Aspaldi ikusi gabeko lagun batekin egokitu nintzen lehengoan Azpeitian, eta hara non galdetzen didan xalo-xalo: “Hi, Pako, orain atera dekan liburu hori non erosi leike?”. Erantzun niezaiokeen modurik zakarrenean, ebidentea dena esanez: “Liburuak non erosiko dira ba, liburu dendan ez bada?. Haragia harategian bezala, arraina arrandegian, ogia okindegian”. Baina hitza hartzera nindoala oroitu nuen, bat-batean, gure herriko egia terriblea: Azpeitian ez dagoela liburu dendarik. Tira, Azkoitira joan zitekeen, pauso batera dago? baina han ere berdin: ez dago liburu dendarik. Tira, Zestoara joan zitekeen? baina han ere ez dago liburu dendarik.

Nire lagunaren galdera inozoak atzean ezkutatzen duen errealitatearen kontzientzia hartu nuen: gure herrietan hotelak, jatetxeak, tabernak milaka egonen dira, arropa dendak, auto garajeak, igerilekuak, kultur etxe ponposoak, baina ez dago, kasik, liburu dendarik. Inkesta xume bat egin nuen, bote-prontoan, nire lagun batzuen artean, erreportaje serio bat egin nahi gabe, lagin bat baizik, agertuko zuena Gipuzkoako zein herri dauden liburu dendarik gabe, eta hona zerrenda probisionala: Azpeitia, Azkoitia, Zestoa, Zumaia, Aretxabaleta, Eskoriatza, Oiartzun, Hondarribia, Getaria, Billabona, Urnieta, Andoain, Urretxu, Lezo, Mutriku? 125.449 biztanle liburu dendarik gabe, eta gehiago izan litezke.

Irudika dezagun esaldi bera beste osagarri batzuekin: 125.449 biztanle ospitalik gabe, eta gehiago izan litezke. Edo: 125.449 biztanle autobusik gabe. Edo: 125.449 biztanle urik gabe? Larria, ezta? Liburuak eta ura, ederra alderaketa, esango du norbaitek; baina ura daukagunean, bizirik irauteko, gero ez al diote liburuek beste kalitate bat ematen bizitza horri, beste edertasun bat? Ez al dira beharrezko? Nik aspaldi erantzun nion galderari, orain zure aukera da, irakurle.

Liburu apur batzuk erosteko aukera ematen duten paper dendak badira, baina gehienek best-sellerrak soilik saltzen dituzte, euskal liburuetatik granorik ere ez. Herri hauetako bostek 10.000tik gora biztanle dauzka; nik ez dakit zein den bataz besteko gomendagarria Europa mailan, hala nola esaten duten 1.000 biztanleko hainbeste mediku behar direla, hainbeste polizia eta abar, baina 10.000 lagunetik gora bizi den herri batean, umeek beharko dituzten eskola liburuekin bakarrik, iruditzen zait errentagarria izan behar lukeela liburu denda batek, eta hala ez balitz ere, udalak babestu behar lukeela oinarrizko zerbitzu baten gisan, anbulatorioak eta su-hiltzaileak babesten dituen bezala, autobusak eta udaltzainak, lorezainak eta zaharren egoitzak.

Liburu denden hutsune edo desagertze honek sekulako kaltea dakarkio euskal kulturari, idazleon zereginari. Gure lanak lau zati baitauzka oso garbi bereiziak: sormena, ekoizpena, zabalkundea, eta irakurleengana iristea. Guk idatzi egingo dugu, argitaletxeek liburua ekoiztuko dute, liburu dendek zabaldu eta saldu, irakurleek erosi. Baina bat-batean liburu dendak desagertzen badira, kate osoa eteten da.

Zer geratzen zaio irakurleari? Donostiara doanerako utzi liburu erosketa? Amazon-etik eskatu? Martxa honetan iritsiko da eguna liburuak paketeetan jasoko dituguna etxean, edo antikuarioetara joango garena liburuen bila, etxeko apaletan jartzeko antzinako objektu artistikoen gisan, Erdi Aroko edo historia-aurreko erlikiak balira bezala.