Ez agian era oso kontziente batean, baina nerabezaroan hasi zen Edurne Azkarate aktore izateko aukeraz pentsatzen, bizi zuen uneak bultzatuta. Ikasten aritu da ordutik, eta lanak taularatzen. "Irati" filmean parte hartzeko aukera ere izan du
Hamaika saltsatan murgilduta ibili da Edurne Azkarate aktorea (Oion, Araba, 1993), eta hala dabil orain ere, tarteak hartzeko nahia ere baduela aitortu arren. Interpretazioa ikasi zuen, eta antzerkian egin zituen lehen pausoak. Nazioartean aritu izan da, baina argi du Euskal Herrian dagoen heinean euskarazko antzerkiaren alde egingo duela. Zinemaren munduan sartzeko aukera ere izan du, estreinatu gabe dagoen Paul Urkijok zuzendutako Irati filmean.
Lehen bakarrik estralurtarra nuen, baina ariketa bat egin nuen. Pentsatu nuen jarri beharko nukeela zer ikasi nuen, zerbaitetarako ikasi nuela-eta. Bada, profesionalizatze aldera-edo, jarri nituen. Baina hor kontua da ez dakidala noraino pertsonaia publikoa naizen-edo.
Lau urtez egon nintzen han ikasten, eta urtebete lanean. Oso gaizki ordaindua zegoen antzerki proiektu prekario bat eduki nuen. Enpresari bat zegoen gainetik, baina oso baliagarria egin zitzaidan esperientzia hori ikaspen bezala. Arlo pertsonalean ere asko ikasi nuen, eta ez bakarrik ogibideari buruz, baita bizitzari buruz ere. Ikasketa oso-osoa izan zen. Eta gerora suertatu zitzaidan aukera Poloniara joatekoa.
Guztia aldatu zen. Oroitzapen ona daukat, baina gogorra ere izan zen. Jende zoragarria ezagutu nuen, baina ikasketa profesionalago gisa, ogibidean edo aktore lanetan ahalduntze bat eman zidala esango nuke, antzerkia bizitzeko daukadan erarengatik eta Polonian bertan antzerkia kudeatzeko dagoen moduarengatik.
Hemen ez da batere ohikoa, baina Polonian antzoki bat zen nire lantokia. Egunero joaten nintzen bertara, eta hortaz bizi nintzen; ogibidea zen, ofizioa, egunez egun egitekoa. Hor ahaldundu nintzen, eta baita nire burua aktoretzat normalizatzen hasi ere, esanaz ez zela ezer berezia, baizik eta hori zela nire lana.
Pentsatzen dut txikitan banuela zerbait, banintzelako irudimentsua, dibertigarria eta drama zalea. Pertsona sentikorra naiz, gauzak oso muturreko bizitzen ditut, edo oso kontuan hartzen ditut, eta, agian, horrek lagundu nau.
Atzera begiratuta, seguru aski nerabezaroan hasi nintzen honetan pentsatzen, agian, gaizki pasatzen ari nintzen garai luze bati erantzun bat eman nahian: beste bizitza batzuk bizi nahian, erabaki nuen bizitza asko bizitzeko aukera bat emango zidan ogibide bat aukeratzea.
Bullynga jasan nuen urte batzuetan, eta pentsatzen dut fantasia asko proiektatzen nituela fikzioan, beste pertsona batzuk izatea nolakoa izango litzatekeen, baina nire baitatik, niregandik. Ordutik, ikasten aritu naiz, formatzen eta ogibidea ezagutzen.
Poloniako etapa amaitzean Euskal Herrira itzultzea erabaki nuen. EITBrekin izan nituen lan batzuk, baina nire lehenengo euskarazko antzerki lana Kaffka izan zen, Kamikaz kolektiboarekin. Artedramaren ikastaroetan ere egon nintzen, Aulestin (Bizkaia), eta hor jende pila bat ezagutu nuen, eta, noski, [Ander] Lipus. Horrek ahalbidetu zuen nik Zaldi Urdina egitea, eta hor hasi zen pixka bat eromen hau ere. Aldi berean, balio izan zidan euskal antzerkiaren panorama ikusteko, eta sortzaileak ezagutzeko.
Egia da hutsetik hasita banuela beldur pixka bat zer egiten ote zen, edo nola ote zegoen saretuta mundu guztia. Ni ere gazteagoa nintzen, eta banenbilen ulertu nahian euskal antzerkigintza bera. Baina deigarriena iruditu zitzaidana akaso Miss Karaoke antzerkia izan zen.
Enamoratu ninduen. Topatu nuen euskarazko antzerki mota bat, garaikidea zena eta postdramatismoarekin erlazionatua, asko gustatzen zaizkidan kode batzuk esploratzen zituena, eta baita gaitegia bera ere. Egin nuen horri buruz ikerketa akademiko bat ere, eta ohartu nintzen zeinen gutxi ikertu izan den euskal antzerkigintza. Nahi nuen ekarpen bat egin.
Ez dut gehiegi hausnartu ere. Berriro Poloniara joan behar banaiz, edo beste proiektu interesgarri bat eskaintzen badidate beste hizkuntza batean, gustura egingo dut, baina hemen nagoen bitartean eta euskalduna naizen heinean, oinarrian jarri dut egingo dudan antzerkia euskarazkoa izango dela, horrela nahi dudalako bizi, lan egin eta sortu.
Gure belaunaldiko batzuk batu ginen, eta hasi ginen gure poetikak esploratzen, gure gaitegiak, euskal kulturari beste ale bat jartzen. Izan ere, ondo dago eta asko ikasten dugu gu baino esperientzia gehiago daukaten konpainiekin eta beraientzako lanean, baina, eta hein batean horrek bultzatuta ere, pentsatu genuen publikoa zabaltzea. Horiek beraiena duten bezala, oro har beraien adinkideak, guk ere sortu nahi genuen gurea, guztiontzat izango delako onuragarria.
Bai, jarri ditugu oinarri batzuk, eta hor badaude poetika berriak arakatzea, lana esperimentala izatea, eta, areago, gure iruditegi edo poetika batekin piezak sinatu ahal izatea; ikerketa eszenikoari lekua eman nahi genion, eta bide horretan nahi genuen egiazko zerbait egitea, guretik hastea ibilbidea eta umilak izatea. Gugandik hasi ginen, eta jolastoki bat sortu genuen gure belaunaldi zabala oso antolatua sentituko zena.
Besteak beste, konturatu gara erreferenteak oso zabalak direla. Esate baterako, Bomba abestiak lehen hezkuntzan harrapatu ninduen, baina, agian, orain umearen eskolako guraso elkartean dagoen bati unibertsitatean. Eta, halako batean, hor bada adin tarte oso zabal bat non konektatzen den iruditegi oso mainstream batean.
Esaten digute gazteak garela, gazte antzerkia dela, baina ez. Horri buruzko da, baina helduentzako antzerkia egiten dugu, profesionalizatzen eta egituratzen gara; beraz, utzi liga horretan jokatzen.
Ez dugu zuen seme-alabak izan nahi denbora guztian, nahi dugu helduentzako antzerkia egin, mesedez. Ez da hain bitxia bizitza eta mundua. Planeta berdinean bizi gara, eta batik bat euskaldunak bagara, erreferentziak oso gertu ditugu elkarrengandik. Guk ere nahi dugu erretratu bat egin, panorama nola dagoen plazaratu.
Nire lehenengo zuzendaritza lana izan da. Kolektibo honen babesean animatu nintzen egitera. Dena egiten dugu modu oso horizontalean, eta ardurak banatzerako eta rolak esleitzerako orduan hau egitea hautatu nuen. Baina dena egiten dugu hirurok, guztion sorkuntza lan bat da.
Nire lana izan zen pixka bat zeukatena antolatzea, eta nire jakintzatik laguntzea, baina edukia beraiena da. Testuak edo bertsoak oso landuak daude, zoragarriak dira eta kalitate oso altukoak; ezingo nuke esan nik hori sortu edo idatzi dudanik. Zoragarriak dira, eta pila bat ikasten dut beraiekin.
Nire ikuspuntutik, egurra banatzera datoz. Oso argi dituzte gauzak, eta oso inteligenteak dira. Ekartzen dituzte lurrera beraiek zeharkatzen dituzte kontuak, eta oso neurtua dute zeri buruz den legitimoa beraiek hitz egitea eta zeri buruz ez. Eta duten umorea ere nabarmenduko nuke. Hausnartzekoa da, sakona, baina badago kontatzeko era bat agian zapalkuntza gisa bizitzen duten horri barre egitea dena. Ikusi!
Bai, eta aldaketa handia izan zen. Zinemaren munduak beldurtu zaitzake, baina eskertua nago hau egiteko aukera izan dudalako lasai eta ganoraz, lanean eta nire burua hor kokatzen. Gainera, ekipo osoa geunden talde lan batean, istorioa kontatu nahi genuen, eta ezin hobea izan da esperientzia.
Proiektuaren arabera, baina bai. Zinema lengoaia eta ogibide bezala gustuko dut, eta banuen gogoa probatzeko, nire burua bertan ikusten dudan jakiteko.
Nerea Torrijosek zuzendutako laburmetrai batean hartu dut parte oraintsu, eta pozik gelditu gara. Baina nire erronkarik handiena nire buruarekin lasaiago bizitzea da, hau guztia ulertzen ikastea, tarteak hartzea eta bizitza orekatzea. Eta nahiago dut ez gehiegi pentsatu etorkizunean. Nire jarduna da datorren hori ahalik eta ondoen kokatzea nigan.
Lo último |