Soinu berriez eta bereziez blai

"Onin" diskoa kaleratu du Ainara Ortega musikari eta aktoreak. Bere bigarren bakarkako lana da honakoa eta umoretik zein emozioetatik sortu ditu abestiak musikari gipuzkoarrak

14.06.2021 | 11:47
Bossanova, samba eta bals peruarra bezalako soinuak entzun daitezke Ainara Ortegaren bigarren diskoan.

Bidasoa ibaira isuri baino lehen Lesakatik igarotzen da Onin erreka, eta honek ematen dio izena Ainara Ortegaren(Hernani, 1981) bigarren bakarkako diskoari. Ortegaren hitzetan, asko dauka eskertzeko Lesakako herriari eta honen adierazle da egindako lan berria eta diskoaren barruan dagoen Onin abestia ere.

Diskoa sortzeko prozesua oso erreza eta oso ederra izan dela aitortu du: "Askotan musikariek aitortza handia egiten diete prozesu gogor eta luzeari, eta batzuetan hala da, baina polita da esatea ere, kasu honetan, oso arina eta erraza izan dela sortze prozesu hori". Diskoak umoretik eta ironiatik asko dauka, baina emozio sakonak ere baditu. Tristurari nahiz pozari abesten dio Ortegak . "Euskara asko erabili dut" adierazi du musikariak, hizkuntzarekin asko jolastu baitu, euskalki eta hitz-joko asko sartu ditu abestietan, Euskara marabillosua da honen adibide.

Ortegak ibilbide luzea dauka musikaren munduan. Bibolin ikasketak amaitu ostean, hemeretzi urterekin, abesteari ekin zion. Musikene Goi mailako musika ikastegian jazz ikasketak egin zituen. Jazz musikan oso garrantzitsuak diren musikariak izan ditu irakasle: Sheila Jordan, Carme Canela eta Judy Niemack, besteak beste.

2001. urtean Mac Jeara's Band taldean hasi zen abeslari gisa eta hura izan zen publikoki kantatzen aritu zen lehenengo taldea. Dixieland, Nueva Orleanseko musika egiten zuten eta garai haietan musika estilo hori Euskal Herrian entzutea oso "berritzailea" izan zela adierazi du Ortegak. "Oso pozgarria izan zen, harrera oso ona izan genuen eta kontzertu pila bat eman genituen". Ikasketa handia izan zela, baina gogorra izan zela ere aitortu du. Taldeko neska bakarra zen Ortega eta askotan hizkera eta jokabide matxistak jasan behar izan zituela adierazi du, bai taldearen partetik bai publikoaren aldetik ere. Gaur egun onartezinak liratekeen jokaerak bizi izan zituen, baina pozten da gauzak aldatu egin direlako.

Artista polifazetikoa da, musikaria izateaz aparte aktorea ere baita. Ibilbide oparoa dauka aktore profesional gisa. Vaiven Producciones konpainian obra dezente egin ditu eta Tanttaka Teatroarekin eta Hika Teatroarekin ere hainbat lan egin ditu. Antzerkiaz aparte, telebistan ibilia da ere Eskamak kentzen telesailean. Gainera, ahotsa jarri die hainbat iragarkiri eta telebista programari ere.

ESTILO ALDAKETA

Jazz-arekin harreman estua du musikariak eta 2015ean bere bakarkako lehenengo diskoa kaleratu zuen, Scat izenekoa, jazz musika erdigune duena. Aurretik hainbat kolaborazio eginak zituen beste disko batzuetan, baina hau izan zen bere bakarkako lehenengoa. Bere bigarren diskoan jazz-etik aldendu nahi izan da eta beste estilo batzuk ukitu nahi izan ditu. Aitortu duenez, bere lagun musikariek esan diote ez dutela topatzen euskal musikan berak egindako estiloarekin antzekotasunik. Onin diskoa sortzeko inspirazio handia izan du Argentinako musikan. Bossanova, samba eta bals peruarra bezalako soinuak entzun daitezke bigarren lan honetan. Pelikuletako musika ere izan du erreferente, eta Chaplinen doinuak entzun daitezke diskoan. Hau guztia euskaratik sortuz, konbinaketa xelebre bezain berezia sortu du.

MUSIKARI DUEN BALIOA AITORTU


Musikari txikien alde egin behar dela uste du Ortegak eta horregatik bere diskoa plataforma digitaletara ez igotzea erabaki du. "Ez dut ulertzen zergatik ematen diogun horren balore gutxi egiten dugunari", adierazi du, eta ziurtatu du, beste ofizio guztietan bezala, egindako lana ordaindu beharra dagoela, musika ere ordaindu behar dela. Aitzakia gisa erabiltzen da askotan hedabideak jende gehiagorengana iristeko tresna direla, baina, Ortegaren ustez, helburua kontzertuak ematea izan beharko litzateke, eta ez bata ez bestea ez dira lortzen musika doan jartzen. Diskoa lortzeko beraz denda txikietara eta ostatuetara zein tabernetara jo behar da, eta online ere, bere webgunearen bitartez, erosteko aukera dago.


Osasun krisi egoerak ez du asko laguntzen baina, ahal den neurrian, eta egoerak markatzen dituen murrizketen barruan, Ortegak kontzertuak emateko aukera izango du. Jada hasi da oholtzara igotzen eta abuztuaren 21ean Hernanin ikusteko aukera egongo da. Beste proiektu batzuekin ikuskizunak emateko aukera izango du ere eta zorteduna sentitzen da horregatik. Kontziente da ez dela garairik onena sektorearentzat eta inguruan ikusten duena, lankide batzuk hain geldirik ikustea, "gogorra" egiten zaiola ziurtatu du musikariak. Uste du protokoloak dioena baino askoz gehiago murrizten ari direla gauzak leku askotan, eta musikaren garrantziaren aldarrikapena egiteko probestu du: "Musika behar dugu momentu hauetan, behar fisiko bat da".

noticias de noticiasdenavarra