Hitzen inbentarioa definizioa jarri diote Txakur Gorria sormen kolektiboko kideek Ziklope liburuari. Hitz horien jatorriak eta inbentarioaren konposizioak zenbait ñabardura ezkutatzen dituzte, ordea. Ziklope entziklopedia ilustratuak hitz asmatu sorta zabala jasotzen du, bakoitza bere definizio bereziarekin. Entziklopediako definizioak bigarren istorio baten parte dira, entziklopedia saltzaile izandako pertsonaiaren narrazioaren parte. Horrela josi dute kolektiboko kideek liburua, hitz asmatuak pertsonaiaren kontakizunean txertatuz.

Entziklopedia saltzaileak etxe bateko txirrina jotzean hasten da istorioa, eta hor hasten da jolasa. Pertsonaiak gidatuta, eta hitz asmatuz hitz asmatu eraiki dute liburua, eta hitzen eta irudien mundu eraiki berrira gonbidatu nahi izan dituzte irakurleak. Ane Labaka kolektiboko kideak azaldu duenez, murgiltze ariketa bat proposatzen diote irakurleari egileek: "Lortu nahi genuen efektua zen momentu batean liburuaren barruan irakurlea ere sartu zedila entziklopedia horren barrura, bi geruza izango balitu bezala". Istorioa eta hitzak batera doazen arren, abiapuntua entziklopedia saltzailea dela argi dute egileek: "Entziklopedia saltzailea izandako pertsonaia bat, beste lan batzuetan dabilena baina nostalgia puntu bat duena lehengo garai horrena, eta hortik sortzen da paraleloki istorioa, pertsonaia hori hezurmamituko duena, eta aldi berean, pertsonaia horri irudia jartzen zaio. Eta irudia jartzearekin batera sortzen da mundu bat, eta gero ja hortik istorioak eramaten gaitu besteek definitutako hitz horiek harilkatzera".

Mundu hori eraikitzeko estetikari erreparatu diote; hitzen estetika, irudien estetika eta osagai guztien arteko uztardurari. "Beti saiatzen gara liburua objektu gisa zaintzen, eta bide horretatik koloreak, estiloa etab. Ondo pentsatzen ditugu". Kolore eta ilustrazioetan bi estilo nabarmen bereizi dituzte liburuak; antzinako kutsua duen entziklopedia saltzailearen mundua, eta gorri eta berde kolorez jantzitako hitz asmatuen bilduma.

Jolasari tiraka

Sormena dute lanerako lehengai kolektiboko kideek, eta irudimenaren munduan jolastea eguneroko ariketa. Jolasetik eta jolastuz sortutako artefaktua da Ziklope baita ere: "Guri asko ematen digu hitzekin eta irudiekin jolaste horrek, eta sinesten dugu ingurukoei edo liburuaren bukaerako emaitza jasoko dutenei ere emango diela guri eman digun hori", azaldu du Labakak.

Jolas horretara lagun ugari gonbidatu dituzte oraingoan, kolektiboaren ardatza zabalduz eta aniztasunez bete. Inbentarioa osatzen duten hitzak kolektiboko kideek asmatu zituzten arren, edukiz betetzea beste batzuen ardura izan da. Inguruko lagun eta ezagunak "zirikatu" eta hitz asmatuak definitzea proposatu zieten. "Guk eskatu genuena izan zen: definitu hitz hau. Eta askoren erantzuna zen: bale definitu, baina zer? Zer jarri behar dut? Zenbat adibide? Eta guk nahita esaten genien: denak daude ondo eta ez dago modu jakin bat. Hor dago aberastasuna eta horrek edertzen du ariketa". Irudimenari askatasuna eman nahi izan diete sortzaileek, eta parte hartzaile bakoitzak modu ezberdinean osatu du definizioa: poema modura, adibidez josita, luze, labur, antonimoen bidez€ emaitza hibridoaren "pozik" daude bultzatzaileak. "Guk aldarrikatzen dugu aukera emanez gero gure buruari irudimen horrekin jolasteko eta sormenaren mundura irekitzeko denok daukagula gaitasuna horretarako".

Hiztegitik entziklopediara

Zikloperen abiapuntua aurreko antzeko ariketa batetik datorren azaldu dute kolektiboko kideek. Elkarren hurrengo izan diren bi lanen ondorengoa da entziklopedia. Lehen hazia orain dela lau urte erein zuten: 2016. urtean Hizteria. Eskuko hiztegia plazaratu zuten taldekideek, asmatutako eta ilustratutako hitzak bilduta. Lan hari kolektiboan segida emateko ideia martxoan berpiztu zen, berrogeialdi betean, eta Hizteria kolektiboa hitz asmatuen hiztegia sortu zuten. Bigarren buelta horretan Berria aretoaren bidez luzatu zuten proposamena, eta 70 bat lagunek erantzun zuten. Ziklope hitz asmatuen inguruko zikloa "borobiltzeko" modua dela uste dute sortzaileek, "erokeria kolektibo" horren ziklo itxiera.

Begirada nostalgikoa

Ahonia, kizkurdi, belarlaino, karkardo, arnaseuri, basorbain€ zerrenda anitza osatu dute, irudimena askatuz eta badute aldarri bat: "Kontzeptu denak dira berriak, asmatuak, baina beharrezkoak". Eta, kontzeptu jaiogabeen mundua osatzeko iragana eta etorkizuna harilkatu dituzte. Iraganera begira dagoen entziklopedia saltzaile ohia, eta etorkizunean erabilgarri suertatu daitezkeen hitzak. "Gaur egun erantzun guztiak ematen zaizkigu eskura, edozein unetan norbaitek baldin badauka zalantzaren bat Google hor dago eta begiratzen du sakelakoan eta listo. Hor ez dago eztabaidarik, ez dugu jo behar entziklopedia batera zerbaiten bila. Eta hori bai izan dela urte gutxitan aldatu den zerbait".