Bartzelonan harrapatu dugu Aitor Beltran, Lehman Trilogy antzezlanean buru belarri murgilduta. Soinujolearen semea pelikulan egindako lanarekin oso pozik agertu da, filmazio prozesua batzuetan gogorra egin zitzaiola aitortu badu ere. Euskal zinemaren maila oso altua dela nabarmendu du, baita paper protagonistetako bat eskaini izana eskertu ere.

Zer nolako esperien-tzia izan da film honetan parte hartzea?

Oso berezia. Aktore-multzo nagusia antzerki obran ere bazegoen: Bernues zuzendaria, Iñaki Rikarte, Asier Hernandez, Joseba Apaolaza? Bi urtez egon ginen taula gainean, eta, horren ostean, pelikula egiteko berriro ere elkartzea oso berezia izan da. Hala ere, aldaketatxoak egon dira. Antzezlanean, adibidez, nik David gaztearen pertsonaia egiten nuen. Pelikulan, berriz, David heldua naiz.

Horrek lana erraztu du?

Bai, duda barik. Nolabait perspektiba bat ematen dizu. Antzezlana 2002an egin genuen eta orduan an-tzeztutakoa oroitzapen bihurtu zaigu, zinez. Oraingo honetan, pelikula egiterakoan, gure pertsonaia helduek iraganari buruz hitz egiten zutenean, bagenuen iragan bat, gazteagoak ginenekoa? Oroitzapen horiek, neurri batean, benetakoak dira. Hala ere, horrek ez du zure interpretazioa guztiz aldatzen, oinarri bat da, ez besterik.

Zer topatuko du ikusleak pelikula honetan?

Historia ikaragarria da. Ikusleak denetik topatuko du pelikulan: gatazka politikoak, kultura, akzioa, tentsioa, gaztea izatetik heldua izaterako bidea, herri eta hirietako bizimoduen arteko kontrastea, aitarekiko harremanak? Oso nobela konpletoa da, eta pelikula ikaragarria.

Maiatzean hasi zineten grabatzen eta zazpi hilabetetan dena amaituta zenuten. Intentsoa izan al da filmazio prozesua?

Ez bereziki, beste batzuen antzekoa, esango nuke. Topera ibili ginen, hori bai. Gainera, ni bolada hartan Lehman Trilogy antzezlana egiten nenbilen Madrilen eta oso intentsoa izan zen; baina, bestela, filmazio prozesua familia artekoa izan da, denak lagunak baikinen.

Hala ere, filmaketaren une batzuk bereziak izan ziren?

Bai, batez ere bat. Oso eszena luzea da, 8 bat minutukoa, mozketarik gabe. Gidoiko sei orri ziren, pentsa ezazu! Bi gau eman genituen eszena hori grabatzeko, dena jarraian. Oso nekagarria izan zen, baina emaitza itzela da.

Pelikula jada ikusita daukazu?

Bai, Durangoko Azokan ikusi nuen. Oso polita iruditu zitzaidan. Hala ere, zaila da iritzi objektibo bat ematea. Finean, pelikula ikusi baino, lagun batzuk ikusi nituelako hor lanean. Gainera, lan honetan sei urte eraman arren, oraindik ere oso gogorra egiten zait nire burua pantaila handian ikustea, begiak erdi tapatuta ikusten dut.

Euskaraz filmatutako pelikula da ‘Soinujolearen semea’. Euskal zinema aurrera doala uste duzu?

Bai, zalantzarik gabe. Profesional handiak daude, bai kamera aurrean, baita atzean ere. Zentzu horretan, Fernandori eta Abra producciones etxeari eskerrak eman nahi dizkiet pelikula hau egiterako orduan Iñakiri eta niri paper nagusiak egiteko aukera emateagatik, aktore ezezagunen aldeko apustua egiteagatik.