Bi egun igaro ditut historian zehar inperio ezberdinen atzaparretan alde batera eta bestera ibili den Georgiako hiriburuan. Kura ibaiaren alde bietara hedatzen da Tbilisi, trafikoz beteriko kale zabalak eta erortzear dauden alde zaharreko eraikinak konbinatuz. Modernoa eta tradizionala, berria eta zaharra, lotura handirik gabeko collage bat osatzen dute, turismoak pixkanaka-pixkanaka dakarren diru iturriaz itsatsita.

Lehen egunean euritik eguzkitara eta eguzkitatik euritara ibili naiz. Bigarren eguneko eguraldiak, aldiz, garbiago jokatu du nirekin. Itxura guztien arabera eguna nazkagarria izango dela ikusarazi baitit goizean goizetik. Eguerdiko ordu biak dira, eta Tsalka izeneko herri arimagabe baten kanpoaldean nago euritik babestua, oinarrizko gauzak saltzen dituen janari denda batean. Denda berdinean beste bizikleta bidaiari bat dago. Baptiste du izena eta orain dela zazpi hile atera zen bere Belgikako jaioterritik. Kontrako norantzan goazenez, aurrean datorkigun ibilbideari buruzko informazioa elkartrukatu dugu. Berak asfaltorik gabeko kilometro zakar asko ditu egiteko; nik, aldiz portu luze-luze bat gainditzeko. Biek ala biek atsedenik gabeko euri zaparrada batez lagunduak. “Zeinen ederra den txirrindularitza” esanez barre batzuk egin eta agur esan diogu elkarri.

Maldan gora euritan aritzea desatsegina da. Igo ostean aldatzeko arroparik gabe jaistea, ordea, amesgaiztoa. Zorionez, bizikletan zintzilik ditudan lau poltsetan klima ia guztietarako arropak daramatzat. Zoritxarrez, grabitatearekin aliatuta daude arropa horiek eta gorriak eta bi ikusten ditut gorako bidean.

ATERPE BILA Aldapa zena, goi-lautada zabal bat bilakatu da eta errepide bazterreko goroldioa zena, aldiz, elurra. Paravani lakuaren er-tzetik kilometro batzuk egin ostean Poka herritxora iritsi naiz. Arratsaldeko 7ak dira, 2.000 metroko garaieran nago eta elurra dago iragarrita gauerako. Bai ala bai, gaua igaro-tzeko aterpe bat behar dut. Baina zer egin inolako hotel edo ostaturik ez dagoen inguru honetan?

Bost gizon dauden dendatxo batera gerturatu eta eskuak belarrian jarriz “hotel” hitza esan diet behin eta berriz. Eurek, barrez, ezetz diote buruaz, baina guztietan zaharrena dirudienak dendatik irten eta laku ertzeko eraikin bat seinalatu dit. “Monasteri” hitza eta eskuak belarrian konbinatu ostean, dendaren goxora sartu da, barrez lehertzen zeuden lagunengana. Heriotzaren aurrean ezusteko fede zipriztin bat sentitzen duen kondenatuaren an-tzera, argia jarraitzea erabaki dut. Eraikinera gerturatzean, gazte bat bertatik ateratzen ikusi dut. Nika du izena eta nire egoera azaldu diot. Zalantza batzuen ostean “nagusiari” galdetzera joan da, baina aurretik ea kristaua naizen galdetu dit. Zurbil eta aho txikiarekin, baietz esan diot. Dagoen hotzarekin, ea budista naizen galdetu izan balit, berdina erantzungo nioke.

Bost minutu hotz bezain luzeren ostean, monastegi xumeko ateak zabaldu dira, eta Mama Pais, bertako “nagusia” agurtu dut. Euskalduna naizela esan diodanean poz- pozik “basque-georgian friends” oihukatu du. Hau entzunda, bere bedeinkazioa nuela argi geratu da ingurukoen artean.

BARNE BAKEA Lau elizgizon eta zazpi egoiliar bizi dira une honetan Santa Nino monastegian. Bere izena Georgiako lurraldera kristautasuna ekarri zuen emakumearen omenezkoa da. Hasieran hala pentsatu badut ere, zazpi egoiliar hauek ez dira apaiz bilakatzeko bidean dauden ikasleak. Euren bizitzako gorabeherak direla medio, fedea eta bizi-tza soilarekin barne-bake pixka baten bila datozen jende arrunta dira. Alkohola eta haragia galarazita daude, egunean hiru bider errezoak egiten dira eta hortik aurrera ez dago egiteko gauza gehiegirik. Egoiliar hauek, etxeko eguneroko lanak egitearen truke, bake santua edo salbazioa jasotzen dute, bakoi-tzaren beharren arabera.

Goizean denak aztoratuta jaiki dira. Elurra mara-mara ari du. Leihotik begira nagoela Mama Pais nigana etorri da eta nahi bezain beste geratu naitekeela esan dit. Ondoren, mezetara gonbidatu nau. Ihesbiderik gabe, Georgiako Eliza Apostoliko Ortodoxo Autozefaloaren nire bizi-tzako lehen mezan hartu dut parte. Elizaren izena luzea bada, imajina ezazue meza bera nolakoa den.

Bigarren goizean martxan jartzeko prest nago. Bisita bat izango dute eta Nikak ni bertan egotea gustatuko li-tzaiekeela esan dit. Gosari-bazkari modukoa izan da eta den- dena probarazi didate, dena “tipikoa” zelakoan. Alkohola galarazita badago ere, bisitekin arauak hausten dituzte eta vodka antzeko zerbait atera dute. Txirrinduan ibiltzea eta alkohola edatea konbinaketa ona ez direla azaldu dit eta barregura besterik ez die eragin. Basoerdi bat edan eta sufrimendu malko bat lehortu ostean, nire arimaren salbazioa lortua dudalakoan, bideari ekin diot.

Fedea dut, inoiz baina gehiago, bizikletari esker, imajina ez nitzakeen bitxikeria gehiago ezagutuko ditudala herrialde honetan.