Hemen argazkirik ez, mesedez”. Esaldi hori da gidari historikoek gehien errepikatzen duten agindua. Geldialdi bakoitzaren ostean, mandatu bera gogorarazten diete bisitariei: “Hemen ez, hemen ez”. Baina agindua baino, erregu bat dela dirudi. Turistek ez dute jaramonik ere egiten. Logela bakoitzaren sarreran eta kristalezko erakusleihoen aurrean, klik eta klik egiten dute mugikorrarekin. Zaila da arrazoi pertsonalengatik, ikasbidaian edota bisita turistiko arruntetan etorri diren taldeak bereiztea.

“Pena da. Gazte askok argazkiak ateratzen pasatzen dituzte orduak eta ez dute ikusten ari direna asimila-tzen. Auschwitz-Birkenau museoa hausnarketa bultzatzeko ireki zen”, adierazi du Katarzyna Kolonko museoko langileak. Bertako korridoreak eta departamentuak zeharka-tzean, ezinezkoa da ez hunkitzea. Holokaustoko biktimen argazkiak, trenean iritsi zireneko objektuak, errausketa labeak... “Isiltasunean ikusi beharreko errealitate gordina da”, erantsi du Kolonkok. Neska poloniarrak hamar urte bete ditu prentsa departamentuan lan egiten, eta iruditzen zaio bisitek gora egin dutela azkenaldian: “Aparkalekuetan ez dago hainbeste autobus jasotzeko tokirik, ilarak gero eta luzeagoak dira, eta batzuetan hizkuntza desberdinetan egindako bisitak nahastu egiten dira”, kontatu du. Tokiak, halere, zeharo hunkitzen zaitu.

PRIMO LEVI GOGOAN Museoaren sarrera zeharkatu ostean, lehen eraikinak Primo Levi ekarri dit burura. Idazle italiarra holokaustotik bizirik atera zen eta Auschwi-tzen gainean idatzi zuen trilogian zera idatzi zuen naziek aldarrika-tzen zutenari buruz: “Gerra nola amaituko den ez dakigu, baina zuen (juduen) kontrako kanpaina guk irabazi dugu. Zuetako inor ez da bizirik aterako. Eta baten batek ihes egitea lortzen badu, inork ez dio sinistuko... froga guztiak zuekin desagertuko dira. Jendeak esango du zuek kontatzen duzuena higuingarriegia dela egia izateko, eta gure bertsioa sinistuko dute. Lager-en historia guk idatziko dugu”.

“Hori horrela izan ez zedin, 1979an UNESCOK Gizateriaren Ondare izendatu zuen Auschwitz-Birkenau”, eman du jakitera Kolonkok. Helburua zen 1940 eta 1945 bitartean gertaturiko holokaustoa ez ahaztea eta belaunaldi berriei ezagutzera ematea. “Aushwitz-Birkenaueko kon-tzentrazio esparruan Europa zabaletik ekarritako milioi bat pertsonatik gora hil zituzten. Gehienak juduak ziren, baina baita komunistak, ijitoak, homosexualak eta beste gerra batzuetako galtzaileak ere”, azaldu die gidari batek inguruan dituen berrogei turista estatubatuarrei. “Memoria elikatu egin behar da, berriz ere gerta ez dadin”, erantsi du. Gidariak mikro bat dauka eta bisitariek entzungailuen bidez en-tzuten diote. Baina despistatzen denean, turistek haren ondotik alde egiten dute eta selfiak ateratzen dituzte.

MASA-TURISMOA Zalantzarik gabe, memorialak masa-turismoari ireki dizkio ateak, eta bataz beste 2 milioi bisitari jasotzen ditu urtero. Auschwitz-Birkenau sarraskiaren inguruko parke tematiko bat bihurtu dela dirudi. Sare sozialak beteta daude gustu txarreko selfiekin eta Auschwitz ez da gutxiago. Biktimen ileez beteriko beiratearen aurrean argazkiak ateratzera geratu dira bisitari asko. Irribarre batekin egiten dute klik. Arbeit macht frei (Lanak askatzen du) Auschwitzeko sarreran dagoen esaldi ospetsuaren aurrean gelditzea eta selfie bat egitea ia derrigorrezko bihurtu da. Argazki horiek milioika sarrera dituzte Instagramen eta Twitterren.

Kolonkok kazetarientzako bisitak antolatzen ditu, eta uste du kazetarien artean ere errespetu falta handia dagoela: “Batzuetan agertoki ikusgarriak bisitatzea eskatzen dute kameraren aurrean jartzeko”. Hori hala, Auschwitz museoko arduradunek eskatu dute bertan hil ziren milioi bat lagunen memoria errespetatzeko eta zentzuz jokatzeko. Zentzuaren eta zentzugabekeriaren arteko muga non dago, ordea?