Artelanen bizia, erakusketetatik at

Artoteka, artelanak mailegatzeko lehen plataforma abiatu dute Bilbon. Arte garaikidea hedatu eta artista eta herritarren arteko harremanak indartzea du xede. Bitartekaritza jarduerak ere antolatu dituzte

03.03.2021 | 10:52

Gurean liburuak izaten dira mailegatzen diren kultur sorkuntzak, nagusiki. Baina Europako zenbait herrialdetan, Frantzian esaterako, artearekin ere gauza bera egiten dute. Hain zuzen, artelanak mailegatzeko modua ematen duten artoteka deituriko plataformak dituzte. Bestela esanda, normalean museo eta erakusketetan ikus daitezkeen obrak norbere etxe edota lantokian jartzeko aukera eskaintzen dute plataforma horien bidez. Bada, joan den urtarrilaz geroztik, egitasmoa hona ere iritsi da eta hala, martxan jarri dute Bilbon Artoteka dinamika. Alde batetik, Azkuna Zentroan dago egitasmoa osatzen duen bildumaren erakusketa. Bestetik, maileguak www.artoteka.org webgunean egin daitezke.


Irantzu Guijarro, Marina Urrutikoetxea eta Laura Diezek koordinatu dute proiektua eta xede nagusia arte garaikidea eguneroko espazioetara eramatea da. Horretarako sortu duten bitartekaritza artistikorako Artoteka plataforma hamar artistak osatzen dute egun: Belen Cerezo, Helena Goñi, Juana Garcia-Pozuelo, Mawatres, Raisa Alava, Raquel Asensi, Raquel Meyers, Saioa Olmo, Tunipanea eta Victoria Ascasok. Hain zuzen, 30 obraz osatutako bilduma bat sortu dute eta horien aukeraketa bat Azkuna Zentroan dago ikusgai, apirilaren 11ra bitartean. Gainontzekoak, webgunean daude.


Zehazki, bildumaren lagina Mediatekan jarri dute, mediatekek eta artotekek izan dezaketen antzekotasunari keinu eginez. Bilduma "oso aberatsa" dela adierazi du Guijarrok, diziplina ezberdinak batzen dituena. Hainbat dira lantzen diren gaiak ere. Horrez gain, artelanen mailegu prozesuak aktibatzeko, bitartekotza jarduerak ere antolatzen ditu Artoteka proiektuak; gaur egun, hiru ekintza daude martxan. Jarduera hauetan parte hartuz, herritarrek proiektuaren parte diren artistengandik ikasten dute, esperimentatuz eta gozatuz.


Artoteken ideia XX. mendearen hasieran sortu zen Alemanian, eta Frantzian indar handiz ezarri zen 1980ko hamarkadan. Halaber, gaur egun formatu hori herrialde askotan aurki daiteke: Italian, Finlandian, Errumanian, Austrian, Herbehereetan eta Mexikon. Euskal Herrian ez da berria proiektua. Baionan, adibidez, halako egitasmoak egin izan dituzte. Bilboren kasuan, Guijarrok azaldu duenez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa mailako artoteka bat egitea zen hasierako xedea. Baina, koronabirusaren pandemia dela-eta, momentuz proiektuaren prototipoa Bilbon aktibatzera mugatu behar izan dute. Hori hala, aurrerantzean hiru aldundiekin eta Jaurlaritzarekin elkarlanean aritu nahiko lukete egitasmoa hedatzeko.


Prozesu azkarra Artotekan - erakusketan edota webgunean - eskuragai dagoen obra bat maileguan hartu edo alokatu nahi duenak formulario bat bete behar du webgunearen bitartez, eta bertan zehaztu beharra du zertarako alokatu nahi duen artelana; hots, non jarri nahi duen. Hori jakinik, Artotekako lantaldea pertsonarekin harremanetan jartzen da, eta bisita tekniko bat egiten dute artelana jarriko den espaziora. Guijarrok azaldu duenez, artelanaren instalazioa egiterakoan, artistak ere parte hartzen du prozesuan. Hala, herritarren eta artisten arteko harremana "estua eta arina" izatea lortu nahi dute.


Dagoeneko, martxa hartuak dira maileguak eta hasiak dira herritar eta artisten arteko harremanak. "Hainbat etxetan jarri ditugu obrak eta oso pozik gaude". Artisten ikuspuntutik bestalde, orain arteko balorazioa "oso positiboa" dela azpimarratu du Guijarrok. Azken finean, Artotekaren xedea artea hedatzea da, artisten ekonomia hobetuz.

Kuota bat hilero

"Asegurua, garraioa eta instalazioa Artotekaren kontu doa", esan du Guijarrok. Alokairuak, berriz, prezio bat du, eta, momentuz, proba fasean ordainketa bakarra egiten ari dira, hiru hilabeteko kuotaren baliokidea. Hain zuzen ere, banakoek 50 euro ordaindu behar dituzte artelan bat hiru hilabetez etxean izatearen truke. Enpresen kasuan, aldiz, kuota 150 eurokoa da, eta bi dira eraman ditzaketen artelanak. Guijarrok azaldu duenez, etorkizunean hileroko kuota bat izatea da asmoa: banakoentzat 10 eurokoa eta erakundeentzat 50ekoa.


Momentuz erakusketa Azkuna Zentroan dago eta ez dakite apiriletik aurrera nora eramango duten, baina etorkizunera begira, Guijarrok aitortu du ideala litzatekeela espazio propioa izatea. "Frantzian, adibidez, artotekak oso lotuta daude kultur etxeetara. Gure ideia da artotekek beren tokia izatea, artelanak mailegatzeko erreferentziazko espazio bat", adierazi du. Horrez gain, aurreratu du asmoa dutela Artoteka plataforma herri txikietan ere zabaltzeko. "Arte garaikidearen elitismoa jaitsi nahi dugu, gizartean artearen inguruan normal hitz egitea lortu". Hala, gaur egungo gaiak artisten ikuspuntutik gizartera eraman nahi dituzte, eta, horretarako, elkarrizketarako leku bat sortzea da beraien nahia. Proiektuaren etorkizuneko beste helburu bat litzateke bilduma publikoak biltegietatik atera eta herritarrei gerturatzea.