hitza zikloak bere ohiko formatu txikia alde batera utziko du bertsolari zumaiarraren proiektu handiari lekua egiteko, merezitako agertokia emateko. Baluarten izanen da emanaldia, 19:30ean.
'Kantu berri bat gara’ azken txanpan sartu da dagoeneko. Nola daramazu?
–Sentimendu nahasketa bat da. Batetik, gelditzen dena bizitzeko ilusioa dago. Bestetik, pena ere bai, tristura pixka bat. Lau urte hauek oso intentsoak izan dira, asko-asko eman dit proiektu honek eta badakit hutsunea sentituko dudala, gogoratuko naizela. Baina nekea ere badaukat. Azkenean, uste dut bukatuta eduki beharko nukeela, izan ere, egon nahi nuen leku gehienetan egon naiz eta nire helburua, kantuen bidez gure kulturarekiko, gure kanuarekiko, herriarekiko begirada bat ematea zela, egina dudala uste dut. Gorputzak bukatzea eskatzen dit, ere.
2021ean hasi zen bidaia hau, kantugile gisa egindako 30 urteko bidea gogoratzeko asmoz. Atzematen zenuen une hartan noraino iritsiko zen?
–Garbi neukan mugarik gabe pentsatu nahi nuela. Hasi ginenean gogoratzen dut Viktoria Eugenia antzokia guk geuk alokatu genuela lehenengo emanaldirako, pandemia garaian. Inuxente egun batean zen, asteazkenez, eta asteartean Euskal Autonomi Erkidegoko komitea bildu zen eta erabaki zuen ordutik aurrera ezin zela inolako kultur ekitaldirik egin. Eta gurea hain zuzen hurrengo egunean zen, gonbidatu pilo batekin gainera. Hasiera bikaina, beraz. Azkenean, lehenengoa Arriagan egin genuen. Han ere guk alokatu genuen, eta nire bertigoa zen: “Eta etortzen badira 80 lagun eta ni hemen, Arriaga alokatzen edo Viktoria Eugenia, ze pretentziosoa, ezta?”. Egia esanda, lotsa pixka bat ematen zidan, beldurra eta bertigoa ere bai. Baina lehenengotik bete ziren areto guztiak. Areto handi guztiak eta, egia esan, imajinatuko nukeena baino askoz handiagoa izan da dena.
Hasieratik publikoak zure proposamenarekin bat egin duela sentitu duzu?
–Bai, uste dut jendeak konektatu duela, horrelako gauzak ikusi eta sentitu nahi dituela. Nik egiten dudana ez da kontzertu soil bat, ez da: “Begira ze kantu egin ditugun eta etorri entzutera”. Begira zer herri garen, begira nondik datozen, begira non gauden eta begira nora joan gaitezkeen. Hori da. Eta nik uste dut momentu hauetan jendeak hori eskertzen duela, baita ere. Badakit nik kontzertuetan egiten dudana beharbada ez dela asko egiten. Diskurtso asko ditut, eduki asko eta asko hitz egiten dut gutaz. Orain gehiago, beste ildo batzuk direlako, intimoagoak eta abar. Uste dut publiko batek asko eskertu duela hori. Gero, oso emozionalak dira kontzertuak. Horrez gain, dena dago jantzita maila handiko musikariez eta irudiez.
Jendea zerbaiten parte sentiaraztea izan da gakoa?
–Bai, nire asmoa hori izan da hasieratik. Zuk esan duzun bezala, aitzakia izan da ospatzea nire letragile ibilbidea, 30 urte bete zirelako Negu Gorriak taldeari Gora herria idatzi niola, nire lehenengo kantua. Aitzakia horrekin animatu nintzen 'Kantu bat gara' diskoliburua egitera. Baina gero konturatu nintzen kantuen bidez eman nezakeela ikuspegi bat. Eta hori da nire lan guztien atzean dagoena: motibazioa, ekarpen bat egiteko bizi naizen herriari eta mundualdiari ere. Eta hau horretarako modu bat izan da, gure burua definitzeko modu bat. Modu desberdinetan definitzen gara: estatu bat izan nahi dugu, errepublika bat, erresuma bat izan ginen, autonomia bat gara... Forma horiek guztiak aldatzen doaz mendeetan zehar. Forma horiek guztiak erori eta beste batzuk sortzen dira. Baina bada zerbait inoiz galdu ez duguna, eta hori da kantu bat garela, hasieratik euskaraz kantatzen duen herri bat garela. Gure identitateak bidaia bat egin du mendeetan zehar, gure kantuetan. Beste guztia aldatuko da beti, baina horrek hor jarraitzen du, jendeari esker.
Kontzertuetan inguruan dituzunak ere aipatuko ditugu: Gorka Hermosa akordeoian, Pello Ramirez txeloan, Nacho Soto pianoan eta sintean eta Nerea Quincoces perkusioan eta ahotsean. Talde ederra osatu duzuna...
–Kontzientziara egindako talde bat da eta instrumentazioa ere oso berezia da, ze oso akustikoa da. Adibidez, ez daukagu gitarrarik, hori nahiko arraroa da. Gorkarekin, beste proiektu batzuetatik nator, Lorca-Lauaxeta antzezlana, Hezur Beltzak taldea... Lagun handiak gara. Pello Ramirezekin lan egitea nire ametsetako bat izan da. Dokumental batzuetan lan egin izan dut bere musikarekin, baina nahi nuen bere sonoritate magiko hori nire taldean egotea. Adibidez, Benito Lertxundirekin 30 urtez aritu da, pentsa zenbat arreglo egin dituen kantu mitikoetan, eta Ken Zazpirekin edo Anarirekin ere lan egin izan du. Eta gero, gazteagoak. Nerea Quincoces makina bat da kantatzen eta perkusioan. Bere talde propioa du, Kuttuna. Eta Nacho Soto jazz mundutik dator. Nolabaiteko euskal selekzio bat daukagu hor, eta asko eman dio mezuari. Azkenean, mezuek ez badute edertasunik edo ez badute erakargarritasun bat, ona izan daiteke, baina ez da iristen. Niretzat oso inportantea izan da mezuaren azal guztia, enboltorio guztia zaintzea.
Euskal selekzioa aipatu duzula, burura etorri zait Iruñean, Gayarren ‘Kantu bat gara’-ren harira sortu zen une aipatuenetako bat. Jagoba Arrasateren bertsoaz ari naiz. Nola gogoratzen duzu momentu hura?
–Puntazo bat izan zen. Nik ez nion esan bertsotan egiteko edo koplak errimaz egiteko, baina berak hala erabaki zuen. Badakizue bertso eskolan ibilia dela gaztetan eta oso bertsozalea dela. Berak esan zidan: “Jon, bertsoak egin ditut eta, gainera, memoriaz kantatuko ditut”. Egun horretan egon ziren Pello Reparaz, Amets Arzallus eta jende gehiago, eta oso birala egin zen. Jagobak oso modu inteligentean erabiltzen du euskara, dagoen leku pribilegiatutik euskarari bere lekua emateko eta arnasa emateko. Uste dut euskaltzale guztiok ados egongo garela horretan.
Zure kontzertuetan ohikoak dira gonbidatu bereziak. Iruñean nortzuk izanen dituzu lagun oholtzan?
–Iruñeko lehenengo kontzertu hartan Jagobak egin zuena Gorka Urbizuk egingo du honakoan. Gero, egongo dira Olatz Larunbe dantzaria, Itsasoa gara dantzatuko duena berak bakarrik; Iruña Dantza Taldea, beste kantu batean kolaborazio berezi bat egiten; eta horrez gain, egongo da Zaria Haur Abesbatza, Errenteriakoa, 40 haurrez osatutako koro bat. Bestalde, hamalau pertsona oso ezagun igoko dira eszenatokira, Nafarroako eremu desberdinetako ordezkari bezala, denak euskalgintzari lotuak. Oso momentu magikoa izango da, noski.
Euskal Herriaren baitan dauden Euskal Herri guztiak irudikatze aldera?
–Hori da. Badakizu, hori egiten dut ahal dudan guztietan Euskal Herria B kantuarekin. Askotan Euskal Herria esaten dugunean aipatzen ez dugun Euskal Herri horri buruz ari naiz, eta orduan saiatzen naiz nire kontzertuak izan daitezen jendearen errekonozimendurako eta egiten duten lana ikustarazteko leihoak. Kasu honetan, Iruñean, oso-oso polita izango da.
Bidaia honek toki askotara eraman zaitu, eta akaso toki berezienetako bat hemendik urrun dagoen bat izan da: Kuba. Ze polita izan den Silvio Rodriguez euskaraz aditzea.
–A ze fantasia, ezta? Silvio Rodriguezek mundu osoan milioika zale dauzka, baina Euskal Herrian ere badakigu asko dituela. Ni naiz horietako bat, eta berarekin kantatzea eta berak euskaraz kantatzea, nik idatzitako zerbait kantatzea... Nik, kontsideratzen dudala munduko letristarik handienetako bat. Fantasia bat da niretzat, eta uste dut fantasia bat izan dela jende askorentzat ere. Gogoratzen dut Durangoko azokan nola etortzen zitzaidan jendea hau aipatzera, eta asko negarrez hasten ziren hitz egiten hasten zirenean. Askok esaten didate kantua entzutean negarrez hasten direla. Bera ezagutzeko suertea izan genuen iazko maiatzean Habanan, eta plazer handia izan zen. Eta bai, 'Kantu berri bat gara'-k eman didan opari handienetako bat izan da.
‘Nostalgia’ izena du abestiak. Ez dakit zu nostalgikoa zaren, Jon, edo nostalgiko jartzen zaituen proiektu honen akabailak.
–Begira, nostalgikoa naiz, baina plazerezko modu batean. Nostalgia gehiegi txarra dela uste dut, ze ainguratuta uzten zaitu, estankatuta uzten zaitu nostalgian bizi bazara. Baina pixka batek gustua ematen du. Nostalgiko asko dago ez duena garaiz aldatzen, ez duena aurrera egiten ere. Bizitzaren arlo askotan, esango nuke. Ni gehiago etorkizunean bizi naiz, orainean baino gehiago askotan. Beti daukat burua egingo dudan hurrengo gauzetan, eta askotan daukat sentsazioa bizitza irentsi egiten dudala, denbora trituratzen dudala. Batzuetan antsietate puntu bat edukitzen dut. Hainbeste gauza egin nahi ditudanez, irentsi egiten dut, jan egiten dut denbora eta bizitza, eta asko disfrutatzen dut. Beraz, nostalgian baino gehiago, etorkizunean egoten naiz.
Aitzakia horrekin galdetuko dizut: etorkizunera begira, zer daukazu esku artean?
–Lau urteko ziklo hau itxitzat ematen dut, eta musika alde batera utziko dut denbora baterako. Jarraituko dut kantatzen, baina bertsotan eta beharbada puntualki, formatu txikiagoan. Baina musika proiektu nagusia alde batera utzita, orain dokumental bat izango da nire hurrengo proiektu handia, eta inoiz egin dudan dokumental handiena uste dut izango dela. Orain arte sei egin ditut, eta honekin ilusio handia daukat. Aurre-lan guztiak egiten nabil, finantzazioa bilatzen, gidoia behin eta berriz birpentsatzen eta lehenengo grabaketa batzuk egiten. Oraindik ezin dut esan ze, badakizu, gauzak finkatu arte hobeto da ezer ez esatea, baina dokumental bat izango da.
Kantu eta hitza 2025
- Xehetasunak. O-ko Andre Maria Plaza Iruñeko Udalaren Kantu eta Hitza euskal musika egitarauaren agertoki izanen da beste behin. Sarrera librea izango da lekuak bete arte. Kontzertuak maiatzaren 15etik ekainaren 19ra bitarteko ostegunetan izango dira, 20:00etan. Eguraldia txarra izanen dela aurreikusten bada, Erraldoien Txokoan (Descalzos 72) eginen dira kontzertuak. Kasu horretan edukiera mugatua izanen da. Sarrerak doan izanen dira eta bertan jasoko dira, kontzertuak hasi baino ordubete lehenago. Bi sarrera hartzen ahalko ditu, gehienez, pertsona bakoitzak.
- Maiatzak 15, Ziztada & Rlantz. Reggae dub taldea da, 2017an sortua. Ahotsean Ziztada (Bilbo), Rlantz (Amurrio) base ekoizlea eta dub maker-a, eta Komadü (Sarria) saxofoi eta melodika-jo-tzailea dira taldea osatzen dutenak. Musika propioa sortzen dute eta letra alternatiboak eta aldarrikatzaileak dira oinarri.
- Maiatzak 22, Anari. Egun, Giza zarata (Tristuraren industria, 2024) azken diskoaren aurkezpen biran dihardu. Joaquín Pascualekin elkarlanean ekoiztua eta Paco Locoren estudioan grabatua, aurtengo disko onenen artean aipatu du Rock de Lux aldizkariak.
- Maiatzak 29, Frikun. Euskal Herriko lau musikari eta afro-rock talde bat dira, hein handi batean Afrika Mendebaldeko musika elektrikoan inspiratuak baina nortasun musikal propioa sortu dutenak. 2022an kaleratu duten Ezerezko Herria autoekoiztutako azken diskoan doinu liluragarriak eta erritmo uhinak uztartzen dituzten konposizio originalak daude, baita kritika sozialaren, hausnarketa globalaren eta introspekzioaren artean dabiltzan euskarazko hitzak ere.
- Ekainak 5, Hiuzz. 2021ean sortutako hirukotea dugu, aspaldiko lagunez osaturikoa. Pop/Rockaren bueltan sortzen dituzte abestiak, melodia argitsu eta soinu zikinak landuta. Duela gutxi kaleratu dute lehendabiziko lan luzea, Esperoan.
- Ekainak 12, Mirua. 2019an sortutako talde gipuzkoar gaztea, pixkanaka sendotuz joan da Euskal Herriko eta estatuko musika panoraman. Azken LP-aren lehen aurrerapenekin euren alderdi folklorikoena erakutsi dute (Salda badago), baita musika soinu berrietara egokitzeko duten gaitasuna ere (Lau begi eder).
- Ekainak 19, Xendra. Uharten sortutako egitasmoa da: egunerokotasunean musika konposatu eta elkarrekin jotzea gustuko duten sei gaztek osatutako sorkuntza proiektua. Bakoitzaren bizipenen ikuspuntutik abiatuta, ahal den heinean, gai unibertsalei helduko dien musika dute helburu euskal hitzez osatutako kantak proposatzen dituen talde honek.