Espero izatekoa zen: gure herriaren desindustrializazio mantso baina jarraituak, Euskal Gatazkaren alderdi disruptiboenen amaierak, eta hizkuntza ofizial guztietako albistegietan Arantza Tapiari eta euskal kostaldearen eta barrualdearen arrakasta turistikoari eskainitako gero eta tarte luzeagoek eragina izan behar zuten gure letren garapenean. Eta, “Erasmus literaturaren” aroan gure idatziak turismo literarioa egitera atzerrira irten ziren modu berean, unea heldu da gure lurraldea -hitzezko- armen bitartez berrartzeko, eta euskal literatura, azkenik, Airbnb-ren orbitan jartzeko. Egia da ez dela bereziki zaila, orain arte gure herriaz idazleok egin dugun erretratu hits eta tragikoa kontuan hartuta, batez ere “gauzari” buruz ari ginelarik. Baina hemendik aurrera, badakizue, utikan goibeltasuna!

Har dezagun, esaterako, Uxue Alberdiren Jenisjoplin eleberria (Susa, 2017), zeinak, egia esan, bere abiatze indartsu bezain ilunarekin bestela bezala hasten baita -heroinaz beteriko berunezko urteen gogora ekartze eta guzti-. Baina, zorionez, amaiera aldera inolako aitzakiarik gabe erredimitzen da, Getariako portuan zeharreko bisita gidatu baten bitartez -krustazeoen haztegiei egindako kuku alegoriko eta guzti-, eta, batik bat, kaialdeko otordu erromantiko-paisajistikoarekin, Urola Kostako mankomunitatearen turismo sailaren diptiko informatibo guztietan agertzeko modukoa.

Urrats bat harago egiten du Joxean Agirreren Goldsmithen ikaslea nobelak (Elkar, 2017). Bertan, amaiera aldeko ataletako batean, narratzaileak bere literatura kurtso birtualeko irakasle eta ikaskide atzerritarrak Euskal Herrian zeharreko tour batera gonbidatzen ditu, zeinetan ez baita ezertxo ere falta: Ibaizabalen gorako Bilboboats bitartezko bisita, noren eta Joseba Zulaikaren gidaritzapean; Aran-tzazura irteera nahitaezkoa -Pello Zabalarenarekin, zer esanik ez-; Mugaritz jatetxean sekulako bazkaria, Adurizen beraren iruzkin erudituekin, eta errematatzeko, sagardotegira doaz dieta tradizionalago batez gozatzera, Xabi Payaren bertso eleanitzek lagunduta? Aitor dut, pasartea irakurtzean, eta egilearen obra ezagututa, une batetik bestera ironiaren eraso zoritxarrekoa noiz iritsiko zain egon nin-tzela, beldurrez. Baina azkenean ez zen inondik ere agertu, ziria, eta Agirreren prosa turistikoaz gozatu ahal izan nuen trabarik batere gabe.

Baina euskal prosa turistikoaren gailurra, orain arte, Kirmen Uriberen Abangoardia maite duen antzinako herria. Euskadi Basque Country liburuxka izango litzateke (Eusko Jaurlaritza, 2018), gure geografia eta txokoei -fisiko zein kon-tzeptualei-, iragan urrun eta hurbilari, bertuteei eta -askoz ere gutxiago- bizioei egindako erakunde-enkarguzko errepaso eder bezain kilikagarria, aurreko liburuetan metatutako zentzu bereko ahalegin txalogarrien epitomea. Egia da iritzi maltzurrek, Angel Errorenak bezala, galdatzen zutela, lan horren izenburuaren aurrean, ea ez ote garen gehiago “antzinakotasunaz maitemindurik dagoen herri modernoa, modernoegia agian” (Berria, 2018-IV-29). Baina ezin ados egon fede txarreko iruzkin horrekin: euskal gatazka -labur- islatzeko orduan, abilki, ETAren edozein aipamen saihestea lortzen duen lan batek, euskal literatura turistikoaren txapelduna izatea merezi du, inolako zalantzarik gabe.