Tren mota ezberdinak probatzeko eguna dut gaurkoa. Donostiatik Hendaiarako tartea bide estuko Euskotrenean egingo dut. Bertatik Bordelera TER motakoan eta Girondako hiriburutik Naoned-era Intercités azkarrean. TGVa eta Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoko lurrunezko trena hartzea besterik ez zait falta lurrari tinko lotutako bi burdinen gainean doazen tramankulu katalogo osoa ipurdi azpian sentitzeko.

Ez da ondoegi hasi baina nire tren dastaketa eguna. Donostiatik goizean goiz irten eta Bidasoa gurutzatu bezain laster, lurra panfletoz beterik ikusi dudanean nire planak kolokan jarri dira. Greba eguna dute Frantziako tren zerbitzuko langileek eta eguerdira arte ez dago Bordelerako trenik. Pazientzia landuz hasi beharko ditut oporrak hortaz.

Atzerapenak atzerapen, gustuko ditut trenak, besteak beste bizikletarekin konbinatzeko garraiobide ezin hobea delako. Bizikletaz alportxekin bidaiatzea maite duenari trenak leku urrunetara joateko aukera ematen dio, baita zorigaiztoko egun batean etapari iskin egiteko edo nire gustukoena, trafiko jasangaitzeko hiri erraldoietara estresik gabe ate handitik sartzeko. Zoritxarrez traba dezente egon ohi dira Pirinioen hego isurialdean, iparraldekoan ez bezala.

Horren jakitun da Magali, ile urdin oparoz hornitutako edadeko emakume sasoitsua. Bata bestearen parean gaude, bizikletak eskuartean, Hendaiako geltokian eguerdiko treneko ateak noiz irekiko zain. Bera bidaiari amaiera emango dion pausoaren tristura puntuaz, ni aldiz, oporrei hasiera emango dien txistua entzuteko irrikaz.

Behin bizikletak lotuta, eserlekuak parean suertatu zaizkigula ikustean, erraz hasi da elkarrizketa gure artean, betiko nondik zatoz, nora zoaz, zenbat kilometro, zenbat egun eta halakoekin.

Taldera batu zaigu motxilan erromes-maskor bat zintzilik duen ile motxeko emakumea, Lucie izenaz aurkeztu dena. Bidearen lehen orduan elkarrizketa bizia izan dugu, eurak txor-txor bere ama hizkuntzan eta ni nire frantses mugatu eta zakarrarekin noizean behin zalantzaz beteriko isilune eta barreak sortuz.

Santiago bidea egin berri duen Lucie, La Rochelletik hegoalderantz Vélodyssée bizikleta ibilbidea Hendaiaraino jarraitu duen Magali, eta Bretainia ezagutzeko asmoz nagoen ni neu, elkarrekin gustura egon gara egin berri dituzten eta aurrez eginiko bidaia kontuak gogora ekarriz.

Bordeleko Sain-Jean geltokian trenez aldatu beharra daukagu kanpoan euri zaparrada mardula bota eta bota ari duen bitartean. Zorionez beira eta altzairuzko Europako tren markesina handienaren aterpean, euria urruneko zarata bat besterik ez da. Nire lagun berriekin batera ziztu bizian eramango gaituen Intercités-a non dagoen jakitera hurbildu gara jendez gainezka dagoen geltokiko panel nagusira.

Madarikazio batzuk bota ditu Santiagorako erromesaldiaren espiritualtasuna pikutara bidali dituen bidaiakideak. Espero zitekeen bezala, gure trena atzeratu egin da. Auskalo zenbat denbora, 'Retard indertermine'.

"Bidaia bat etxeko atarira iristean amaitzen da, ez lehenago" hausnartu du erromes-maskorra motxila gainean bistan jarriz. Kafe bat hartzea erabaki dugu, berriketarekin jarraituz. Kafeinaren berpiztea sentitu bezain laster, erreleboka geltoki inguruan hankak luzatu eta ganbara aireztatzeko tartea hartu dugu, hiruretatik bat bi bizikleta alportxadun eta motxila mardula zaintzen dituen bitartean.

Azkenean badirudi gutxieneko tren zerbitzu bat egon badagoela, baina bertara sartzeko borroka ez da nolanahikoa, gutxiago bizikletak alboan izanda. Orain ordu gutxi batzuk elkar ezagutu berri dugun hirukotea, talde moduan aritu gara 'gure' txoko bat izan dezagun trenean. Bitxia eta polita da ikustea bidai baten harira, ezezagunen artean sortu daitekeen atxikimendu bizkorra.

Naonederako bidean gaude azkenerako, baina atzerapenak direla eta gauez iritsiko gara eta nire hasierako asmoa hankaz gora geratu da. Luciek bere erromesaldian ikasi duen bezala, "bakarrik bidaiatzean, asko jasotzen da ezezagunak zirenen eskutik", eta hau esanda bere etxera gonbidatu nau.

Tranbian bizikleta sartu (beste garraiobide bat tren katalogorako), bere senarraren kotxearen atzetik kilometro ba-tzuetan zehar ibili eta iritsi gara Lucieren etxera. A ze ezustea berea, eta nirea noski, bere lagunek ongi etorria egiteko 'Fest-noz' txiki bat etxean antolatua dutela ikustean.

Akordeoia eta biolina, ahots eztiez nahasturik, festa bretoi batean erdian murgildu naute ustekabean. Nire jatorriaz ohartzean, musikariak euren trebezia erakutsiz "Zazpi jauzi" jo eta dantzan jarri naute, orain dela denbora gutxi arrotza zen inguru hau, nire etxea bilakatuz.

Greba baten ondorioz errenka hasi den eguna, Asterix eta Obelix-en komikietan bezala afari-festa batekin amaitu da. Ea biharkoan, edabe magikoaren efektuak amaitzean, Bretainia edo Breizh gehiago ezagutzeko aukera dudan.