Jon Artano (Kazetaria)

"Euskal Herriko historia hurbila Euskal Herritik kanpo ere bilatu daiteke"

07.02.2022 | 16:45
Argazkian, Jon Artano Bogotan (Kolonbia).

Tene Mujika beka jaso berri, "Anderik ande" proiektua onduko du Jon Artanok, Amerika eta euskaldunen arteko harremanak aztertuz. Euskal Herritik bertara joandakoez eta handik etorritakoez idatziko du kazetariak

Otsailaren 11n abiatuko da Latinoamerikara Jon Artano (Zestoa, 1978). Tene Mujika beka jaso ostean, sei hilabeteko bidaia prestatu du kazetariak, Andeak "alderik alde" zeharkatuko ditu, eta bertan jasotakoak "kazetaritza-bidaia liburu" batean bilduko ditu. Asmoa hara joandako euskal herritarren istorioak aletzea du, baita egun Latinoamerikatik gurera migratu eta garbiketa eta zaintza lanetan aritzen diren emakume gazteenak ere.

Euskal Herriko historia hurbila Euskal Herritik kanpo ere bilatu daitekeela, horretaz konbentzitu duzu Tene Mujika bekako epaimahaia.

Euskal Herriko historia hurbila ikertu eta ezagutarazteko helburua du sariketa honek, ahalegin bat da euskal herritarrok gure historiaz jabetu gaitezen. Aurrez egindako lan gehientsuenak bertan egindakoak dira eta nire argudiaketan azpimarra egin nuen, historia hurbila Euskal Herrian ezezik atzerrian ere, hemendik urrun ere, bilatu daitekeela eta jorratu daitekeela, eta hori ere egin behar dela. Iruditzen zaidalako nahiz eta gure herritik urruti pasa, guretzat inportanteak diren gauzak kanpoan ere gertatzen direla.

"Anderik Ande" proiektuan Amerika eta euskaldunen arteko harremanak aztertuko dituzu. Bertan EiTBko korrespontsal aritu izanak harra utzi zizun?

Hiru urtez egon nintzen korrespontsal Latinoamerikan eta bueltan etorri nintzenean, harra hor zegoen. Ikusten nuen hainbat gai eta pertsona interesgarriak utzi nituela, asko landu gabe. Kazetaritza patxadatsuagoa egin nahi nuen proiektu honetarako. Banabil aurrelanak egiten, baina Anderik Ande izango da bidaia liburu bat.

Kazetaritza bidaia bat izango da, orain arte egin ditut elkarrizketa batzuk, baina horiek prestaketak dira. Nire bidaia Buenos Airesen hasiko da otsailaren 11n. Liburuaren ardatza Andeetan egindako bidaia hori izango da.

Korrespontsal lanetan jasotako esperientzia baliatuko duzu liburu hau idazteko?

Ez dakit nola, baina pentsatzen dut hor ikasitakoak baliagarri izango zaizkidala. Nik denbora gehiena Kolonbian eman nuen eta han baditut zenbait ate jotzeko eta kontaktuak, etab. Baina bidaia honetan zazpi herrialde pasatu behar ditut eta horietako hirura, Bolivia, Ekuador eta Perura, aurrenekoz iritsiko naiz. Nahiko "terra ignota" dira niretzat, liburuetatik eta irakurri dudanagatik ezagutzen ditut soilik.

Anderik ande, hitz joko gisa erabili dut, alderik alde. Punta batetik bestera, Andeak nahi ditut pasa, hegoaldeko muturretik Kariberaino. Ezagutzen ez ditudan leku dezentetan egongo naiz eta horietan denetan arituko naiz kazetaritza egiten, aurrez landutako pisten arrastoan edo han ezagutuko ditudan jendeak bide erakusle ditudala.

Lehenengo partean "Joandakoez" hitz egingo duzu.

Proiektuaren ernamuina euskal herritarrek han bizitakoak, egindakoak edo ikusitakoak biltzea izan zen: Argentina, Txile, Bolivia, Peru, Ekuador, Kolonbia eta Venezuelan.

Nik asmo batzuk ditut eta proiektuaren hastapenean nago, baina orain hasiko da bidaia, ikusiko dugu ea zer gertatzen den. Baina a priori iruditzen zait bidaian batik bat euskal herritarren kontuak jasoko ditudala eta gero osatu egingo dut bigarren errealitate batekin.

Bigarren atalean, ordea, "Etorritakoez" arituko zara.

Pentsatu nuen, nola egingo dut liburu hau, gaur egun bi eremu horiek batzen dituen fenomeno nabarmenena aipatu gabe? Eta hori handik honako migrazioa da.

Ez du izango aurreneko zatiaren pisua, osagarri izango da, baina begiratu nahi nioke horri ere, gure artean aukera bila, lanera, sarri asko geuk egin nahi ez ditugun garbiketa eta zaintza lanak egitera etortzen diren emakume horien errealitateari.

Zer du erakargarri Latinoamerikak zuretzat?

Iruditzen zait edonora begiratzen duzula oso bizirik dagoen errealitatean daudela, gurean baino askoz ere gordinago. Bizitzaren alor guztiak gordinago agertzen dira, zentzu denetan eta horrek lotu egiten du. Nik uste dut horregatik duela erakarpen indarra.

Ze formatutan irakurriko dugu "Anderik Ande"? Kazetaritza-bidaia liburua da?

Asmatuko diogu etiketa bat? Kazetaritza-bidaia liburuak balio al du? Zer iruditzen? Bidaia-liburua ez da ez bainoa nire abenturak kontatzen, kazetaritza egitera noa.

Gai eta protagonista mordoa dauzkat eta ia egunero aterako zaizkit pistak, batzuetan antzuak, beste batzuek ematen dute... Oso nabarra izango da, denetik izango du, klimak bezala; hasi izotzetik, hegoaldetik, eta Kariberaino. Pertsona eta istorioetan ere denetik dago eta iruditzen zait kontatzeko moduan ere horrela izango dela.

Kronikatik izango du, bidaia apunteak ere izango ditu, eta elkarrizketak, batzuk emango ditut bere horretan, baina baita zeharka ere, soslaiak ere bai, hemerotekara ere dezente joko dut, beste liburuetatik€ Koktela izango da, eltzean osagai mordoa jartzen dituzu eta horiek kozinatzen asmatu beharra dago.

noticias de noticiasdenavarra