Ama Extremadura / aita Zamoratik / abuela ta abuelo / haien aurretik. / Herri hontan sustraitzen / asmatzeagatik / neuke maita dezaket / guztien gainetik. / Euskeraz badakit / bertsoz darabilkit / dena zuengatik / halaxe dagokit. / Denek kantatu dute / nere ahotik”. Horra hor Jon Maiak (Urretxu, 1972) 1997ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko agurrean botatako bertsoa.

Bertsolari, idazle, kulturgile eta beste hamaika ekimenetan aritua, Maiak hainbatetan islatu du bere ibilbidean zehar migrazioak identitatean, hizkuntzan eta kulturan eragindako errealitate biren arteko gatazka. XX. mendean, Frankismo garaian, espainiar estatuko toki askotan existitzen zen miseriatik lan eta ogi bila Euskal Herrira etorri zen jende asko eta asko. Herri bakarrean batu beharrean, “bi Euskal Herri” agertu zirela dio Maiak. Urtetan zehar buruan bueltaka izan du zatiketa horrek sortutako zama: “lotsa ematen zidaten nire abizenek, lotsa ematen zidaten nire jatorria azaleratzen zuten gauza askok”, aitortu du urretxuarrak. Aurreko bertso horretan aitortu zuen jendaurrean lehen aldiz barnetik bizi izandako errealitate hori: ama Extremadurakoa eta Aita Zamorakoa ditu Maiak. Lotsarik gabe, harro. “Beti esango dut hor atera nintzela armairutik”.

Bi hamarkada beranduago, Hezurbeltzak proiektuaren bidez, Maiak berriz ekarri nahi izan du gurera bi errealitate horien arteko gatazka: “elkar ulertzeko elkarrizketa zor diogu batak bestari”. Bertsolariarekin batera, Gorka Hermosa (Urretxu, 1976) akordeoilariak eta Jesus Prieto Pitti (Avila, 1967) gitarrajoleak osatu dute Hezurbeltzak musika taldea.

Belarrimotzak Belarrimotza, maketoa, koreanoa, hezurbeltza? Herri bakoitzean izen ezberdinez ezagutzen ziren Espainiatik gurera bizitzera etorritako bizilagunak. Kasu askotan, ghetto antzekoak sortu ziren herrietan: “Nire abuela eta abuelo, eta izeba eta osaba, eta familia osoa Extremaduratik Zumarragara etorri ziren bizitzera. Etxeberri auzoan kokatu ziren”, kontatu du Maiak. Ez zuen ba, kasualitatez, Hezurbeltzakek bere lehen kon-tzertua bertan eman: “estreinaldi sinbolikoa izan zen oso Etxeberrikoa, tradizioz emigranteen auzoa izan baita Etxeberri Zumarragan. Herritik kanpora jartzen ziren horrelako auzoak, etorkinak ere jendartetik kanpo gera zitezen”.

“Norberaren mina hain handia denean, zauriak hain sakonak direnean, ez dugu ikusten beste aldean benetan zer dagoen”, dio bertsolariak. “Espainiatik zetorren guztia etsaitzat hartu izan dugu beti Euskal Herrian. Gerra galdu genuen, gu geu eta gure hizkuntza zapaldu ziguten, eta horrela begiratzen genion Espainiatik zetorrenari, pentsatu gabe etorritako gehienak ere gerrako galtzaileak zirela. Etsai beraren kontra aritutakoak ziren, langileak, baina erremediorik gabe, elkarren artean eraikitako horma batek euskal kulturatik kanpo utzi zituen. Horrela sortu ziren hezurbeltzak edo maketoak alde batetik, eta vascorroak bestetik”, azaldu du urretxuarrak.

Jonen antzera, Gorka Hermosaren familia ere kanpotik etorritakoa da, Segoviatik, hain zuzen: “XX. mende horretan, kanpotik etorritakoak eta bertokoak ez zuten egungo bizikidetza harmoniatsua izan. Urte luzez bizkarra eman zioten elkarri eta ez ziren garai xamurrak izan”, azaldu du akordeoilariak.

Hezurbeltzak proiektuarekin, ordea, ez dute garai hartako zama inoren kontra jarri nahi: “Orain beste perspektiba batetik behatu dezakegu errealitate hori, lasaiago. Garai hartan indarrak atera, eta esfor-tzu eta lan handiarekin euren sorterria utzi eta bizitza duin baten bila Euskal Herrira etorritako horiei omenaldi xumea egin nahi diegu”, dio Hermosak. “Euskaldunen eta erdaldunen imajinarioetan dauden estereotipo eta barrera psikologikoak desegin nahi ditugu, jendeari bide eman, elkarren artean hobeto ezagutzeko. Artearen, musikaren eta umorearen bitartez distantziak ezabatu nahi ditugu. Gure kantuak mundua aldatzera datoz, mundu hobea lortzera”, gehitu du Maiak.

Etorkinen semeak, belarrimotzak dira Maia eta Hermosa, eta etorkina, berriz, Jesus Prieto Pitti. ELE! Lorca-Lauaxeta antzezlanean ezagutu zuten elkar hirurek, eta harreman estua egin dute ordutik. Taldekideak “Lorcaren eta Lauaxetaren semeak” direla dio Maiak, eta Hezurbeltzak taldea proiektu horren luzapena.

Bi Euskal Herri Frankismoak erahil zituen Lauaxeta eta Lorca, “fusil berdinek fusilatu zituzten”, dio urretxuarrak. Bat errepublikar andaluza zen eta bestea komandante aber-tzalea. Batek bere herriaren independentziagatik galdu zuen bizitza eta besteak bere balio errepublikanoengatik. “Zer egin dugu gero gaizki? Zer gertatu da hortik hain urrun ibiltzeko ondorengo hamarkadetan?”, galdetu du Maiak. “Lorcak eta Lauaxetak erakutsi ziguten balio unibertsaletan bat egitea posible dela, nahiz eta bi kultura oso ezberdinetan hezi, bi identitate ezberdin garatu eta bi lur ezberdinetan erein. Balio bertsuengatik galdu zuten bizitza”, azaldu du bertsolariak. Hori da Maiari interesatzen zaion kontakizuna: “Ez gaude bata bestearengandik hain urrun. Konpontzeke dagoen elkarren arteko zor historikoa dugu. Frankismotik datorren zatiketa sozial, kultural eta politikoen ondorioetan bizi gara oraindik, bi Euskal Herritan banatuta. Euskal kulturatik eta euskalduntasunetik erabat kanpo dagoen komunitate handia dago oraindik”.

Zatiketa hori existitu bitartean, “akordio nazionalak lortzea ez dela posible” uste du Maiak. Erabakitzeko eskubidearen auzia jarri du adibide bezala: “Nola lortuko dugu euskal herritarrok burujabetza, nola lortuko dugu erabakitzeko eskubidearen alde ez daudenak mugiaraztea, nola nahi dugu parte-hartze zabala edukitzea, alde horretan daudenak ez baditugu 50 urtetan agurtu. Nola erakarriko ditugu gugana?”, galdetu du bertsolariak.

Hezurbeltzak-ek argi dio zein izan behar den lehen pausua: elkar ezagutzea, “hain sinplea eta hain zaila aldi berean. Benetan elkar ezagutuz hasiko gara estereotipoak desegiten, egiazko pertsona ezagutzen, eta baita gure buruan sortutako mamuak uxatzen ere. Sentitzen ditugun mehatxuetako asko ezjakintasunaren ondorioz eraiki ditugu, ezagutzen ez dugunak sortzen baitu beldurra. Ezin dugu eginkizun hau politikarien esku utzi, herritarrok konpondu behar dugu”, uste du Maiak.

Egungo migrazioari buruz galdetuta, garai bateko akats berdinetan erortzeko arrisku handia daukagula uste du urretxuarrak: “begirada klasista, etorkinak auzo marjinaletara, lanik txarrenetara? Egungo migratzaileekin gatazka politikorik izan ez arren, gauza asko errepikatzen ari gara, begirada klasistak hor jarraitzen duelako. Diru gutxirekin edo ezer gabe etorritakoak jatorriaren eta kolorearen arabera sailkatzen ditugu, errezeloz begiratzen diegu, beldurrez. Ezagutu gabe estigmatizatu egin ditugu”, uste du. Europan eta mundu mailan azaleratzen ari diren jarrera xenofobo eta ultra eskuindarren aurrean, “balore positiboak zabaltzeko” helburua du Hezurbeltzakek.

Zuzenean

Diskoaren sorkuntzan hamaika musikarik parte hartu badu ere, hirukotean emango dituzte Hezurbeltzaken kontzertuak. Jon Maiak jarri dio ahotsa taldeari eta berak idatzi ditu diskoko hamahiru kantuetako letra gehienak. Musika Gorka Hermosa akordeoilariak eta Prieto gitarristak jarri dute. Orain hilabete gutxi, munduko akordeoi konposizio onenaren saria irabazi zuen Hermosak; laugarrena, sei urtean. Prieto Bartzelonan aritzen da musikan murgilduta: goi mailako eskolan irakasle eta talde askotan musikari bezala. Besteak beste, Los Secretos, Manolo Escobar, La Cabra Mecanica eta Celtas Cortos taldeekin jo izan du Pittik.

Zaindutako estetika esanguratsuekin, “gizarteak alfonbra azpian ezkutatutako pertsona marginalei” kantatzen die taldeak, baita maitasunari ere. Tartean, norberaren esperien-tziak utzitako hausnarketak ere luzatzen dituzte. Dena “dezenteko umorez eta ironiaz”. “Zenbaitetan entzuleak ez du jakingo serio ala brometan ari garen”, ohartarazi du Maiak. Orain arte eskainitako kontzertuetan eduki duten harrera “hunkigarria” izan dela dio taldeko abeslariak: “akupuntura egingo bagenu bezala sentitzen gara, mina dagoen lekuan orratza sartzen. Emanaldi guztietan irriak eta malkoak ikusi ditugu”, kontatu du.

Kontzertuek “alde batekoak zein bestekoak” elkartzeko forumak ere badirela dio Maiak: “Elkarren arteko topaguneak modu naturalean sortzen ditugu, kontzertu baten inguruan. Milaka eta milaka gara maketoen seme-alabak, gaur egun euskaraz bizi garenak baina bere garaian guk kontatzen ditugunak bizi izan ditugunak. Hunkigarria da benetan, ikuskizunaren amaieran entzuleak etorri eta bere bizitza kantatu dugula esaten digutenean”.

Zumaian (otsailak 15), Bilboko Kafe Antzokian (otsailak 21) eta Azpeitiako San Agustin kulturgunean (otsailak 23) eskainiko ditu hirukoak hurrengo kontzertuak.