Bideo-jokoen 8. belaunaldia 2012ko azaroan abiatu zen, duela ia zazpi urte. Belaunaldi hau inoiz baino hobeto dagoela esan daiteke, sekulako maila duten bideo-joko pila ditugu aukeratzeko eta entretenimendua ez zaigu falta. Baina 7 urte denbora asko da, jendeak kontsola potenteagoak nahi ditu, eta badirudi kontsola-fabrikatzaileak hurrengo belaunaldiari hasiera emateko prest daudela epe motzean.

Zurrumurru batzuen arabera, aurten Sony eta Microsoftek kontsola berriren bat aurkeztuko dute. Zurrumurru optimista gutxi batzuen arabera, aurten jarriko lirateke salgai; gehiengoen apustua, baina, 2020a da. Are gehiago, baliteke beste konpainia gehiagok belaunaldi berria aprobetxatzea kontsolen merkatuan sartzeko.

Google eta Amazon aspaldi izan dira kontsolak merkaturatzeko asmotan, baina ezer gutxi dakigu beraien asmoez. Jakina da hainbat garatzailerekin hitz egiten egon direla, eta hauen sostengua nolabait izango dutela. Zurrumurru batzuen arabera, bi kontsolek streaming bidez jolasteko aukera emango lukete, hau da, Internet bidez jolastea: jokoa zerbitzari urrun batean exekutatu eta gure etxeko telebistatik jolastu ahal izango genuke.

Teknologia hau dagoeneko eskuragarri dago, baina oso mugatua da. Sonyk, adibidez, Playstation Now zerbitzua eskaintzen du hainbat jokotan Internet bidez jolasteko, hilero 20 euro ordaintzearen truke. Eta Japonian posible da Nintendo Switchen Resident Evil 7 eta Assassin’s Creed Odyssey-ra jolastea. Tamalez, oso konexio azkarrak behar ditugu etxean, eta abiadura hauek ezin ditu edonork ordaindu oraindik.

JOKO DIGITALAK Bere aldetik, Google-ek kontsola berri bat aurkeztuko du hilabete bukaeran, orduan jakingo dugu nolakoa izango den. Zurrumurru batzuen arabera, espero da kontsola tradizionalago bat aurkeztea. Xbox One X baino askoz potenteagoa litzateke, eta ez luke CD irakurgailurik edukiko, joko guztiak digitalki eskuratuko genituzke.

Microsoft-ek antzeko joera bat jarraitzeko asmoa duela dirudi. Beraien hurrengo kontsolak Anaconda ezizena dauka, eta bi eredu desberdin jarriko lituzke salgai: lehenengoa, kontsola guztiz tradizionala, CD irakurgailuekin; eta, bestea, guztiz digitala. Zurrumurru batzuen arabera, aurtengo ekainean aurkeztuko dute kontsola berria, E3 azokan, baina ez da datorren urtera arte salgai jarriko.

Sonyri buruz, berriz, ezer gutxi dakigu, baina dagoeneko nabari da beraien kontsola berria ere bidean dagoela. Aurtengo E3 azokan inongo aurkezpenik ez egitea erabaki du konpainia japoniarrak, eta horrek zer susmatu eman du. Baliteke garapenean dituzten joko asko, oraindik publiko egin ez direnak, kontsola berrirako prestatzen egotea, eta dagoeneko publiko daudenak bakarrik uztea urte honetarako.

SWITCH BERRIA Nintendoren kasuan berriz, badirudi ez duela inongo presarik belaunaldi berrira jauzi egiteko. Switch kontsolak bi urte ditu soilik, eta arrakasta handia izaten ari da. Ziur egon enpresak arrakasta hori ahalik eta gehien baliatu nahiko duela. Baina Nintendo ere ez da zurrumurruez libratzen. Espero da aurten Switch modelo berri bat aurkeztea, eta nolanahiko iritziak ditugu hemen. Batzuen arabera, kontsola potenteago bat izango da, PS4aren potentziatik oso gertu egongo litzatekeena, Switch Pro bat, hain zuzen. Beste batzuen arabera, betiko Switch kontsola litzateke, baina eramangarria izateko bakarrik prestatuta, Switch Mini edo horrelako zerbait, txikiagoa eta merkeagoa. 3DS kontsolaren ondorengoa ote?

Aldaketarako presarik ez duzuenok lasai egon zaitezkete, aurten oraindik ez dirudi belaunaldi berria hasiko denik, baina ziur egon uste baino gertuago dagoela erreleboa. Presa duzuenok berriz, hartu lasai eta aprobetxatu oraindik jokatu ez dituzuen jokoez gozatzeko, ziur hainbat dituzuela zain.