musika

Aldarrikapena, tximeletaren begietatik

‘Destino epikoak’ izeneko diskoa Euskal Herriko oholtzetan defendatzeko ordua heldu zaio Occhi Di Farfalla taldeari. Irailaren 19an Bilbon eta 21ean Zarautzen arituko da taldea, zuzenean

09.02.2020 | 14:39
Miren Aranguren taldeko abeslaria, Europako biran. OCCHI DI FARFALLA

‘Destino epikoak’ izeneko diskoa Euskal Herriko oholtzetan defendatzeko ordua heldu zaio Occhi Di Farfalla taldeari

Occhi Di Farfalla 2013an sortu zuten, Zarautzen, Miren Arangurenek eta Hodei Estebanek. Bikote akustiko gisa aritu ziren hasieran eta euren lehenengo diskoa urte horretan kaleratu zuten. 2016an, berriz, taldearen bigarren lana heldu zen, Lerroetatik ihes izenekoa. Garai hartarako, baina, Jokin Azpiazu baxu-jotzailea eta Bati bateria-jotzailea ere taldearen parte ziren. Destino epikoak taldearen hirugarren lana da. Oraingo honetan Ibon Guerrak hartu du Batiren lekua.

Gai ilunak eta sakonak landu ditu laukoak formatu elektrikoan kaleratu duen disko berrian."Taldekideok sozialki eta politikoki konpromiso bat dugu; denok jarduten dugu proiektu politiko ezberdinetan eta horien isla dira gure kantuen hitzak. Batzuk gogorragoak izan daitezke, beste batzuk zuzenagoak eta argiagoak", azaldu du Miren Aranguren abeslariak. Memoria kolektiboaren beharraz, ahanzturaz, utopia berriez, minaz, min horien osatzeaz... hitz egiten dute diskoko hamaika abestietan. "Dena gure begiradatik eta gure esateko moduetatik, noski", argitu du Arangurenek.

PROIEKTU IREKIA Musika estilo aldetik, berriz, kontrasteak gustuko ditu laukoak eta baita "aurpegi ezberdinez osatutako gorputzak" ere. "Musikalki oso proiektu irekia da Occhi Di Farfalla -adierazi du Hodei Estebanek-. Disko batetik bestera asko aldatzeko askatasuna du eta kantutik kantura ere hasiera batean salto handia egon daiteke. Taldekideok, oso musika ezberdina entzuteaz gain, taldea irekia izatea gustuko dugu. Aritu izan garen beste proiektuak musika estilo jakin bati lotuagoak egon dira.Besteengan eragiteko baino gehiago, hautu hau gure buruarengan pentsatzen egina da". Taldekideek dituzten kuriositate gehienak asetzeko espazio mugagabea da  Occhi Di Farfalla, taldekideen esanetan.

Kantu guztiak taldeak sortu ditu, Segur ziur (Ira) eta Herio bakarra, heriotz ugari piezak izan ezik, azken hau Nora Strejilevich-en Una sola muerte numerosa liburuan oinarritu da. Warsaw, Mamaxola, Porlanez ase, Galdu ordez eta Nora joan kantuetan Batik eta Craig Bjerring-ek (Old Seed) ere parte hartu dute.

Destino epikoak diskoa Arrasateko Shot! estudioan grabatu dute, Ander Barriusoren gidaritzapean, eta Craig Bjerring izan dute ekoizle. Taldearentzat "plazer hutsa" izan da beraiekin lan egitea. "Barriusok ezagutzen gaitu, lagun handiak gara eta aurreko diskoa ere berarekin grabatu genuen. Horrek, azken urte honetan, gure lan berriaren norabideaz hitz egiteko aukera eman digu, eta hori grabazioan lagungarria izan da. Grabazio prozesua bera sortze prozesu bat ere bada, eta berak, ikuspegi teknikoaz gain, ekarpen musikal asko egin ditu", azaldu du Arangurenek.

Bjerring-en kasuan, produkzio lanak egiteko eskatu zion taldeak eta kantu bakoitza fintzen lagundu diela adierazi dute, "kantu batzuk beste norabide bat har-tzeraino", nabarmendu dute. "Guretzat erreferentziazko musikaria da eta aberasgarria izan da berarekin lanean aritzea. Pertsonalki, ahotsetan oso babestua sentitu naiz, eta jolasteko ateak inoiz baino gehiago ireki dizkit", aitortu du abeslariak.

 EUROPAN ZEHAR Uztailean Europan zehar ibili da taldea, diskoa oholtzaz oholtza aurkezten eta, diotenez,bira "izugarri ondo" atera zaie. "Beti bezala toki eta jende oso bereziarekin egin dugu topo. Leku batzuk ezagunak genituen, beste batzuk, aldiz, berriak izan dira, eta oso harrera beroa jaso dugu. Jende asko etorri da kontzertuetara, harrera ona izan du diskoak eta gogoz bueltatu gara berriz ere errepidera ateratzeko", kontatu du Arangurenek. Hain zuzen ere, bidaiatzeko asmoarekin sortu zen Occhi Di Farfalla, duela sei urte.

Musikaren munduan bizi izan duten esperientziarik ederrena atzerrira irtetea izan da laukoaren-tzat. "Kontaezina da halako bidai batek gure bizitzan aportatzen diguna", uste du Estebanek. Toki ezberdinak bertako jendearekin ezagutzea eta haien sukaldeetatik pasa ahal izatea ikaragarria dela azpimarratu du: "Bidaiatzeko modu ezberdina da, ohiko monumentu ezagunenak ikusteko aukera handirik ematen ez duena, zirkuitu turistikoetatik kanpo dagoena, baina bestela ezagutuko ez zenituzkeen mila txoko eta pertsona ezagutzeko aukera ematen dizuna".

Hain zuzen, taldea espazio txikietan, gune okupatuetan edo tabernetan jotzen sentitzen da erosoen: "oso ondo zainduak sentitzen gara eta hori oso garrantzitsua da guretzat", nabarmendu du Estebanek. Pasioz lan egiten duten tokiak gustuko dituzte. "Pasio horrek, gehienetan, eginbeharrak mimoz egitea dakar eta ez dago hori baino hoberik".

Diskoaren aurkezpen bira presta-tzen igaro du abuztua talde zarauztarrak. Irailaren 19an, esaterako, Bilboko Kafe Antzokian eskainiko dute zuzenekoa, 21ean Zarauzko Putzuzulo gaztetxean, eta 27an Mallorcako Palman. Hurrengo hilabeteetarako ere lotuta dituzte hainbat zuzeneko Oreretan, Zaragozan, Bartzelonan eta Madrilen.