Edozein hiztegi irekitzean, lehenengo a letraz hasten diren hitzak aurkitzea espero du erabiltzaileak, ondoren b letradunak... Hurrenkera horretan, euskara hitza hiztegi baino lehenago agertuko da, baina bertsolaritza baino atzerago. UZEIk, ordea, logika hori hankaz gora jarri du, edo, zehatzago esanda, atzekoz aurrera. Android telefonoetarako kaleratu berri duen aplikazioan, amaieraren arabera lotzen dira hi-tzak. Hiztegi alderantzikatu horren izena ezin aproposagoa da, Atzekoz Aurrera. .

Hiztegi bakoitzak funtzio jakin bat du: Definizioak ematea, sinonimoak, hizkuntza batetik besterako itzulpenak eta abar. Atzekoz Aurrera tresna berriak ere badu berea, alegia, errimak aurkitu nahi dituenari laguntzea. Horregatik dira garran-tzitsuak hitzen amaierak.

FORMATU DIGITALEAN UZEIk azaldu duenez, atzekoz aurrerako hiztegiak paperean kontsultatzea ez da batere erosoa, hiztegi arruntetan hain eraginkorra den alfabeto bidezko ordena ezin delako erabili. Hartara, formatu digitalean atera-tzea da aukerarik aproposena: Hitz bat bilatzailean sartu, eta hiztegiak berehala erakutsiko ditu amaiera hoskidea duten hitz guztiak. Atzekoz Aurrera aplikazioari esker, sakelako telefonotik bertatik erraz eta nonahi bilatu ahal izango dituzte erabiltzaileek errimak, Android gailua badaukate behintzat.

Poltsikoan eraman daiteke euskararen errimategi aberatsa. Atzekoz Aurrera-k 53.000 sarrera baino gehiago ditu gordeta, era askotakoak: izenak, adjektiboak, adberbioak, determinatzaileak, izenordainak, aditzak, lotura elementuak, esaerak eta onomatopeiak. Oinarrizko lexiko guztia eta egunerokoan erabiltzen diren zenbait termino sartu dituzte.

Alabaina, beste era bateko sarrerak baztertu egin dituzte; esate baterako, izen propioak, forma deklinatuak eta adizki jokatuak. Testu errimatuak sortzean ohikoa da azken horiek erabiltzea, beraz, aplikazioak ematen ez dituen errima horiek kontuan hartu beharko ditu erabiltzaile bakoitzak.

ASPALDIKO ESKARIA Aplikazio hau ez da hutsetik jaio, mende laurdeneko ahalegin baten urrats berria da. 1994an argitaratu zuen UZEIk lehenengo hiztegi alderantzikatua, paperezko formatu klasikoan zein CDan. Izan ere, bertsolaritzak gure kulturan duen zabalkundea aintzat hartuta, errimak aurkitzeko tresnak bilatzea ez da harritzekoa. Resurrección María de Azkue lehenengo euskaltzainak era horretako argitalpen baten beharra aipatu zuen 1923an. Garai modernoagoetan, Xabier Amurizaren Hiztegi errimatua erreferentea da, UZEIren ekarpenaz gain.

Bertsolari eta zaleen artean arrakasta izan zuen arren, urteak joan eta urteak etorri, zaharkitu samar geratu zen UZEIren hiztegi alderantzikatu hura, eta bertsio berria eskatzen hasi ziren erabiltzaileak. Hala, 2017an Atzekoz Aurrera eguneratua sarean jarri zuen UZEIk. Berritua ez ezik, osoagoa ere bazen. Ohitura berrietara egokitzeko asmoz, hurrengo jauzia sakelako telefonoetara egin du.

BERTSOLARIEN LAGUN Atzekoz Aurrera hiztegi alderantzikatua Google Play gune digitalean deskargatu daiteke. Nagusiki, bertsolariak izan ditu UZEIk gogoan, euskarazko errimak lantzea ezinbestekoa baita haien jardunean. Hain zuzen ere, bertsolaritzaren mundutik heldu da aplikazioa sortzeko eskaria. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak tresna honen sustapenean eta zabalkundean lagunduko dio UZEIri.

“Atzekoz aurrerako hiztegiekin lan egin behar izaten dute, nolabait, bertsolariek beren buruan”, azaldu du UZEIk aplikazioaren aurkezpenean. “Horretan trebatzen dira etengabe, eta harian-harian eratzen dituzten hiztegi pertsonalen osagarri izan daitezkeen tresnak behar dituzte”. Bertsogintzan trebatzen ari direnentzako oinarri baliotsua izan daiteke tresna hau, beraz.

Hizkuntza boteretsuagoen itzalean, ingurune digitalean lekua egiteko lanean ari da euskara, teknologiaz inguratutako munduan bizirauteko ezinbestekoa baita. Bada, hizkuntza gutxik izango dute hitzen amaieraren araberako hiztegirik, are gutxiago aplikazio batean. Noiznahi eta nonahi euskararekin eta errimekin jolasteko aukera paregabea da.