Musikarientzako Gabonetarako opari sorta

Ez delako erraza koadrila edo senitarteko musikari petralarekin Gabonetan ondo geratzea

14.12.2021 | 12:12
Musikarientzako Gabonetarako opari sorta

Gabonek beti hartzen gaituzte ezustean. Prestatu gabe, oraindik ikastureari martxa hartu ezinik€ Eta danba, bat-batean antzinako ikaskideen afaria, lanekoa, familiarekin€ Noski, prekarizazio garai hauetan Olentzero ere ez da opariak aurkitzeko gai. Eta koadrilako lagun ezkutua? Hori ere nahiz eta inori ez gustatu Euskal Herri osoan darabilgun estualdi deseroso eta arduratsua da. Eta hori gutxi balitz, irudikatu musikari bati oparia egin beharra. Bai, musikariak orokorrean ez dira oso pertsona normalak eta askotan ez gara ausartzen eurei musikaren inguruko ezer oparitzen. Disko bat erostearen ohitura bueltatuz doa, baina gehienetan bilduma osoak izaten dituzte, askotan argitaratu bezain pronto.

Musika instrumentuen bidean, kanpotik ikusita zenbait sintetizadorek edo efektu pedalek opari ona dirudite, baina prezio garestiak ikusita gauza asko ulertzen dira. Zergatik diren beti musikariak afariko txiroenak, besteek urte mordoa kotizatu duten bitartean, zergatik ez duen errondarik ordaintzen (nahiz eta kontzertuan doako edariak lagunekin partekatu, noski) edota zergatik etxebizitza partekatzen jarraitzen duen. Beraz, detaile merke eta benetan erabilgarri batzuk aipatuko ditut iradokizun bezala, bide batez zenbait nobedade gomendatu eta kontuan hartzen ez ditugun musikarien auziei buruz hausnartzeko, eta nola ez, Soinutopiatik beti lagungarri izango garelakoan. Eguberri on.

'partiturak' (Txaranga urretabizkaia)

Bizkaian eratutako txaranga berezia dugu Txaranga Urretabizkaia. Jende oso ezberdina, eragin eta musika mota ezberdinekin baina musika eta soinuarekin jolasteko gogo handiarekin. Haizezko instrumentuak erabiliz, txaranga eta musikaren ikuspegi fresko, ludiko eta didaktikoa dute. Kontzertuko espazioa (normalean kalea) eta momentua kontuan hartuz, aurretik konposatutako piezak jotzen dituzte. Bada, orain pieza horiek konposatzeko ariketak liburu batean bildu dituzte. Popurrit editorialak argitaratuta, 216 orrialdetan batu dituzte euren konposizio guztiak. Musika ulertzeko era bitxi eta dibertigarri bat eta musikariek beharrezko dituzten eta askotan ahazten diren oinarrizko kontzeptuei buruzko hausnarketak. Hau da, jolasa dirudien arren, oso serioa da eurengandik ikasi dezakeguna, edozein musika estilotan aplikatzekoa. Hala ere, dibertigarriena zuzenean ikustea da, prestatzen dituzten mozorro eta jolasekin. Beraz, liburua oparitu, baina zuzenekora ere gonbita egin!

Errez galtzen direnak

Musika egiteko inbertsio handia egin behar da materialean. Bateria batek edo piano batek hilabeteko soldata baino gehiago kosta dezake. Taldearekin entsea-tzeko lokalaren alokairua ere ez da gastu makala. Hala ere, musikariok badugu sen oso frikia, eta gustuko dugun gitarra, sintetizadore edo efektu pedala interneten fitxatuta izaten dugu, beraz, ezinezkoa da instrumentu batekin asmatzea, eta oparia egiteko aurrekontua asko garestituko du. Baina badaude egunerokoan erabiltzen direnak eta aldizkako gastua eskatzen dutenak: erraz galtzen diren horiek. Hau da, puak, gitarrarako zubitoa ("cejilla" gazteleraz), sokak, kableak€ Egunerokoan erabiltzen diren pieza txiki eta hauskorrak. Opari honekin ez zara txarto geratuko. Izan ere, oso musikari detailetsu gutxi dago, material guztia gaurkotuta eta ordenean izatea ez delako lan makala. Zin egingo dizuet, entsegu lokal askotan afinagailuak ere falta direla!

'Eskuak/Ukabilak' (Berri Txarrak)

Talde nafarrak azkenengo kontzertua aspaldi eman zuen, baina ez dira gelditu merchandising eta berrargitalpenak ateratzen. Aurtengo Durangoko Azokarako, Eskuak/Ukabilak diskotzarraren binilo edizioa argitaratu dute. 2001. urtean argitaratu zen Berri Txarraken hirugarren lana, eta belaunaldi horretan institutuan geunden askorentzat haien diskorik kuttunena. Laukote ziren oraindik, eta Kaki Arkarazorekin grabatu zuten 13 ereserkidun diskoa. Hasieratik eta bukaeraraino, kantu guztiek taldearen errepertorioan iraun dute. Oihu, Biziraun, Stereo edo titulua ematen dion Eskuak, zuzenekoetan ileak puntan jartzen zituena. O- raindik denbora zegoen gerora taldearen estiloa izango zena definitzeko, baina honetan taldearen osagairik garran-tzitsuenak ez dira falta: melodiak, soinu bortitzak eta letra zainduak. Gainera edizio berrirako tirada 666 adierazkorrera mugatu, diseinua berriztu eta urre koloreko biniloan prentsatu dute: harribitxia.

Haien musika erosi

Azkenengoa, ebidente eta garrantzitsuena, baina gutxien hedatutakoa: musika kontsumitu, bai fisikoki eta baita zuzenekoetan ere. Musikari gutxi bizi dira musikatik, baina horrek ez du esan nahi musika lana ez denik, guztiz kontrakoa baizik. Streamingak bultzatzen duen dohaineko garai hauetan, ahaztu egin zaigu diskoak ere erosi daitezkeela. Askotan, streaminga ordaintzeagatik aitzakia jartzen da diskorik ez erosteko. Akats galanta. Izan ere, Spotify edo Youtubek artistei ematen diena ez da batere duina, lapurreta ez deitzeagatik. Adibidez, Bandcampek hilean behin sarreren %100 ematen die artistei, plataformaren bat ordaintzekotan. Behintzat, diskoen eskaera eskasak artisten sormena bultzatu du, edizio fisiko zainduago eta bitxiagoak egiteko. Hau da, disko bat erostea ez da duela hogei urte erosten ziren CD kaxkar horietako bat erostea, baizik eta pieza esklusiboago bat. Gainera, zure lagun musikariak asko eskertuko du Olentzeroren lagun-tza, ea horrela behingoz gurasoei tupperrak eskatzeari utzi ahal dion...

noticias de noticiasdenavarra