Elkarrizketatua eta galdekatua, parez pare

'Euskaldunon Egunkaria'-ren itxiera oinarri hartuta ondu dute 'Sisiforen Paperak' antzezlana. Fernando Bernuesek zuzendu eta Harkaitz Canok idatzi du obraren testua

03.12.2020 | 20:24
Erredakzioa eta komisaldegia parez pare jarri dituzte.

2003ko otsailaren 20an Euskaldunon Egunkaria itxi zuen Guardia Zibilak, bortxaz. Juan del Olmo epailearen aginduz, eta berripaperak ETArekin harreman zuzena zuela argudiatuz, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkera bertaratu zen polizia, kazetaren erredakzioa behin betiko zigilatuz. Gertakariak euskal jendartea asaldatu, harritu eta mugiarazi egin zuen, eta ez dira gutxi bizipena memorian iltzatuta dutenak.

Fernando Bernues antzerkigilea astindu zuen gertakariak, eta distantzia tenporalaren "sosegutik" egin du iraganera bidaia. Sisiforen Paperak an-tzezlana zuzendu du, Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera abiapuntutzat hartuta: "Gure herriko historia demokratiko hurbilaren astakeri argienetariko bat da Egunkaria-ren aurkako sententzia".

Itxieratik bi hilabete eskasera heldu zen Bernuesi erraiak uzkurtu zizkion jazoera; orduan hazi zen nahi eta behar bat antzerkigilearen baitan esnatzen. Musikaren Sariak banatzea egokitu zitzaion hartara Bernuesi, Mario Gasekin batera. Fermin Muguruzak jaso zuen euskarazko abesti onenaren saria, eta Euskaldunon Egunkaria-ren elastikoa soinean taularatu zen Muguruza saria jasotzera. Kazetaren itxiera salatu eta babesa helarazi zuen musikariak hitzartzean, eta orduantxe lehertu zitzaion barrena Bernuesi: "Publikoan zeuden musikariak txistuka eta oihuka hasi ziren, ez zioten bukatzen utzi; sinesgaitza iruditu zitzaidan, amorrua sentitu nuen. Orduantxe jakin nuen egunen batean Egunkaria-z hitz egingo nuela". Ekitaldi hura memoriaren tiraderan gorde zuen antzerkigileak, aurrerago berrartzeko.


Itxieratik 17 urte pasatuta, eta Euskaldunon Egunkaria martxan jarri zenetik 30 urte betetzear direla, heldu da unea. Jaio da Sisiforen Paperak. Bernuesek zuzendu du obra, eta Harkaitz Cano idazleak idatzi antzezlanaren testua. "Orain lau bat urte jarri nintzen Harkaitzekin [Cano] kontaktuan, eta apurka, poliki-poliki, joan gara testua osatzen, moldatzen, aldatzen eta on-tzen", azaldu du zuzendariak. Ttan- ttakak ondu du ekoizpena, eta lau antzokik sustatu dute: Bilboko Arriaga antzokiak, Donostiako Viktoria Eugeniak, Gasteizko Principalek eta Espainiako Zentro Dramatiko Nazionalak. Gasteizen estreinatu zuten pasaden astean, eta atzo eta gaur Bilbon du geralekua. Ondoren, Donostiara eta Madrilera helduko da antzezlana.

Erredakzioa eta komisaria

Birformulatzen joan den idatziaren emaitza paralelismo "bitxi" bat da. Bi munduren arteko antzekotasuna aurkitu eta tartekatu egiten ditu obrak; Elea kazetaren erredakzioa eta komisaria bat, elkarrizketa ekoizleak eta galdeketa egileak. Biak ala biak itaunen bidez erantzun bila dabiltzanak. Dialektika horretan murgilduz Canok sortutako "jokoari" interesgarria deri-tzo zuzendariak: "Bi espazioen arteko paralelismo hori arakatzen du obrak, eta kazetari baten eguneroko lanaren erronkak azaleratu". Antzezlanak oinarri erreala duen arren, fikzionatu egin dute gertakaria eta hedabidearen eta pertsonaien izenak asmatu egin dituzte (askok benetako kazetako langileekiko antzekotasun nabarmena duten arren).

Omenaldi kutsua ere badu antzezlanak zuzendariaren esanetan, Euskaldunon Egunkaria-k ordezkatzen zuen kazetaritza independente eta kritikoari gorazarre egiten dio: "Geroz eta zailagoa da kazetaritza mota hori egitea, eta Egunkaria-ri nahiz begirada zorrotz hori eskaini duten eta eskain-tzen duten gainerako hedabideei aitortza egiteko modu bat da".

Euskarri idatzia oholtzara nola egokitu. Buruhauste bat edo beste sortu dizkio itzulpen ariketa horrek Bernuesi, baino gogoz heldu dio erronkari: "Testua kontzeptualki oso erakargarria da, baina taularatzeko konplikatua; elipsi ugari ditu, lekualdaketa asko eta erredakzio eta komisariaren arteko uztarketa horretan etengabe daude espazio batean bestearen mamu lausoak, eta alderantziz; horren itzulpen fisikoa egitea ez da lan erraza izan". Emaitzaren kalitatea publikoak epaituko du.

Itzulpen antzeztuak protagonista andana ditu; izan ere, ezohiko aktore kopurua izango da oholtzan: Mireia Gabilondo, Anjel Alkain, Joseba Apaolaza, Kepa Errasti, Olaia Gil, Asier Hernandez, Asier Hormaza, Dorleta Urretabizkaia, Iñigo Azpitarte, Alexandru Stanciu eta Iñaki Rikarte ariko dira kazetaritzaz solasean. Gabilondok, gainera, Aizpea Goenagarekin partekatuko du pertsonaia gaztelaniazko bertsioan, eta berdin Apaolazak Mikel Losadarekin. Eszenografiaren arduradun Ikerne Gimenez ere agertuko da oholtzan, gitarrarekin trantsizioak eginez, intentsitatea modulatuz.