Azkena izango zela erran zuen, baina ez da hala izan. Bernardo Atxagak Enarak eleberria plazaratu du Etxeak eta hilobiak argitaratu eta sei urtetara, Pamielaren zigilupean. “Belarrira hitz egin” zioten “musen deiari jarraituz”, Asteasuko idazleak atzo Iruñeko Katakrak aretoan erran zuen moduan, bere unibertso literarioaren jatorria gogora ekartzen duen eleberria idatzi du, bere ibilbideko hamaikagarrena. Aurrekoari bezala, honi ere “despedida kutsua” nabari zaiola azpimarratu zuen Lander Majuelo editoreak.
Enarak-en, bere literaturako baliabide narratibo ohikoetariko batzuk berreskuratu ditu egileak. Bi anai-en gisan, non narratzaileak animaliak ziren, hezur-haragizko gizakiaren ahotsetik aldendu da kasu honetan ere. Animalien lekuan, aldiz, “lau izaki inmaterial” dira kontakizunaren haria daramatzatenak, “zerutik eroritako aingeru modukoak”. Idazleak nabarmendu bezala, halako narratzaileak erabiltzeak egunerokotasunaren soketatik askatzea ahalbidetzen diote: “Soluzio moduko bat da. Animalia batek ez daki nork irabazi dituen hauteskundeak, nor den herriko alkatea. Sekulako askatasuna ematen dit, gainera, pertsonaia horren deskribapenetan, portaeran, hitz egiteko moduan…”. Baita maltzurkeriari hegalak ematerakoan ere. Izan ere, narratzaileek giza baldintzarik ez edukitzeak gaiztoagoak izateko lizentzia ere ematen die eleberrian, asteasuarrak aitortu bezala.
“Mendi bazter bateko kanposantura bidali gintuzten Jose Manuel Ibar Azpiazu izaki materialaren ehorzketa zelatatzera”, abiatzen da Enarak. “Lau aingeru militar ginen eskuadran eta, une eder hari zegokionez, oso pozik geunden denok. Gure misioari buru ematera gindoazen, eta ez nolanahi”. Hortik aurrera, “modu nahiko eskematiko batean” antolatzen da kontakizuna, idazleak berak azaldu bezala. Urtain ezizenaz ezaguna zen boxeolari ospetsuaren ehorzketan kokatzen da lehenengo atala. Bigarrenean, ehorzketa hartatik 25 urtetara gertatzen den beste hileta bat, kasu honetan Urtainek gorroto zuen gizon batena. Eta, azkenik, lehenengo ehorzketatik 50 urtetara hirugarrena. Urtainek maite zuen norbaitena.
“Ni mundu horretakoa naizelako hautatu dut Urtain pertsonaia nagusi bezala. Ezagutu nuelako. Harreman zuzena izan nuelako. Nire gogoan dago eta balio izan dit bere izateko modua azaltzeko”. Hurbiltasunaz gain, “bigarren motibo bat” ere badago Atxagak hautaketa honen atzean: “Helburu ideologiko-politiko bat izan da, niretzat, gure herri honetan dagoen nekazariaren estigma horri ahotsa kentzea”.
Hala, “ezarri ziguten ideologia klasistarekiko” kritikatik edaten du kontakizunak, baita elkarrengandik oso hurbil dauden mendeku zein justiziatik, batez ere eleberriaren amaieran nabarmentzen den afera. Koadro galeria bat agertzen zaio irakurleari, horietako bakoitza arkatza zorrotzez idatzitako mezu bana daramana. “Ideologikoki kide ez nituen jende askoren artean egon izan naiz”, gogoratu zuen atzo Atxagak. “Kontuak atera nahi nituela esatea itsusia da, baina kontabilitatea egin nahi nuela esan daiteke”.
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">