Gorbatadun enpresari bat, taberna zahar batean sartzen da. Barrara doa, 'espresso' bat eskatzen du eta derrotean edaten du kafea. Serio dago, are gehiago, triste dagoela dirudi. Bat-batean, mutil gazte bat ikusten du marradun kamiseta batekin. Gizonak gaztea ezagutuko balu bezala begiratzen dio. Bera al da gaztetan? Enpresariak gaztearen pausoak jarraitzen ditu eta tabernaren barruko logelara sartzen da. Han, auzoko pertsonaiarik xelebreenekin topo egiten du: makramea egiten ari den emakume bat, telebista zahar baten aurrean dauden bi agure, trago bat edaten ari den emagaldu bat eta auzoko kondesa dotorea. Ametsa ala errealitatea? Biak. La Grande Bellezza filmak Trastevereko San Calisto tabernari egin zion omenaldia da deskribatutako eszena.

"Hemen posible da kafe bat hartu, kanpoan eseri eta edatekoarekin arratsalde osoa pasatzea. Inork ez zaitu tabernatik botako gehiago kontsumitzen ez duzulako. Erroman ez dago bezeroak hain ongi tratatzen dituen tabernarik!", esan digu Marcello Forti San Calistoko jabeak. Covid-19ak bultzatu duen konfinamenduaren ostean, San Calistoko terraza inoiz baino lasaiago dago. Tabernaren kanpoko mahaietan hainbat kuadrilla daude garagardoak edaten. Taberna barruan, berriz, auzoko betiko agureak ikus daitezke egunkaria irakurtzen. Egoera politikoari buruz eztabaidatzen ari dira eta belaunaldi gazteek pena ematen dietela diote. "Guk gerra osteko berreraikuntza eta boom ekonomikoa bizi genituen. Zuek krisi ekonomikoak besterik ez dituzue pairatu", adierazi dute ardura handiarekin. Barruan dena da zaharra eta dekadentea. Agian hori da San Calistoren xarma. Argazki historikoek bat egiten dute A.S. Roma Futbol taldeko kamisetekin eta bufandekin.

Auzoarentzako taberna

Marcello harro dago bere lokalaz eta ez da gutxiagorako. San Calistok 51 urte bete ditu. 1969an Marcellok salmentan zegoen taberna bat erosi zuen, eta, 23 urterekin, negozio berriari ekin zion. Bere lema argia izan da orduz geroztik, alegia, "pertsona ona izatea". Hamarkada luzez, San Calistok Erromaren esentzia islatu du. Hasieran, Trastevereko bizilagunak, ikasleak, emagalduak eta artistak izan ziren bezerorik ohikoenak. Auzoko jendea zen. Baina bost hamarkadetan denetatik ikusi du Marcellok: "1980ko hamarkadan, amerikarrek Trastevere 'inbaditu' zuten eta azkenik turista talde handiak jasotzen hasi ginen". Izan ere, Trastevere modako auzoa bilakatu den heinean, betiko negozioak itxi dituzte eta modako lokal aseptikoak nagusitu dira. Trastevereko herritarrek alde egin behar izan dute alokairuko etxeak Airbnb apartamentuak bilakatu direlako. Denek sentitu nahi dute Woody Allenen To Rome With Love filmean daudela.

Halere, San Calistok beti mantendu du hasierako espiritua. Beste taberna askok ez bezala, Marcellok ez ditu prezioak igo. Izotz-edariek eta etxean egindako izozkiek euro bat balio dute. Horregatik, uste zenaren kontrara, San Calisto ere modako taberna bilakatu da atzerritarrentzat. "Guk berdin tratatzen ditugu bezero guztiak, baina garrantzitsua da betiko lagunak zaintzea. Hasieratik lagundu gintuztenek badakite San Calistok ai-tzitiko taberna bera izaten jarraitzen duela", azaldu du Marcellok.

Baina pandemiak dena aldatu du. San Calistok hiru hilabete pasa ditu itxita. Kanpotarrek alde egin dute eta turistak ez dira itzuli. Auzoa hutsik dago. Azken urtetan, agintariek trasteveretarrak mespretxatu eta atzerritarrentzako neurriak hartu dituzte. Baina zer egin turismoa desagertzen denean? Marcello arduratuta dago etorkizunarekin: "Egoerak hala jarraitzen badu, ez dakit nola lortuko dugun bizirautea. Betiko erroetara itzuli beharko gara". Pandemiarekin, Erroma erromatarrentzat izatera itzuli da. San Calisto da Trastevereri geratzen zaion azken bastioia.