Gorka Salces Alcalde portugaletetarrak Donostia Kulturako II. poesia saria jaso zuen lan honengatik. Aritz Gorrotxategi, Itxaro Borda eta Eli Tolaretxipiri begitandu zitzaien zirriborro guztien artetik onentsuena, eta egia esan nahaste aski interesgarria dakar esanahiaren eta irudien artekoa, liburu sano aberatsa inondik ere, nahiz eta aberastasun horren guztiaren kudeaketa beti ez den eraginkorra, beti ez den positiboa.

Euskal Herrian, Galesen, Grezian, Portugalen... leku askotan idatzia, Iraganaren izterrak honen hiru zatiek iradokitzen dute bakoitzak mundu bat: “berez ez zen liburu bat, baizik eta liburu forma hartu duen poemarioa. Ez da idatzi osotasun batean pentsatzen. Lehiaketara aurkezteko hautatutako eta antolatutako poemak dira, ez bata bestearen atzena egoteko idatziak. Batasuna hiru kon-tzeptu horiek ematen diete. Ego atalean poema pertsonalenak daude, askotan autoironikoak eta autokritikoak direnak. Demos-en bildu ditut herriari, komunitate politikoari eta gauza publikoari eskainiak, eta agian dira ilunenak. Cosmos, berriz, da atal metafisikoena, preziosistena, argiari tarte zabalena eskaintzen diona”.

Baina hori teoria da, irakurketa ez baita hain garbia. Iluna eta uxoa izaten badaki Gorka Salcesek, eta badaki baita mikroipuin gisako piezak lantzen, egitura linealagoa daukatenak. Poema batean onar dezake bere idazkera barrokoa eta kriptikoa dela halabeharrez, eta hurrengo orrialdean narratibara egin. Ez da beraz poemategi erraza, baina ez da zaila ere. Ez da ez bata ez bestea. Gauza da abandonatu egin behar duela irakurleak bere burua, eta erdizka ikusten dena ikusi: “Egunen batean/ metroko zoro horietako bat izango naiz./ Lotsagabe begiratuko zaituztet/ bisaia burlatiaz/ ozen hitz egingo dut/ denentzako eta inorentzako ez./ Egunen batean”.

Iraganaren izterrak konbinazioen liburu bat da beraz, agerikoak ez diren loturak egiten dituena bestelako emozio eta esanahi batzuen xerka. Arbitrarioa, zehazgabea, harrigarria. Helburu batekin egina: “Ezpondako harkaitz/ gorrietan/ aulki bat dago/ itsasoari bizkarra ematen/ berrikun-tza formala/ eta snobismoa/ bereizi nahiean-edo”.

Inflazio bat ere badauka irudiena, hitzena, sentsazioena. Eta irudi, hitz, sinestesia hori guztia lotura bidez poema bakarrean biltzeko zailtasuna -zaila baita, gauza asko sartzea kabitzen ez diren lekuan-gero eta agerikoago egiten da aurrera jo ahala: “Kale hura zeharkatu nuen/ geometriaren funtzionario izango naizenetik/ ez dudalako malenkoniarik sentitu./ (?)Postfordismoaren tenpluak/ hamaika koloreko bisaia du”.

Eta orainean edo geroan gauden ezin jakin, eta ze sentsazio lortu gura den ere ez. Maiz ematen du helburua dela poesiaren esparrua gainditzea eta abangoardia bat egitea ez dena figuratiboa izango, ezpada inkoherentea bizitza lez. Halakoetan, ordea, poemak berak izan behar du koherentea bere buruarekin, plazerra sortu ezezaguna den zerbait opatuz, eta hori beti ez du lortu Gorka Salcesek, nahiz eta ausardia estetikoa ukaezina daukan eta, esan bezala, bilaketa lan interesgarria izan.