beasain - Urte amaierarekin batera etorri dira Beasainera aurtengo Kirol Sariak eta haien irabazleen izenak ezagutzeko unea. Igartzako jauregia jendez beteta zela egin zuten sari banaketa, urtea amaitzeko lau egun eskas falta zirela.

Beasaingo Udalak 2016az geroztik antolatzen duen ekitaldia da, Beasaingo edo Beasainen kirol alorreko jarduera bultzatzen, sustatzen edota emaitzetan nabarmendu diren pertsonen eta erakundeen aipamen berezia egitea eta jende aurreko aitortza eta esker ona adierazteko helburuz. Hala, sari hauen bidez, Beasaingo kirolaren alde, edozein norbanako edo elkartek egindako lana jendaurrean balioan jartzeko balio izan du.

Beasaindarrak izan dira hautagaien izenak proposatu dituztenak joan den hilabeteetan, eta hauek mahai gainean jarritako izenak eta merituak aztertu ondoren, epaimahaiak bere erabakia eman zuen ezagutzera. Emakumezko kirolariaren edo kirol taldearen saria Realeko Ane Etxezarreta futbolariak eraman du, eta gizonezkoena, berriz, Eneko Elosegi Ironman probetako atletak. 2018ko kirol jardunaldiaren saria, abenduaren 15ean eta 16an leku hartu zuen Beasaingo Motor Asteburuak eta Erauskin Igoerarentzat izan ziren; erakunde babeslearen saria, aldiz, Hine enpresarentzat izan zen.

Aipamen berezientzako ere izan zen tartea aurtengoan. Guztira hamaika izan dira izendapenak: errugbiarekin lotuta, hiru: Ander Alberdi eta Ihin-tza Lekuona errugbilariak, eta iaz Euskadiko txapelketa irabazi zuen 16 urte azpikoen taldeko errugbilari beasaindarrak. Horiez gain, Amaiur Mariezkurrena igerilaria, BKL saskibaloi taldeko Infantil Handi mutilen taldea, motorretan dabiltzan Maitane eta Ekain Aizpurua, Beñat Garmendia pilotaria, Beñat Turrientes futbolaria, Txindokira igotzen errekor berria jarri duen Aitor Garmendia korrikalaria, Euskal Herriko mendi duatloi zirkuitua irabazi duen Trigoi mendi duatloi taldea eta Octavian Mihail Romanescu atleta ere sarituak izan ziren. Bestalde, maiatzean hil zen Iñaki Mujika Arrittak ere aipamen berezia jaso zuen.

Bestalde, Beasaingo Kirolaren Udal Fundazioak erabakita, Kirol Ibilbideari Ohorezko Saria jaso zuen 91. Loinatz Klasikak eta Ohorezko Beasain Udal Saria, aldiz, Aritz Elustondo Errealeko futbolariarentzat izan zen. Ezkutuan ere bazegoen sari bat eta hori Beasaingo Kirol Sari Nagusia izan zen. Aurrez saria jasotako guztien artean batek eramaten du ohorezko aipamen berezi hau eta ekitaldian, amaieran jakinarazi zuten aurtengo saritua nor izan den. Aritz Elustondo izan zen gutun azala irekitzeaz arduratu zena, eta barruan Eneko Elosegiren izena zekarren. Bera da, beraz, beste sarituekin batera, Beasaingo izena kirol munduan barrena 2018. urtean ahalik eta urrunen eraman duena.