HAMAHIRU urte igaro dira Oxabi erromeria taldeko zenbait kidek musika instrumentuak gainean hartu eta kaleak alaitzeko erabakia hartu zutenetik. Ibili ziren herriko karriketan kanta tradizionalak jotzen eta abesten. Ibili ziren ezkontzetan, tabernetan, gaztetxeetan elkartzen zirenak musika doinuez alaitzen. Bien bitartean, taldeak aldaketak izan ditu eta urteak pasa ahala ere egin dituzte zenbait egokitzapen. Sarritan, publikoaren eskaerei egin izan die kasu; azken kasu honetan ere hala izan da. Han eta hemengo, atzoko eta gaurko abestietatik jauzi egin eta kanta propio bat ondu dute: Espero dena.

Jon Gomez Oxabi taldeko abeslaria da. Hasieratik daroa hamarkada bat baino gehiago egin duen musika proiektuaren parte izaten. “Gazte publikoarentzako erromeria talde baten hutsunea sumatzen genuen; horregatik, euskal folklore eta kultura tradizionalean aritzen ginela aprobetxatuta erabaki genuen taldea sortzea”, kontatu du. Hasieran, bost kidek osatu zuten taldea eta egun horietatik bik jarraitzen dute. “Garai berrietara eta publikoak egindako eskakizunetara” egokitu dira, Gomezen esanetan.

Trantsizioa 2006tik 2009ra bitartean herriz herri aritu ziren taldeko kideak, publiko gazteari erritmo dantzagarriagoak eskain-tzea helburu. Kanta tradizionalak, aspaldikoak ere tartekatu ohi zituzten, eta egun ere hala egiten jarrai-tzen dute. Halere, abeslariak azaldu du pixkanaka “trantsizio garai batean” sartu zirela, jendeak egindako eskaeretatik abiatuta. 2009ko Ibilaldia jaialdia izan zen trantsizioaren puntu nabarmenetako bat. Taldeak proposamen bat jaso zuen: egun horretako azken kontzertua ematea, Galdakaoko Iturrondo plazan.

“Ibilaldi batean azken kontzertua jotzeko formatu tradizionalegia genuen, eta beraz, aldaketa batzuk egitea erabaki genuen”, azaldu du taldeko abeslariak. Besteak beste, haizezko instrumentuak sartu zituzten. Duela hamar urte eman zuten kontzertu hura “arrakasta-tsua” izan zela dio abeslariak, eta hori oinarri erabaki zutela formatu zaharra albo batera utzi eta berriaren aldeko apustua egitea. Gaur egun taula gaina da haien eszenaratze ohikoena, nahiz eta kale animazioan aritu ohi diren noizbehinka.

“Gure taldea ez zen eszenarioetarako sortu, ez genituen kanta propioak egiten”, azaldu du Gomezek. Eta gaineratu du kaletik, herritik sortutako talde bat izaki, ez zeukatela kanta propioak sortzeko asmorik ere. Finean, hasiera batean, helburu nagusia zen gazteei zuzendutako erromeria giroa sortzea.

Hala ere, inguruko zenbaitek eskaera egin diete. Ideia horri tiraka egin dute lehen lana, eta baita aurkezpenerako bideoklipa ere. Orain, abeslariak nabarmendu du kantaren emaitzaren esperoan daudela: “Uda honetan abestiak nolako harrera duen ikusiko dugu; ostean, erabakiko dugu kantagintzaren bideari ekingo diogun ala ez”.

Kantaren hitzak ere gogoan izan ditu taldekideak, baita hark berarekin daraman mezua ere. Gomezek azaldu du egun gizartean norbanako bakoitzarengandik badela espero behar den zerbait, besteek zuregandik espero dutena. Eta sare sozialen eragina azpimarratu du: “Sare sozialen garai honetan izugarri exijitzen diogu geure buruari eta horrek esklabo egiten gaitu”. Hala, sentsazio horrek desagerrarazi asmoz, irribarre eragiteko helburua dute abestiarekin. Horretarako, abeslariak gaineratu du kantaren hitzak ez direla poetikoak. Horren ordez, sinpletasunaren aldeko apustua egin dute, “jendeak kanta hobeto barneratu dezan”.

Erritmoa Uda izango da abestiaren harrera zein izan den atzemateko une garrantzitsuenetariko bat; izan ere, kontzertu guztietan abestuko dute. Guztira, 30 kontzertutik gora dituzte. “Polita izaten da kontzertuz kontzertu aritzea, baina gogorra ere bada”, esan du Gomezek. Azpimarratu du taldekide bakoitzak taldeko lanaz gain baduela aparteko jardun bat ere.“Militantzia handia behar da edozein musika talderen parte izateko, atzetik konpromiso handia dakar”.

Orain esperoan daude Oxabi taldeko zazpi kideak. Haien asmoa da kantak izandako harreraren ostean zer egin erabakitzea. Bien bitartean, abeslariak nabarmendu du erromeria taldeak betiko esentziari eusten jarraituko duela: “Euskal taldeen arrakastak jotzen jarraituko dugu; finean, haiei zor diegu gaur garena. Hori balioan jartzea ezinbestekoa da”.